Bertsolaritzearen ganeko doktore-tesi bat egiteko ikerketa-kontratu deialdia zabalik

Bizkaie! 2014-06-13 12:22   Bertsolaritzea

Ikerketa-kontratuaren helburu nagusia bertsolaritzearen ganeko ikerketa zientifikoa bultzatzea da. Mintzola Fundazinoaren eta EHUren euskera eta ikerkuntza errektoreordetzen zein Mikel Laboa Katedrearen arteko lankidetzeari esker sortu da. Eskariak aurkezteko azken eguna irailaren 12a izango da.

Ikerketa-kontratuaren helburu nagusia bertsolaritzearen ganeko ikerketa zientifikoa bultzatzea da. Mintzola Fundazinoaren eta Euskal Herriko Unibersidadearen euskera eta ikerkuntza errektoreordetzen zein Mikel Laboa Katedrearen arteko lankidetzeari esker sortu da. Eskariak aurkezteko azken eguna irailaren 12a izango da.

Atzo aurkeztu eben Amasa-Villabonan, Mintzola Fundazinoaren egoitzan, bertsolaritzea ikertzeko kontratu deialdia. Bertan izan dira: Beñat Gaztelumendi, Mintzola Fundazinoko patronatu kidea eta Ikerkuntza arduraduna; Juan Kruz Igerabide, Mikel Laboa Katedrearen zuzendaria eta Xabier Etxaniz, EHUko Euskerearen Arloko errektoreordea eta Mintzola Fundazinoko patronatu kidea.

Beñat Gaztelumendiren berbetan, bertsolaritzea ikertzea da Mintzola Fundazinoaren egiteko nagusia eta norabide horretan, bertsolaritzea munduko eta Euskal Herri osoko ehundik gora bertsozale, eragile eta adituakaz Ikerketa Ekintza Parte-Hartzaile (IEPH) prozesu bat gauzatu eban Bertsozale Alkarteak, 2011 eta 2012 urteetan zehar. Prozesu horretan emoitza legez, ikerlerro edo ikergai zerrenda bat lehenetsi zan.

Bestalde, EHUko Mikel Laboa Katedreak zereginen artean dau artearen eta folklorearen adierazpenei buruzko zein euskal artisten obreari buruzko doktore-tesiak sustatzea eta, bertsolaritzeari (musikari eta jantzeari lez), arreta berezia eskaintzen deutso.

Hau guztia kontuan izanik, alkarlanean, bertsolaritzearen ikerkuntzea sustatu asmoz, lehenengo ikerketa-kontratua esleitu zan igaz. Miren Artetxe bertsolaritzearen transmisinoari buruzko ikerketa lan bat egiten dago egun: Bertsolaritzearen transmisinoa eta euskerearen gune sinbolikoaren sendotzea. Ipar Euskal Herriko gazteen hizkuntz identidade eta portaerak ikerketa proiektua hain zuzen be.

Juan Kruz Igerabiden esanetan, antropologia ikuspegia aukeratu dau Artetxek baina hainbat alorretako ikerketak gauza daitekez.

Aurtengo deialdian doktoregaiak hautatuko dau zein ikuspegitatik aztertuko dauen bertsolaritzea baina epaimahaiak kontuan izango ditu Bertsolaritzearen Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako iker-lerroak.

Aukeratutakoak doktorego aurreko urte beteko kontratu bat lortuko dau, beste hiru urtez luzatzeko modukoa.

Eskariak aurkezteko epea 2014ko irailaren 12an amaituko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu