Kirol elektronikoen munduko jokalari talde onenek parte hartuko dabe XIV. Gamegune lehiaketan

Bizkaie! 2014-07-01 14:22

Orain arte Euskal Encounter jaialdiaren barruan egin da Gamegune nazinoarteko bideojoko txapelketea, baina, aurten, lehiaketeari merezidu dauen protagonismoa emotea erabagi dabe antolatzaileek eta, beraz, ekitaldi propioa izango dau garagarrilaren 4 eta 6 bitartean.

Orain arte Euskal Encounter jaialdiaren barruan egin da Gamegune nazinoarteko bideojoko txapelketea, baina, aurten, lehiaketeari merezidu dauen protagonismoa emotea erabagi dabe antolatzaileek eta, beraz, ekitaldi propioa izango dau. Publiko gazteak bideojoko lehiaketakazko dauen interesak eta talde garrantzitsuek txapelketa honetan parte hartzeak indarra emoten deutsie ekitaldiari. Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da, garagarrilaren 4 eta 6 artean, Euskaltel Fundazinoak antolatu dauen eta Euskaltel eta SPRIren babesa dauen txapelketea.

Sarietan 22.750 euro banatuko dituan lehiaketa honen barruan, publikoari edegitako berbaldiak be egingo dira, e-Sport edo kirol elektronikoaren inguruan. Negozio aukera barriak eta bideojokoen mundua balioesteko beharrari buruz gogoetea egin eta ikasteko aukerea izango dabe bertaratuek.

Bideojokoen negozioak 70.000 miloe dolar mobidu zituan munduan igaz, industria honen sendotasunaren seinale. Egun, 100 miloe jokalari dagoz, gehienak gizonezkoak. Horregaitik, emakumeen parte-hartzea eta mailea bultzatzeko asmoagaz, bi kategoriatan banatu da aurten Gamegune: gizonezkoen taldeek League of Legens (LOL) jokoan lehiatuko dabe, eta emakumezkoen taldeak, barriz, Counter Strike: Global Offensive (CS:GO) bideojokoan ibiliko dira.

Joko biek jarraitzaile ugari ditue mundu guztian, eta partidak ikusten ditue bai aurrez aurre eta bai streaming bidez. e-Sport lehiaketek be ikusle asko ditue interneten. Adibidez, 2012 eta 2013 urteetan bikoiztu egin ziran zifrak 71,5 miloe ikuslera heldu arte.

Gamegunen izango diran jokalarien artean kirol elektronikoetan mito bilakatu dan Carlos Rodríguez Ocelote izango da. Gamer gazteak 600.000 euro baino gehiago irabazten ditu urtean League of Legenseko jokalari profesional legez.

Ordutegia eta sarreren salmentea

Probak garagarrilaren 4, 5 eta 6 egunetan izango dira Bilboko Euskalduna Jauregian, 10:00etatik 22:00era bitartean. Finala domekan izango da.

Partida guztiak esatari entzutetsuek komentauko ditue. Jokalekuan 10 ordenagailu jarriko ditue jokalarientzat, eta antolatzaile eta prentsa espezializatuarentzat be hainbat ekipo egongo dira. Gainera, partidak jarraitu ahal izateko pantaila erraldoiak jarriko ditue aretoetan. LOL lehiaketea gauzatuko dan aretoan 6 metroko zabalerea eta 4,5 metroko altuerea dauen pantailea izango da, eta 650 ikuslerentzako lekua. Emakumeen lehiaketea aldi berean egingo da beste areto batean. Bertan, 300 ikuslek jarraitu ahal izango dabe txapelketea.

Ekitaldia zuzenean ikusi nahi dabenek sarrera aldez aurretik eskuratu leikie, jesealekuak mugatuak baitira. Sarrerak internet bidez erosi daitekez, http://gamegune.org/es/entradas estekan edo Euskalduna Jauregian bertan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu