Imanol Agirre: 'Kaleko arteak lehen mailako arte adierazpenak dira'

Koldo Isusi Zuazo 2014-07-07 11:15   Barriketan
Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiko zuzendaria

Aurten 25. urteurrenea beteko dau Lekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiak eta milazak izango dira garagarrilaren 11tik 13ra Lekeitiora hurerratuko diranak. Urteurren biribilaren harian, Danbor Talka, Itsaslaboa eta Gure Musikari Handiak. Aupa Maurizia! produkzinoak estreinauko dira Lekeition. Horrezaz gan, 25 urtez kale-antzerkigintzan itsasargia erakusketea eta Lekeitioko denda, taberna eta ostatuen Girotze Lanen Lehiaketea martxan dagoz. Aurten 30.000 lagunetik gora espero ditue Lekeition, egitarau potoloak erakarrita hurreratuko diranak.

Imanol Agirre da Jaialdiko zuzendari artistikoa eta berak emongo deuskuz zehaztasun guztiak.


1.- Egun batzuk baino ez dira falta dana martxan jarteko. Zein da oraintxe bertan zure burukomin handiena?

Aurten estreinauko dogun produkzinoetako bat da orain nire burukominik handiena; nazinoarte mailan hiru obra estreinauko doguz Lekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiaren 25. urteurrenean eta Gure Musikari Handiak. Aupa Maurizia! lanaren arlo musikala lantzen gabilz orain, azken entseguak egiten. Arratian, Gernikan eta Bilbon saiakeratxu batzuk egin ostean, benetako estreinaldia Lekeition izango dogu garagarrilaren 13an.


2.- Markeliñe taldearen Carbon Club obran, ikatza ataraten lan egiten daben mehatzariak dira protagonista aurtengo kartelean. Zergaitik?

25. urtemugea dogu eta gure memorian gordetako irudietako bat jarri gura genduan aurtengo kartelean eta obra horren irudia oso esanguratsua begitandu jakun kale-antzerkiaren, kaleko arteen adierazgarri. Irudi bitxia, desbardina eta misteriotsua, magia handia dauena da eta horregaitik aukeratu genduan 25 urtetik gorako ibilbidea egin dauen Markeliñeren Carbon Club lanaren irudia.


3.-Kartelean poesia zatiak edo testu laburrak sartzeko ohitureari jarraituz, Beñat Sarasolaren Eta egin dezagun mundu berri bat marea igo baino lehen esalditxua be agiri da kartelean...

Orain hamar bat urte edo hasi ginan aitamen poetikoak sartzen gure karteletan eta Lauaxeta, Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe eta beste egile batzuen testu zatiak atera izan doguz. Aurten, Beñat Sarasola gaztearen testu zatia aukeratu dogu sano aproposa dalako gure eretxiz: mundu barri bat behar dogu, mundu barri horretan kulturea ezinbestekoa da eta hori da guk eskaintzen doguna, kaleko kultura hori. Marea igon baino lehen komenidu da hori egitea; Lekeition gagoz, itsasoa protagonista izan da 25 urte honeetan eta izango da aurtengo jaialdian eta marea igon baino lehen herria kulturaz blai jarriko dogu.


4.- 25 urtez kale-antzerkigintzan itsasargia erakusketea zabalik dago Barandiaran aretoan. Zer topauko dogu hor?

Izenburuak adierazoten dauen legez, gure 25 urteko ibilbidea laburbatzen da erakusketan, argazkiak dira gehienbat, 200dik gora, hain zuzen be. Baina kartel zaharrak, agiri historikoak, prentsako barriak eta bideoak be ikusgai dagoz. Erakusketa bitxia, merezidu dauena eta, beraz, Lekeitiora hurreratuko diran guztiei gomendatuko neuskie kale-antzerkiagaz ez eze erakusketeagaz be disfrutetako; herriaren erdi-erdian, udaletxearen behealdean dagoan Barandiaran aretoan dago ikusgai 19:00retatik 22:00etara bitartean.


5.- Kale-antzerkiaren arloan, bide urratzailea, aitzindaria izan da Lekeitioko Jaialdia baina 25 urteko ibilbidean momentu onak zein txarrak biziko zenduezan. Zer nabarmenduko zeunke?

Momentu txarrak be izan dira, jakina. 1995ean jaialdia ezin izan genduan egin aurrekontu falteagaitik, kulturea erabat susntsituta egoan Euskal Herrian, beste lehentasun batzuk egozan eta euskal kulturea ez zan baloretan.

Dana dala, momentu onak txarrak baino gehiago izan dira. Europako eta munduko talderik esanguratsuenak etorri dira Lekeitiora eta ikaragarri hunkitu gara. Edozelan be, momentu onena, akaso, oraintxe da, hau da, ikusten gagozalako orain 25 urte hirugarren antzerkia deitzen zana, apur bat baztertuta egoana, kale-antzerkiak gaur egun sekulako oneretxia dauelako. Gaur egun kaleko arteak lehen mailako arte adierazpenak dira eta datu lez baino ez bada be, gogoratu aurtengo Futbol Mundialaren zabaltze ekitaldia kale-antzerkiagaz egin zala. Gaur egun prestigio handia dauen arte adierazpena da kale-antzerkia. Sekulako sormena dago kale-antzerkiaren inguruan eta hori oso pozgarria da guretzako.

Horrezaz gan, kaleko arteen erakusleiho izateaz gan, sormen portua be bada Lekeitio eta 25 urteko ibilbidean zortzi produkzino propio landu eta aurkeztu doguz eta aurten beste hiru estreinauko doguz. Oso pozik gagoz.


6.- Antzoki zarraturako pentsautako antzezlanak balio leike kalean antzezteko? Zeintzuk dira kale-antzerkiaren berezitasunak?

Batzuetan bai, barruan nahiz kalean antzezteko aproposak dira obra batzuk. Edozelan be, kaleagaz lotutako ikuskizun ikusgarrienak gura izaten doguz, antzerkia ez eze, beste arte adierazpen batzukaz buztartuta be bai, jantza, musika, piroteknia, clown eta bestelakoakaz; lanok erakusteko edo lanon osogarri, barriz, hondartzea, itsasoa, zerua, kaleak, plazak eta portua erabilten doguz.

Kale-antzerkian inprobisazinoak aparteko indarra hartzen dau eta ez dot ahaztu gura kalean dagoan jenteagazko hartu-emonak be behar-beharrezkoak dirala.


7.- Nazinoarteko izakereari eutsiz, aurten zer eskainiko dau Lekeitioko Jaialdiak?

25. urtemugea izanik, egitarau berezia eskainiko dogu. Berezitasun horretan, jaialdiak berak sustatuko dituan hiru sormen lan nabarmenduko neukez, hirurak mundu mailako estreinaldiak; Lekeition antzezteko atondu doguz baina hortik aurrera munduari birea emongo deutsie. Hiru produkzino propioak dira: Gure Musikari Handiak. Aupa Maurizia!, Danbor Talka/Le Choc Des Tambour eta Itsaslaboa.

Eta nazinoarteko izakereari eutsiz, Argentina, Frantzia eta Quebeceko taldeak izango dira gurean; Loco Brusca konpainia argentinarrak Speerman Retourns clown lana eskainiko dau hilaren 12an, 20:00retan eta 13an, 12:30ean; Les Commandos Percu frantziarrak Deabru Beltzak taldekoakaz batera ikusiko doguz Danbor Talka lanean, hilaren 11n eta 12an, ekitaldi biak gauerdian hasita; Frantziako Tout Samba'l taldeak Exilod lana eskainiko dau hilaren 12an, 20:30ean; eta Quebecetik etorrita, zirku barria izango dogu Mr Banana taldeagaz eta El Banano lanagaz, hilaren 12an, 21:00etan.


8.- Libourneko Fest’arts eta Lekeitioko Kale-Antzerki Nazioarteko Jaialdiaren arteko alkarlanari esker Danbor Talka - Le Choc des Tambour lana estreinauko dozue aurten, formatu handiko ikuskizuna. Zelako lana da?

Orain lau bat urte hasi ginan lanean Libourneko jaialdiagaz eta alkarlan mamitsua izan dogu azkenaldion. Libourneko Fest’arts, Lekeitioko Kale-Antzerki Nazioarteko Jaialdia, Deabru Beltzak eta Les Commandos Percu dagoz tartean Danbor Talka horretan. Formato handiko ikuskizuna da, piroteknia, sua eta perkusinoa buztartuz. Danetara, 20 parte-hartzaile egongo dira kalean eta kalejirearen ondoren, sua eta perkusinoa ardatz hartuta, ikuskizuna eskainiko dabe. Lekeition emonaldi bi eskainiko ditue eta gero Libournen eta beste leku batzuetan sei emonaldi eskainiko ditue.


9.- Mikel Laboaren kantuak oinarri hartuta, Itsaslaboa, Dantzaz Konpainiagaz alkarlanean egindako lana hondartzan ikusi ahal izango da. Orain dala pare bat urteko Sarritsasoren arrakasteari jarraituz dator lan barria?

Bai. Sarritsaso lanagaz sekulako ezustea hartu genduan, jentearen erantzuna oso ona izan zan. Sarrionaindiaren poesia musikatuak, hondartzea eta jantza garaikidea buztartuz, obra hunkigarria izan zan eta orduantxe konturatu ginan ate barria zabaltzen genduala alkarlanerako. Eta holan izan da, Dantzaz konpainiagaz bigarren ikuskizuna atondu eta aurten estreinauko dogu hilaren 11n, Lekeitioko hondartzan.


10.- Musika tradizionala berreskuratu guran, Oreka TX eta Kukubiltxogaz batera Gure Musikari Handiak. Aupa Maurizia! korprodukzinoaren barrikuntzak be aurkeztuko dozuez, Zuaznabar eta Goikoetxea txalapartari gipuzkoarren marioneta erraldoiak, hain zuzen be...

Sormen prozesu luze honen jentaurreko aurkezpena igaz, udagoienean hasi zan Arratian. Oreka Tx, Kukubiltxo eta Lekeitioko jaialdiaren ekimenez tailer bat jarri genduan martxan Arratian, hiru txotxongilo erraldoi egiteko (Leon, Fasio eta Maurizia). Horretarako Les Grandes Persones talde frantziarra ekarri genduan eta hiru marioneta erraldoi egin genduzan, hiru bat metroko Maurizia, Fasio eta Leon. Ikuskizunaren hasierea izan zan hori ze aurten, bagilean zehar Katalunian egin doguz falta ziran beste bi marionetak, Zuaznabar eta Goikoetxea txalapartari gipuzkoarrenak. Holan, osotuta geratzen da lana, bost txotxongilo erraldoi, bost musikari eta kalejira dotorea, kale antzerkia eta musikea. Aitatu musikarien errepertorioak berreskuratu, barriztu, egokitu eta jentaurrean erakutsiko doguz. Orain dala 80 bat urteko kontuak ekarriko doguz, Francoren diktadura baltz, ilun eta gogor horretan, gure herri musikea ez zan isildu eta banaka batzuk lortu eben kate hori ez etetea; horrexek dira ikuskizun honetan agertuko diranak. Gaur egun albokea ezagutzen badogu da Leon egon zalako Arratian; albokagilea zan bera eta jo be egiten eban Mauriziagaz batera. Horreei esker daukagu gaur egun trikitixa mobimentua, albokea, panderoa, txakapartea... Ikuskizun ederra izango da gauza askogaitik, transmisinoagaitik, sormenagaitik eta oso alaia izango dalako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu