Bilbon sortutako kultur jarduerak batzeko atari barria abiarazo dabe interneten

Bizkaie! 2014-06-27 16:23

Bizkaiko uriburuko kultur jarduerak tresna barria dauka Interneten: Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak abiarazo dauen www.bibaokultura.net ataria, musikeagaz, jantzeagaz, arte eszenikoakaz, arteagaz, literatureagaz eta bestelakoakaz zerikusia daben kultur jarduerei buruzko informazinoa sistematizau, antolatu eta erraztea helburu dauena.

Bizkaiko uriburuko kultur jarduerak tresna barria dauka Interneten: Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak abiarazo dauen www.bibaokultura.net ataria, musikeagaz, jantzeagaz, arte eszenikoakaz, arteagaz, literatureagaz eta bestelakoakaz zerikusia daben kultur jarduerei buruzko informazinoa sistematizau, antolatu eta erraztea helburu dauena. Ataria erreferentziazko agenda birtuala bihurtzeko asmoz sortu da, era eta edade guztietarako kultur eta aisia arloko alternatibak bilatu eta aukeratzeari jagokonez, eta erabilerraztasuna eta argitasuna dira, duda barik, tresna barri honen alderdirik esanguratsuenak.

bilbaokultura.net ez da mugatzen Udalak eta honen menpeko erakundeek antolatutako ekitaldien barri emotera, antzoki, zinema eta areto pribatuek eta urian dagozan kultur alkarteek sortutako jarduerak be batuko ditu, euskeraz eta erdaraz. Beste abantaila bat da, etenbarik eguneratuta egoteko eskaintzen dauen aukerea, edozein aldaketa, deuseztatze edo azken orduko deialdien barri eman ahal izateko. Hilebeteko agenda osoa pdf formatuan deskargau ahal izango da.

Kontuak kontu, atari barria Bilboko publikoaren esku dagoan kultur agendarik osotuena eta irisgarriena bilakatu da, erispide desbardinetan (data, jarduera-mueta, hizkuntzea, edadea, egoitzea, etab.) oinarritutako bilaketak egiteko aukerea eskaintzen dauelako. Egutegia, prezioak eta ordutegiak alako oinarrizko datuei buruzko azalpen guztiez gan (dobako deialdien bilaketea be egin daiteke), bibaokultura.net-ek Bilboko kultur eragile desbardinen orrialdeetarako sarbidea emoten dau.

Era berean, atariak albisteei eta efemerideei zuzendutako atalak ditu, eta aukeratutako bideoen sailak Bizkaiko uriburuan egindako edo egin beharreko jarduerak batzen ditu, besteak beste, maiatzean egindako FANT Zinemaldi, Clown Zorrotza eta Zirkualde jaialdiak edota Miserikordia Etxerako bisita gidatuak, besteak beste. Esangura horretan, webguneak, urian egindako kultur bizitzaren ikustentzunezko testigantza iraunkorra eskainiko dau.


Sare sozialetako presentzia

Ekimena bultzatu dauen Kultura eta Hezkuntza Sailak sare sozialetako presentziaren aldeko apustuari eutsi deutso, norabide bikotxeko komunikazinoa ezarri eta herritarren partaidetzea sustatzeko asmoz. Horren haritik, kultura molde desbardinak konsumiduten dituenakazko alkarreraginak publikoa hobeto ezagutu eta lotura barriak eta zuzenagoak ezartzea ahalbidetuko dau Facebook, Twitter, Youtube eta Flickr-en bitartez, horrexek baitira oraingoz atari barriagaz lotuta dagozan lau sareak.

Era berean, Udal Artxiboa, tokiko ondarea sustatzea helburu dauen Bilbao Izan ekimena, Udal Liburutegiak eta literatura nahiz zientzia eta giza-ezagutza zabaltzea helburu dauen Bidebarrieta Kulturguneari buruzko informazinoa eskuratzeko aukerea eskainiko dau, barrutietako kultur programazinoari buruzko informazinoa barne. Ataria auzoetan garatzen dan kultur jarduerak zabaltzeko asmoz be sortua da, auzoetako ekitaldiek ez dabelako lortzen hedabideetan uriaren erdiguneko ekitaldien oihartzunik.

Aurkezpena egin dan momentuan, atari barriak garagarrilerako programauta dagozan 236 ekitaldi batu ditu. Horreetatik 88 kultur jarduerak dira, 94 erakusketak, eta 55 ikastaro eta lehiaketak. Urtean zehar, batez beste, 200-500 deialdi ingururi buruzko fitxak txertatzea aurreikusi da.

Atari barriak Bilboko Udalak plazaratzen dauen papeleko kultur agendea batu eta osotzen dau: 21.000 ale guztira, uri osoko 900 bulego, udaltegi, kultur zentro eta ostalaritza-establezimenduren artean banatuta, ohiko postaz bialtzen diran 3.000 aleez gan. Kultur informazino guztia diseinu argiko eta erabilera errazeko Interneteko tresna barri horretan izateak ahalegin editorial hori eta horren ondoriozko papel-konsumoa murrizten lagunduko dau apurka-apurka, eta leitekeana da, gerora begira online informazinoak inprimidutako bersinoa behin-betiko ordeztea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu