Asier Mendizabal eta Juan Perez Agirregoikoa artistek Sao Pauloko Bienalean parte hartuko dabe

Bizkaie! 2014-06-12 14:13   Kulturea

Irailaren 6an zabalduko dan 31. Sao Pauloko Bienalak artista euskaldun bi izango dira, Asier Mendizabal ordiziarra eta Juan Perez Agirregoikoa donostiarra. Como falar de coisas que não existem lelopean Bienalak banakako sortzaileak, artista taldeak, arkitektoak, antzerki taldeak , koreografoak eta soziologoak hartuko ditu.

Irailaren 6an zabalduko dan 31. Sao Pauloko Bienalak artista euskaldun bi izango dira, Asier Mendizabal ordiziarra eta Juan Perez Agirregoikoa donostiarra. Como falar de coisas que não existem lelopean Bienalak banakako sortzaileak, artista taldeak, arkitektoak, antzerki taldeak , koreografoak eta soziologoak hartuko ditu, existiduten ez diran gauzei buruz gogoeta egiteko, euren hanean zelan egin berba, zelan bizi eurekaz, zelan egin burrukan euren kontra eta abar.

Charles Esche, Galit Eilat, Nuria Enguita Mayo, Pablo Lafuente eta Oren Sagiv adituek osotu dabe talde kuratoriala, Benjamin Seroussiren eta Luiza Proençaren lankidetzegaz. Bienala berezia izango da aurten, Cicilio Matarazzo Pabiloian egingo da eta, ha sortu eban Oscar Niemeyer arkitekto ospetsua 2012an hil zanetik lehenengo aldiz.

Asier Mendizabalek Hard Edge, Hard Edge (2010) moduko bere azkenengo eskultura-lanaren bideari segiduz, 31. Bienalerako egindako lanaren bitartez Jorge Oteiza artistaren eskultura-egitasmoa eta ideak arte garaikidearen testuinguruan modu kritikoan berrezarri nahi ditu. Oteizak 1930. eta 1960. urteen artean Latinoamerikan egin eban lana garrantzi handikoa izan zan, askorik aztertu ez bada be.

Mendizabalek Bienalaren pabiloiaren hainbat lekutan ipiniko ditu eskulturak; guztiak 1960. urtean Oteizak Cesar Vallejo poeta peruarrari Liman eskaini eutson monumentua izango dabe oinarri. Obra honeek amaituta edo amaitu barik dagoan eskulturearen itxurearen bersinoak izango dira, danak abstraktuak, jatorrizko monumentua moduan.

Pier Paolo Pasolinik 1964. urtean zuzendu eban Ebangelioa San Mateoren arabera pelikuleak, Biblian oinarrituta egoanak, ez zituan jaso idatzita dagozan hainbat pasarte. Pasarteok -inbertitzailea saritu eta enpresa mailan porrot egiten dauena zigortzen dauen parabola, berbarako- mendebaldeko kapitalismoaren diskursoaren funtsa osotzen dabe, Juan Perez Agirregoikoaren arabera. Horri erantzuna emon nahian, egileak Bienalerako sortu dauen proposamena Ebangelioa San Mateoren arabera pelikulan oinarritutako filmea da. Sao Paulo uriko kanpoaldean grabau dau.


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu