Filmazpit programea sustatzeko hitzarmena sinatu dabe Zineuskadik eta Donostia Kulturak

Bizkaie! 2014-06-13 10:45   Barriak

Zineuskadi alkarteak eta Donostia Kulturak lankidetza hitzarmena sinatu dabe Filmazpit 2014 programea antolatu eta garatu ahal izateko lan esparru bat sortzeko helburuagaz. Programaren helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) euskerazko azpitituluak dituen filmen emonaldiak ahalbidetzea.

Zineuskadi alkarteak eta Donostia Kulturak lankidetza hitzarmena sinatu dabe Filmazpit 2014 programea antolatu eta garatu ahal izateko lan esparru bat sortzeko helburuagaz. Programaren helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) euskerazko azpitituluak dituen filmen emonaldiak ahalbidetzea.

Clara Montero Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak azaldu ditu lankidetza hitzarmenaren zehetasunak, Donostian. Beragaz batera izan dira Donostiako Udaleko Kultura zuzendari Nerea Txapartegi, Donostia Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos eta Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandez.

Filmazpit 2011n jaio zan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen diru-laguntzinoagaz, kalidadezko zinemea bultzatzeko jatorrizko hizkuntzan eta euskerazko azpitituluakaz. Orduan, Donostia Zinemaldia Soziedadea, Euskadiko Filmategia Fundazinoa eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroa izan ziran Donostia Kulturak kudeatzen dauen programearen laguntzaileak. Gainera, 2014tik aurrera Zineuskadiren babesa jasoko dau Filmazpitek.

Filmen katalogoa osotzeko, Euskadi zein Estaduko zinemaldi nagusietan emoten diran filmen jarraipena egiten da, bai eta batez be banatzaile independenteek kaleratzen daben material guztiarena be. Pelikula programarentzako interesgarria edo aproposa bada proiektetako eskubideak erosi eta filma euskeraz azpitituletea aurreikusten dau Filmazpitek ondoren eragile kulturalei kostu barik eskaini ahal izateko.

Donostia Zinemaldiak, bere aldetik, urtero hamar bat filmen azpitituluak berreskuratzen ditu Filmazpiten datu basean sartzeko. Era berean, tarteka, euskeraz azpititulautako pelikulen DVDen kopiak eskaintzen ditu, proiektau daitezen. Euskadiko Filmategiaren lankidetzeagaz, banaketea amaitu ondoren filmen kopia digitalak jaso eta bertako fitxategietan gordetea ahalbidetzen da.

Eusko Jaurlaritzeak Zineuskadi alkartearen bidez, 40.000 euro bideratuko ditu Filmazpit programea garatzen laguntzeko, bai eta lankidetza esparruaren barruan egokitzat eta beharrezkotzat joten diran jarduera guztietarako be.


Katalogoa

Zirkuitu ez komertzialaren esparrua jorratu nahi dau Filmazpit programeak, zinema heldua, gizartearen interesekoa neurri handi batean eta, kasuak kasu, eztabaida sortzailea, nahiz eta zenbait salbuespen badiran. Filmazpiteko katalogoak 30 titulu inguru jasoten ditu egun.

Holan, 2011n, Armadillo (Danimarka, 2010), Izurria (AEB, 2009), Pink Saris (India/Erresuma Batua, 2010), Hesolen Lurraldea (AEB, 2010), Nire auzolaguna, nire hiltzailea (AEB, 2009) eta 2009ko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldian emondako film laburren bildumea kaleratu ziran.

2012an, Jainkoa bidaian joan zen eguna (Frantzia/Belgika, 2009), Lilja 4-Ever (Suedia, 2002), Cirkus Columbia (Bosnia-Herzegovina, Frantzia, Erresuma Batua, Eslovenia, Belgika), Next Music Station bildumako sei atal (Qatar/Euskal Herria, 2011), Skateistan (Alemania, 2011), 2012ko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldian emondako film laburren bildumea eta Murderball (AEB, 2005) ikusi ahal izan ziran euskerazko azpitituluakaz.

2013an, Horma artean (Frantzia, 2008), Shock doktrina (Erresuma Batua, 2009), Dantza (Frantzia/AEB, 2009), Poesia (Hego Korea, 2010), Emakumea film laburrean bilduma, Fènix 11*23 (Espainia, 2012) eta No More Tour (Euskal Herria, 2013) filmen txandea izan zan.

Azkenik, 2014an, oraingoz, Cockneys vs Zombies (Erresuma Batua, 2012), Hannah Arendt (Alemania/Luxemburg/Frantzia, 2012), Kapitala (Frantzia, 2012) eta Gazako zerria (Frantzia/Alemania/Belgika, 2011) sartu dira Filmazpiten katalogoan.

Datozen hileotan Tous cobayes (Frantzia, 2012), Omar (Palestina, 2013), Koaderno handia (Hungaria, 2013), Gabrielle (Canada, 2013) eta migrazinoen inguruko film laburren bilduma batek argia ikusiko dabe.

www.filmazpit.eu webguneak programearen katalogo osoa jasoten dau. Atari horretan, gainera, proiektuan parte hartzen daben eragileek euskeraz azpititulautako filmen azpidatziak erabiltzaileen eskura jarten ditue. Holan, Donostia Zinemaldiak azken urteetan azpititulautako filmen azpidatziak edo Donostia Kulturako ziklo eta zinemaldietarako prestautakoak jasoten ditu webguneak. Egun 100 bat azpititulu topau daitekez datu base honetan.


Proiekzinoak

Programea abiarazo zanetik 170 emonaldi baino gehiago antolatu dira, urtez urte geroz eta gehiago, eta proiekzino horreetara guztietara 5.000 ikusle inguru hurreratu dira.

Lurraldeei begira, Gipuzkoako 22 herritan emon da inoiz Filmazpiteko pelikularik; Bizkaian hamar herritan emon dira, eta Araban hirutan. Gainera, Nafarroara eta Iparraldera be heldu da Filmazpit. Herrialde gehienetan emonaldi puntualak antolatzen dira, baina badira batzuk programazino erregular bat segiduten dabenak, esaterako, Berriz, Donostia, Gasteiz, Ormaiztegi edo Tolosak.

Udal, euskaltegi eta alkarteakaz egindako lanaz aparte, hainbat jaialditan izan da Filmazpiten presentzia, besteak beste, Dock of the Bay, Giza Eskubideen Zinemaldia edo Rencontres sur les Docks (Baiona) jaialdietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu