Munduko skater onenak Getxon lehiatuko dira datorren irailean

Bizkaie! 2014-07-03 10:51

Volcom Bowl-A-Rama skate zirkuitu profesionaleko probetako bat jokatuko da Getxon iraileko lehen astean. Arrigunagako La Kantera skatepark gunea kirol horren munduko erdigune bihurtuko da, skater onenakaz eta erakusketa, kontzertu eta skate kultureari lotutako era guztietako ekintzakaz. Hitzordua amaitzeko, irailaren 6an Master eta Profesional mailetako lehiaketak jokatuko dira.

Volcom Bowl-A-Rama skate zirkuitu profesionaleko probetako bat jokatuko da Getxon iraileko lehen astean. Arrigunagako La Kantera skatepark gunea kirol horren munduko erdigune bihurtuko da, skater onenakaz eta erakusketa, kontzertu eta skate kultureari lotutako era guztietako ekintzakaz. Hitzordua amaitzeko, irailaren 6an Master eta Profesional mailetako lehiaketak jokatuko dira.

Getxoko Udaleko Kirol zinegotzi Alvaro Gonzalezek oso pozik jaso dau ekitaldi horren baieztapena: Getxoko kirolerako oso berezia dan urte batean heldu da, udalerria Europako Kirolaren Uria 2014 izentau dan urtea baita, eta gazteen artean arrakasta handia dauen modalidadea dalako. Gazteak biztanleriaren funtsezko taldea izanik eurekaz alkarlanean gabilz beren bizi ohituretan kirol jarduerea sendotzen joan daiten, azaldu dau.

Gainera, erakargarritasun handiko nazinoarteko ekitaldi bat izango dala nabarmendu dau, jente asko mobiduten dauena, eta Getxo skate munduaren erdigunean jarriko dau. Beraz, bertako ekonomiarako oso ondo etor daitekeela uste dogu, esan dau.

Bestalde, Kako skater getxotarrak adierazo dau maila honetako ekitaldi bat Getxora ekartea lortu dala udalerrian dagoan tradizino handiagaitik eta nazinoartean La Kantera skatepark guneak dauen ospe handiagaitik. Volcom Bowl-A-Rama Getxo jai handia izango da, topagunea, aintzatespena jasoteko gunea eta kirol hau maite dogunon protagonismoari garrantzia emoteko esparru ezin egokiagoa, azaldu dau.

Getxoren hautaketea orain urte bi baino gehiago hasi zan eratzen, bertako skater taldeak La Kanteraren 25. urteurrena ospatu ebanean, nazinoarteko proba bat antolatzeak kirolean eta udalerrian bertan interesa piztuko leukelakoan.

Idea gauzatu zan Chad Ford australiarra eta Kako bera eta Alain Goikoetxea alkartu ziranean, bata txapelketako arduradun nagusia eta Arrigunagako pista oso ondo ezagutzen dauena, eta beste biak nazinoartean sano entzutetsuak diran patinatzaile getxotarrak.

Australiarrak jakinarazo eutsen Europan egingo litzatekeen beste proba bat sartu nahi ebela zirkuituaren barruan; ordura arte hiru uri sartzen ziran zirkuituan: Sidney, Wellington eta New York. Fordek barriro jo eban Getxora udalerriak lehiaketea hartzeko baldintza guztiak beteten zituala egiaztatzeko, eta Getxo Kirolak erakundeari Volcom Bowl-A-Rama irailean Arrigunagara ekarteko proposamena berretsi eutson.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu