Hodei Egiluzen aldeko kantea sortu dau Garik, euskal musikari ugariren laguntzinoagaz

Dabi Piedra Robledo 2014-06-18 14:39   Musikea

2013ko urrian Anberesen desagertu zanetik, zortzi hile joan dira Hodei Egiluz gazte galdakoztarraren barririk euki barik. Hodei Bila alkarteak kontzertu solidarioa antolatu dau biharko eta, Gari abeslariaren ekimenez, hainbat musikari batu dira kanta bat sortzeko. Bihar entzun ahal izango da lehenengo aldiz.

2013ko urrian Anberesen desagertu zanetik, zortzi hile joan dira Hodei Egiluz gazte galdakoztarraren barririk euki barik. Hodei Bila alkarteak kontzertu solidarioa antolatu dau biharko eta, Gari abeslariaren ekimenez, hainbat musikari batu dira kanta bat sortzeko. Bihar entzun ahal izango da lehenengo aldiz.

Zerura begiraizenburua ipini deutsie abestiari. Garik azaldu dauenez, Hodeiren desagerpenak hunkitu egin nau eta zeozer egitea bururatu jatan. Holan, gazte galdakoztarraren kasua gizarteratzeaz arduratzen dan Hodei Bila alkarteari proposamena egin eutsan eta berehala sortu zan alkarlana. Nik astia baneukan eta honelakoetan sartzea gustoko dot, dino Garik. Inguruko musikari batzukaz berbetan hasi zan eta, apurka-apurka, jente ugari batzen hasi jakon egitasmoari.

Egia esan, edur bola baten moduan hazten joan dan proiektua izan da, gauza apal bat egin nahi neban nik hasieran eta, azkenean, tamainua hartu dau kontuak. Garik konposatu dau Zerura begira abestia eta, beragaz batera, ondoko abeslari eta musikariek parte hartu dabe grabazinoan: Jon (We Are Standard), Txomin (The Fake Band), Cris (Belako), Josu Zabala (Hertzainaken ibilitakoa), Ager (Audience), Oier Artola eta Miguel Moyano. Buffalo Produkzinoak etxea ibili da produkzino lanean eta El Tigre estudioak grabetako lekua itxi deutse. Inprobisazinotik jaiotako proiektua izan da, mundu guztia inplikau da eta gauzak sortzen joan ahala, barriak egiteko ideiak sortu dira, azaldu dau Garik.

Abestia bagilaren 9an grabau eben, egun bakarreko saioan, danek batera, eta hori be bada berezia. Gaur egun, edozer grabetako denporea behar da, prozesua astuna da eta, horregaitik, Garik egun bakarrean grabetea proponidu izana ideia bikaina da, izan be, Hodeiren kasuaren modukoak preminazko egoerak dira, ahal dan arinen erantzun bat emotea ezinbestekoa da, azaldu dau Buffalo produktorako Unai Garatek. Bideoklipa be atarako dabe. Ganera, musikarien artean alkarlanerako gogoa eragin dau ekimen honek. Ikusi dabe, danek batera lan egin ezkero, gizartean dagozan aldarrikapen batzuei oihartzuna emoteko aukerea sortu leitekeela, musikearen bidez. Proiektu txikiak, baina gizartean eragina euki leikienak sortzen jarraitu nahi geunke; ikusi dogu, artistok bat egiten dogunean, gauza politak jaioten dirala, dino Garik. Katekale izena emon deutsie egitasmoari.

Bihar, hilak 19, jaialdi solidarioa egongo da Galdakaon, Hodei Egiluzen alde, desagertu zala zortzi hile beteko diralako. Hantxe entzun ahal izango da Garik eta konpainiak sortutako abestia. Arkaitz Estiballes bertsolariak, Mikel Urdangarin musikariak eta Kirmen Uribe idazleak be parte hartuko dabe. Jaialdia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Galdakaoko Urreta polikiroldegian. Sarrerea dobakoa da eta lekuak amaitu arte banatuko ditue gonbidapenak. Hodei Bila alkarteko Jon eta Ritxarrek biharko ekitaldiaren garrantzia azpimarratu dabe: Guk badakigu Hodei non edo non dagoala eta egunen baten agertuko dala; bien bitartean, oihatzuna lortu nahi dogu, esan dabe. Badakigu Hodeiren desagerpenaren lekukoak egon badagozala eta horreek topau behar doguz, ganeratu dabe. Hodei Egiluzen argazkiak Europa osoan zabaldu nahi ditue udan, lekukoren bat edo arrastoren bat agertuko dan itxaropenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu