Garikoitz Mendizabal: 'Txistua ez da inoiz supermodan egon baina ez da sekula modatik pasauko'

Koldo Isusi Zuazo 2014-06-23 11:32   Barriketan
Bilboko Udal Txistulari Bandako zuzendaria

Garikoitz Mendizabal zestoarrarern amesa txistua munduan ezagutarazotea da eta orain hiru bat urte Bratislavako Orkestra Sinfonikoagaz Txistu Symphonic diskoa grabau ebanetik ez da geldi egon. Oraintsu 5 kontzertu emon ditu Hego Korean bertako jentearen upealako erantzunagaz.

Bilboko Udal Txistulari Bandea zuzentzen dau 2004ko urtarriletik eta Euskal Herriko Txistularien Alkarteko presidentea da 2003tik. Azpeitiko Izarraitz txistulari taldeko zuzendaria be bada. Eta Gasteizko Txistularien Udal Bandako zuzendaria izan zan 1997tik 2002ra.

Kontuak kontu, hilaren 28an, musika modernoa eta tradizino herrikoia buztartuko dituan Hamar urte, hamaika lagun izenburuko jaialdi erraldoia antolatu da Bilboko Udal Txistulari Bandearen X. urteurrena ospatzeko. Makinatxu bat gauza Garikoitz Mendizabalegaz jorratzeko.


1.- Bilboko Udal Txistulari Bandeak 10 urte egitea ez da broma. Zuzendari legez zelan bizi izan dozuz urteok?

Urte ederrak, intensoak izan dira. Ilusino handiz eta gauza asko egiteko gogoz hartu genduan kargua eta nire kasuan, Gateizko Udal Txistulari Bandea zuzentzen 7 urte egin ostean hasi

nintzan Bilbon. Bilboko plazea primerakoa da eta erronkea handia zala gogoan hartuta, ilusino handiz ekin geuntson eta esan deutsudan lez, urte bizi-biziak izan dira. Udal protokoloak eta

kale animazinoa ahaztu barik, 5 disko plazaratu doguz, Euskaldunan hamabostero kontzertu programazinoa martxan jarri eta hor ibili gara beharrean.


2.- Zeugaz batera, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Asier Garcia eta Sabin Bikandi zagoze Udal Bandan. Urtean zehar, zelakoa da zuona lako talde profesional baten eguneroko jarduna?

Udal Txistulari Bandea garen aldetik, harrera, inaugurazino eta ekintza protokolarioak asko izaten doguz, urtean 100 bat, hiru egunetik behin. Hortik aparte, urrian hasi eta martian amaitzen dan denporaldia izaten dogu Euskalduna Jauregian. Oso harrera polita izan dau. A4 areto txikian hasi ginan eta gaur egun, oso ohikoa da A1 aretoan 700 bat lagun batzea sarri. Kalean be joten dogu eta adibide bat da barikuro alde zaharreko kalean animetan ibilten garela. Kanpora be egin izan doguz bidaiak, Argentina, Uruguay eta Peninsulako hainbat lekutan be izan gara, Katalunian, Asturiasen eta abar. Gure egunerokoa izaten da egunero ensaiau eta aitatu jarduerei ekitea.


3.- Munduan oso erakunde gitxik daukie era honetako banda bat esan eban X. urteurreneko kontzertuaren aurkezpenean Ibone Bengoetxeak. Erdi Aroko juglareak dira egungo txistulariak?

Titular handia da hori baina badauka bere zentzua; esan gura dot txistularioak antxinatik gatozela, badagoz historiaurreko aztarnak, hazurrak instrumentu bilakatuta eta urte asko geroago, Erdi Aroan jaun da jaube zan gorteetako musikea laguntzen eta ardura horreek bereganatuz. Gero XVII. mendean, beherakada bat izan eban bibolinaren eraginez baina ilustrazino garaian eta XX. mendean musika tresna lez sendotu egin zan. Gaur egun, barriz, uri inguruetan eta geratzen dira profesional moduan udal txistulariak.

Erdi Aroko juglareak egungo txistulariak ete diran edo ez, leitekeana da, izan be, orduan gorteetan eta joten eben eta gaur egun udal korporazinoaren aurrean, protokolozko ekitaldietan eta joten dogu, badago zeozelako parekotasuna. Zorionez, gaur egun txistua hurreko musika tresnea da, egunerokoa eta horrek esan gura dau gizarteagaz bete-betean gagozala kontaktuan.


4.- Bratislavako Orkestra Sinfonikoagaz txistu pieza tradizionalak orkestra sinfonikorako moldatu eta Txistu Symphonic diskoa grabetea aitzindaria izan zan. Nekosoa izan zan prozesua? Txistuak eusten al deutso bere nortasunari?

Proiektu potoloa izan arren, nekosoa ez neuke esango. Ilsuino handia neukan beti pentsau izan dodalako txistuaren errepertorio zabalean hainbat obra dagozala XX. mendeko musikari handiek idatzita, Jose Olaizola, Luis Uteaga, Pablo Solozabal eta abar. Horreek txisturako idatzi ebenean eurak organista, musika zuzendari eta abar izanda, igarri egiten da formato handietarako be pentsauta dagozala. Egin dodana, beraz, musika hori orkestra sinfoniko baterako egokitu, Pariseko bi gaztek egin daben lana, Bilboko Orkestreagaz Euskalduna estreinau eta Bratislavakoagaz grabau, besterik ez da izan. Txistuari ate zabal eta elegantea zabaldu deutsagu.

Bigarren galdereari erantzunez, orkestrearen erdigunean, txistuak ez dau ezer galtzen; beren-beregi agindu neutsen Pariseko musikari horreei txistuak bere nortasunari eutsi behar eutsola eta orkestreak ezin eutsola jan txistuari. Ondo ulertu eben hori eta errespetu handiz egin zituen konponketok eta emoitzea zoragarria izan da. Txistuak nortasuna galdu ez eta orkestreak irabazi egin dau tinbre berezi hori.


5.- Txistua munduan ezagutarazoteko bidean beste pausu bat izan da Hego Korean oraintsu egin dozuezan kontzertuak. Zelako esperientzia izan da? Hango entzuleek zelan hartu dabe txistuaren eta tanbolinaren soinua?

Esperientzia ederra. Harrituta etorri naz, desbardina dalako kanpora joan eta Euskal Etxeen inguruan, euskal jatorriko jentearen aurrean jo edota Hego Korean jotea, han gu europarrak

ginalako eta txistua ez ebelako ezagutzen. Erronka handia izan da baina erantzuna ikaragarria izan da, hango jentearen berotasuna, txalo zaparrada luzeak... Oso emozionantea izan da.


6.- Bilboko Udal Txistulari Bandearen X. urteurrenaren harian, Hamar urte, hamaika lagun kontzertua iragarri dozue hilaren 28rako, Bilboko Euskaldunan. Nabarmentzeko datuak dira zapatuan izango dala kontzertua eta lagunez inguratuta izango dala...

Bai. Kontzertua modernoa izango da, tradizionala eta parte-hartzailea. Konbidaduak Niko Etxart, Gorka Sarriegi (Sorotan Bele), Eñaut Elorrieta, Los Cinco Bilbainos, Andoni Egaña, Kepa Junkera, Gozategi, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Beti Jai Alai, San Juan Bautista eta Leioa Kantika Korala, Metal Boskotea eta Euskal Herriko 55 txistu irakasle, Bizkaiko gaiteruak, dultzaineruak, albokariak... Jaialdi ederra X. urteurrenean, geure buruari omenaldia egiteko eta txistua oinarri hartuta edozeinek disfrutetako modukoa.


7.- Danetara, 180 bat musikari, jantzari eta abeslari izango dira taula gainean. Andoni Egañak Herrimin abestuko dau ikuskizuna hasteko, eta emonaldiaren amaieran Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoak taularatuko dira, baina benetako amaierea artistek eta publikoak egingo dabe, alkarren artean Euskaldunak gara abesten daben bitartean. Tartean, Euskal Herriko txistu irakasleak eta pianoan, teklatuetan eta akordeoian, programako obra gehienak moldatzeaz arduratu dan Xabier Zabala...

Bai. Herrimin lako kantu ederragaz hasi eta danon artean Euskaldunak gara abestuz amaitzea hunkigarria izango da. Xabier Zalaren ganean zer esango deutsut, bere bakarlari ibilbidean eta Bilboko Udal Txistulari bandan be ohiko laguntzailea da eta oso musikari bersatila da, gauza askotara ohituta dago eta lagun handia be badanez, ohore handia izaten da bere musika eta moldaketakak eskura izatea.


8.- Emonaldi osoa CD eta DVDrako grabauko dozue, gero argitaratzeko, ospakizunaren lekukotasuna geratu daiten...

Bai. Daukagun guztia, hilaren 28ko ikuskizun osoa konpartiduteko asmoa dago CD-DVDa argitaratzeko arrazoiaren atzean. Okerrik ezean, urte amaierarako edo argitaratzea espero dogu, Durangoko Azokarako edo.


9.- Azpimarratzekoa da Bilboko Musika bandeagaz egindako mundu mailako estrenaldia, Gregory Fritz amerikarraren Euskal Dantzak 2004 urtean. Bandak bere ibilbidean baditu disko batzuk kaleratuak: 2004an, Bilboko Udal Txistulari Banda; 2006an, Alos Quartet Harizko Laukoteagaz Harizko Txistua izenburua ebana. 2007an, Hala ere soinujole ospetsuen laguntzaz, besteak beste, Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabala. Eta 2010ean, Kantari Gabonetan diskoa Leoiako Kantika Koralagaz. Aurrerantzean disko gehiago grabetako asmoa dozue?

Bai. Pasa dan martian grabautako Plazan diskoa, jantzarako erromeria musikeagaz hornidutakoa, datorren urrian aurkeztuko dogu. Hortik aurrera beste bi edo hiru formato nabarmenduko neukez; gehienez bi edo hiru urte barru kaleratu gura neuke Angel Unzu gitarristeagaz jazz musikea eta txistua buztartuko dituan lana. 2006an emon genduan kontzertu bat eta oso gustora geratu nintzan. Txistuaren arpegi guztiak erakusteko asmoz ilusino handiagaz gabilz eta bide horretan beste grabazino batzuk be etorriko dira seguru.


10.- Txistua musika estilo desbardinakaz buztartzeko edo fusionetako ahalegin horretan, zein izaten da zailtasunuik handiena?

Txistuak baditu bere berezitasunak eta gogoan hartu behar da ze musika estilo gagozan jorratzen. Txistuaren potentziala handia da baina zeozelako mugak be badagoz eta muga horreetarako ahalki eta gitxien hurreratzea da onena.


11.- Euskal Herrian zenbat jente dabil txistua ikasten?

Askotan egiten deustie galdera hau eta ez da erraza erantzuna. Disgnosi sakona beharko geunke eskualdeka, herririk herri eta abar ze datuetan gorabehera handiak dagoz herri edo uri batzuetatik beste batzuetara. Dana dala, txistua eguneroko musika tresnea izanda, gaztetxu asko hasten da musika tresna hau joten baina dakigunez XXI. mendean aukerak ugari dira eta urte batzuetatik gora sakabanaketea izaten da. Laburbatzeko txistua ez da inoiz supermodan egon baina ez da sekula modatik pasauko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu