Postontziko Arratia

Bizkaie! 2014-06-18 12:37

XX. mendearen lehen erdian argitaratu ziran Arratiari buruzko posta-txartelak batu ditu Jon Urutxurtu zeanuriztarrak Arratia posta txartelean liburuan. Egileak dinoanez, garai bateko bizitza ezagutzeko leiho izan daitekez irudi honeek. Barikuan, bagilak 20, Igorreko Lasarte aretoan aurkeztuko dabe, 20:00etan.

XX. mendearen lehen erdian argitaratu ziran Arratiari buruzko posta-txartelak batu ditu Jon Urutxurtu zeanuriztarrak Arratia posta txartelean liburuan. Egileak dinoanez, garai bateko bizitza ezagutzeko leiho izan daitekez irudi honeek. Barikuan, bagilak 20, Igorreko Lasarte aretoan aurkeztuko dabe, 20:00etan.

Orain dala denpora gitxira arte jazoten zanaren aldean, gaur egun postontziak erdi hutsik dagoz. Internet, irrati, telebista… bidez heltzen da orain mundua gure atariraino. Baina, sasoi batean, posta-txartelei esker ezagutzen ziran munduko txokoak. XIX. mendearen amaierarantz hasi ziran indarra hartzen, eta turismoa indarra hartzen joan ahala zabaldu egin zan txartelok batzeko zaletasuna.

Arratia posta txartelean izenburupean argitaratzen diran posta-txartel gehienak liburuaren egileak azkenengo 15 urteotan batutakoak dira. Badagoz batzuk bere bilduma partikularrekoak ez diranak, lan honetarako beste bildumazale batzuek itxitakoak. Egileak dinoanez, Arratia eta arratiarren irudiak azaltzen diran posta-txartelak batzea izan da lanaren helburua, modu horretan Arratiako ondare historikoaren atal bat berreskuratzeko eta ezagutzera emoteko.

Danetara, 89 posta-txartel jaso ditu liburuan, Urutxurtuk hasiera batean pentsaten ebana baino askoz gehiago. Sarritan, Arratia lehenaldiari lotutako parajetzat hartu da, Bizkaia zaharkituaren paradigmatzat. Jazoera horrek pentsarazo leike posta-txartel ilustrauak argitaratu ziran lehenengo urteetan —XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran— ez ebala erakarriko editoreen arretea. Lan honetan azaltzen dan kopurua kontuan hartuz, bistakoa da hori ez zala holan izan.

Dana dala, helburu nagusia Arratiari buruz argitaratu diran posta-txartel klasikoak —izenburua edota editorea, inprimatzailea eta argazkilaria idatzita daroenak— batzea izan bada be, egileak ez ditu ahaztu argazki posta-txartelak, argazkilari batzuek txartelen papelean errebeletan zituen erretratuak, postaz bialdu ahal ziranak: aurrealdean argazkia daroe eta atzealdean Post Card, Tarjeta Postal, Carte Postale izenburua inprimiduta, edo helbidea idazteko eta zigilua ipinteko lekua. Argitalpen honetan, lekukotasun lez zortzi adibide dagoz, Urutxurturen eretxiz hainbat izango dira gure etxeetako bildumetan gordeta edo ahaztuta egongo diranak eta horreek hurrengo lan baten helburua izan daitekez.

Arratia eta arratiarrei buruzko posta txartelak argitaratu zituenen artean, zenbait enpresa zein partikular dagoz eta horreen artean honako honeek identifikau dira: Felipe Manterola, Foto Lux, L. G. Bilbao, Librería E. Verdes, Librería Villar, Artes Gráficas Lerchundi S. A., P. Ortiz, Seminario Menor de Ntra. Sra. De Begoña, Areatzako bainuetxea, Bizkaiko Foru Aldundia, Museo de las Guerras, Landáburu Hermanas eta L. Roisin. Editoretzat hartu geinkez Indalecio Ojanguren eta Durangoko Foto Sol argazki dendea be, eurek editautako bi argazki-posta txartel batzen baitira.


Felipe Manterola: argazkilari eta editore arratiarra

Editore horreen guztien artean, aitamen berezia merezidu dau Felipe Manterolak (Zeanuri, 1885-1977), alde batetik arratiarra izateagaitik, eta bestetik, berak editau zituan posta-txartelen balio etnografikoagaitik. Jaiotzez zeanuriztarra zan eta bere herrian bizi izan zan beti. Felipe argazkilari handia be izan zan, eta zaletasun hori bizibide egundo hartu ez baeban be, aldian aldiko diru-iturri bihurtu eban. Antza danez, lehenengo argazkia 1904. urtean egin eban, hemezortzi urte zituala, eta ordutik aurrera, 1936ko gerrea hasi arte, mila argazkitik gora egin zituan.

Manterolaren irudietan agiri dana gehienbat honako gai honeetara mugatzen da: paisajeak eta lagunak, herriko lanbideak eta jazoerak XX. mendearen lehen hiru hamarkadetan. Eta lan horreetan guztietan argi eta garbi azaltzen da bere jaioterriagaz, Zeanurigaz, eukan lotura handia.

XX. mendeko bigarren hamarkadan posta-txartelen bildumak editau zituan, berak egindako argazkiak erabiliz. Batzuk Alemanian argitaratu ziran, beste batzuk Frantzian eta Bilbon. Azken uri honetan Foto Lux etxeak prestau zituan. Felipe Manterolaren hamar txartel dagoz liburu honetan. Hamar posta txartelek aurrealdearen oinean euskeraz idatzitako testua daukie, azaltzen dan argazkiaren gaiari izenburua ipiniz: Eusko-lugin lanak (lau posta txarteletan), Eusko-artaldea, Igande arratzaldea, Bola-tokia, Eusko-etxartea, Eusko-basartea, Zeanuriko-txadona. Atzealdean egilearen eta herriaren izenak aitatzen dira: Felipe de Manterola — Ceánuri.

Nabarmentzeko modukoa da Gráficas Lerchundi Bilboko etxeak, 1944an editau eta inprimidu eban hamar posta-txartelez osotzen dan bildumea. Serie A. Arratia. Vizcaya izenburua daroan gutun-azal batean argitaratu zituan: bina postal Areatzari, Dimari, Igorreri eta Zeanuriri buruzkoak, eta bana Arteari eta Lemoari buruzkoak. Azaltzen diran irudiak Luis de Lerchundiren marrazkiak dira.


Hiru muetatako posta txartelak

Gaiei jagokenean, hiru sailetan antolatu ditu egileak txartelok: tipoei buruzkoak eta ohitura posta-txartelak; tokiko bistak (izaki bizidunekaz edo barik); eta publizidadeko posta-txartelak. Tipoei buruzkoetan eta ohitura posta-txarteletan personaiak euren ohiko jazkerakaz agiri dira, baserri lanak, aisialdia azaltzen daben irudiak, esaterako, karta-jokoa, bola-jokoa, zezenketak… Tokiko bistak dalakoetan paisajeak eta eraikinak erakusten ditue, batez be baserriak, eleizak eta zubiak. Kasu batzuetan personak agiri dira, eguneroko bizitzako eszenetan, beharrean…

Publizidade posta-txartelen helburua enpresa, alkarte edo erakunde pribadu edo publiko baten jarduerea ezagutzera emotea da. Horreen artean aitatu behar dira Areatzako bainuetxeak eta Arteako Seminario Txikiak argitaratutakoak, baita Bizkaiko Foru Aldundiak auzo-eskolak ezagutarazoteko ateratakoak bere.


XX. mendearen erdira arteko posta-txartelak

Kronologiari jagokonez, XX. mendearen hasieratik 1950eko hamarkadara arte editau ziran posta-txartelak aukezten dira. Data zehatza ezin bada ipini be, ziurtasunez baieztatu daiteke bi posta txartel zaharrenak 1906. urtearen aurrekoak dirala —atzealdea banatu barik daroe—. Batean Areatzako eleizea agiri da; bestean, Igorrekoa, biak koloretan. Honako izenburuak daroez: Areatzakoak, 46 Bilbao - Iglesia de Arratia eta Igorrekoak, 47 Bilbao - Iglesia de Amatia. Azken berba hori inprimatze akatsa da, Arratiaren ordez, Amatia jarten dau eta.

Posta-txartel horreek Bilboko Librería Villar liburu-dendeak editau zituan, 52 alez osotutako bilduman. Areatzakoak herri horretako posta-markea dauka, 1907ko abenduaren 27ko dateagaz, eta Munichera bialdu zan. Aurrealdean alemanez idatzitako testua dauka: suhiak bere amaginarrebari bialdutako mezua da, beste gauza batzuen artean urte barri ona opa deutso, eta eleiza baten irudia bialtzen deutsola dinotso.

Arratian egindako argazkia ez badaroa be, 1906. urtearen aurrekoa da —atzealdea banatu barik daroa— Arratia sailean sailkatu dan tranbiari buruzko argazkia, Landáburu Hermanas etxeak atera eban. Eskuz idatzita honako data hau dauka: Olaveaga-17 Julio-1904.

Liburuan azaltzen diran ganerako posta-txartelak 1906aren ostekoak dira. Erdiak inguru 1906 eta 1920 urteen artean editau ziran. Geroagokoak dira Bizkaiko Foru Aldundiak auzo-eskolei buruz argitaratutakoak, 1922koak hain zuzen be; Areatzako asiloaren postala, 1926. urtearen ingurukoa da; Lemoako Burdin Hesiari buruz Gerren Museoak argitaraturikoa, 1937koa edo beranduagokoa; Areatzako bainuetxeari buruzko gehienak eta Arteako Seminario Txikiak editautakoak, seguruenik 1940ko hamarkadakoak; eta Artes Gráficas Lerchundiren seriea, 1944koa. 1950eko hamarkadakoak dira Gorbeiako Kurutzearena eta Foto Solen Undurragako (Zeanuri) argazki-posta txartela.

Egileak berak dinoanez, egun, posta-txartela bilduma-objektu bihurtu da eta, aldi berean, sasoi bateko paisajeak, monumentuak, eraikinak, ohiturak, jazkerak... ezagutzeko informazino iturri ikonografiko garrantzitsua da, zinemea, prentsea edo irudiak zabaltzeko beste sistema batzuk letxe. Posta-txartela, gaur egun, Internet eta kultura digitalaren bidez izugarri zabaltzen dagozan sare sozialen aurrekari izateaz gan, harreman postalerako baliabide hutsa baino zeozer gehiago dala esan daiteke, eta sasoi bat islatzen eta sinbolizetan dauen benetako objektutzat jo daiteke. Gaurkoa ulertzeko eta etorkizunean aurrerantz egiteko, garrantzitsua da lehenaldia ezagutzea, eta liburu honek horretan lagundu nahi dau, Urutxurturen eretxiz.

Arratia posta txartelean liburuko irudietako askogaz galeria osotu dogu Jo begiz atalean, ikusi gura izan ezkero, hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu