WOPeak ekimenak Paiju Peak, Jannu eta Cho Oyu mendietara eroango ditu Iñurrategi, Zabalza eta Vallejo

Bizkaie! 2014-06-17 18:36

Mendia, jarduera alpinoa, izan ziran WOP Fundazinoaren lehenengo pausuen abiapuntua, 2010ean. Eta mugarriz mugarri, beste erronka bati ekitekotan dabilz. Gaur aurkeztu dabe Bilbon WOPeak egitasmoa, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendizaleak Paiju Peak, Jannu eta Cho Oyu mendi ezagunetara eroango dituan ekimena

Mendia, jarduera alpinoa, izan ziran WOP Fundazinoaren lehenengo pausuen abiapuntua, 2010ean. Eta mugarriz mugarri, beste erronka bati ekitekotan dabilz. Gaur aurkeztu dabe Bilbon WOPeak egitasmoa, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendizaleak Paiju Peak, Jannu eta Cho Oyu mendi ezagunetara eroango dituan ekimena.

Hasieran, pausuz pausu zortzi gailur igotea zan erronkea, ekinaldi bakotxari mila metroz gehituz, hasteko, mila metroko mendia, gero bi milakoa… Harik eta zortzimilako tontorrera ailegau arte, baina bidean hiru alpinista topau ditu egitasmoak. Horrela sortu zan WOPeak goi-mailako alpinismo proiektua.

Kirol-bikaintasuna eta mendiari lotutako baloreak buztartzea da egitasmoaren helburua eta filosofia. Gorputz-arima gure onena emotera behartuko gaituen mendietara joatea eta une ahaztezinak bizi ahal izatea, hori da gure amesa, azaldu dabe mendizaleek. Basque Team, BBK, EDP, Turkish Airlines eta Surne erakunde eta enpresek babestu dabe ekimena.

Zortzi gailur igotea zan hasierako asmoa, Gorbeian (1.418 m) hasita. Horrela egin eban 2010eko garagarrilean, eta ostean ondoko mendietara heldu ziran: Hiru Erregeen Mahaia (2.428 m), Taillon (3.144 m), Copacollo sumendia (4.835 m), Nido de Condores (5.570 m) eta Aconcagua (6.960 m).

Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak goranzko bide horregaz segidu gura dabe, eta hiru pausu honeek egiteko prest dagoz: Paiju Peak (6.610 m), Jannu (7.710 m) eta Cho Oyu (8.201 m). Hiru eskaladak bat datoz hiru alpinistek orain arteko espedizino guztietan izan daben filosofiagaz: bide barriak edo gitxitan egindakoak, zailtasun teknikoa eta erabateko autonomia. Mendizaletasunaren balioak oinarri hartuta, gure jarduerearen barri emoteko eta zabaltzeko hurrengo pausua da WOPeak. Alpinismoak eta sokakide honeek ondo gorpuzten dabe WOP mezua. Nahiz eta gailurrera heltzea ezinezkoa begitandu, pausuak emoten segiduko dogu deskantsu barik; aurrera egiteko, lanean gogor segiduteko eta talde-lanean jarduteko, gaixotasun neurodegeneratiboen kontrako gure borrokan, azaldu dau Mikel Renteriak, WOP Fundazinoaren sortzaileak.


Lehenengo helburua: Paiju Peak

Hiru mendizaleak astelehenean, bagilak 23, abiatuko dira Paiju Peak mendirantz. Mendi honen pilare gatxenetik igoten ahaleginduko dira, igaz bertan behera itxi behar izan eben bidea barriro egiteko asmoz. Orain urtebete, eguraldi eskasa euki eben, oraingoan orduan hasitako amaitzeko ahalegina egingo dabe.

Paiju Peak ez da mendi erraza. Hormearen azpialdera oinez barik eskalauz ailegauko dira, eta hortik aurrera be eskaletan segidu beharko dabe, beti be 5.000 metrotik gora. Hamar bat egun beharko ditue. Hiru euskal alpinistek kameralari bat izango dabe bidelagun, Durangoko Bideografik produkzino-etxeagaz lortutako akordioari esker. David Maeztu arduratuko da filmazinoaz, hain zuzen be.

Paiju Peaken ostean, beste hitzordu bi ditue Vallejok, Iñurrategik eta Zabalzak: Jannuren (7.710 m) hego aurpegia, 2015eko udabarrian, eta Cho Oyu (8.201 m), urte bereko udagoienean.

Alberto Iñurrategi (Aretxabaleta, 1968) euskal alpinimsoaren ikurretako bat da. 2000. urtean, Gasherbrum II tontorretik behera Felix anaia eta betiko sokalaguna galdu eban. 14 zortzimilakoak igoten alpinista gazteena izan zan, handik urte bira.

Juan Vallejoren (Gasteiz, 1970) aita, Angel, 1970eko hamarkadan Everestera egin ziran lehenengo espedizinoetako kidea izan zan. Goi-mendietako bide horretan, 14 zortzimilakoetatik bederatzi igon ditu, baina beti eutsi deutso hatxetako eta izotzeko eskaladeari. Patagoniatik Himalayara, mundu osoko horma garrantzitsuenak eskalau ditu.

Mikel Zabalza (Iruñea, 1970) Etxauriko hormetan ei dauka bigarren etxea. Makinatxu bat bide zabaldu ditu. Alpinista Gazteen Espainiako Taldearen zuzendaria da.


The Walk On Project (WOP) fundazino-enpresa bat da, eta enpresa-jarduerako hainbat arlotan egiten dau lan: musika-sustapenean, gaitasun bereziak dituen personentzako injinerutzan, kirolean, hezkuntzan, ekitaldi berezien antolaketan… Enpresa-jarduera horren etekin guztia gaixotasun neurodegeneratiboen kontrako burrokan inbertiduten dau fundazinoak, WOP Funding programearen bidez. Gaixotasun horreek osatzeko terapiak ikertzen dituen proiektu zientifikoak diruz laguntzen ditu programeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu