Mediateka BBK 2.000.000 lagunek bisitau dabe jarduerako lehen hiru urteetan

Bizkaie! 2014-07-17 17:55

2011-2013 denporaldian, 1.924.662 lagunek bisitau eben Mediateka BBK, 856.000 mailegu egin ziran, ordenagailuen 538.000 erabilera eta 16.500 persona hurreratu ziran antotatutako tailer eta ekitaldietara.

Bilboko Alondigako Mediateka BBK urteko 365 egunetan dago zabalik, astelehenetik barikura, goizeko 9:00etatik gaueko 21:00etara eta astegoien eta jaiegunetan 11:00etatik 21:00etara. 2010ko urrian inaugurau zanetik, herritarrentzako ezagutzea eta kulturea zabaltzeko leku bihurtu da.

Kontuak kontu, 2011-2013 denporaldian, 1.924.662 lagunek bisitau eben Mediateka BBK, 856.000 mailegu egin ziran, ordenagailuen 538.000 erabilera eta 16.500 persona hurreratu ziran antotatutako tailer eta ekitaldietara.

Bilboko Alondigeak eta BBK-k inbersinoaren itzulkin ekonomikoaren azterketa bat egin dabe Mediateka BBK-ko zerbitzu desbardinetan, azterketa ekonomikoa eta soziala.

Emondako datu estadiskoek Mediateka BBKren arrakastea bermatzen dabe. Horregaz batera, bildumen, ekipamenduen eta ekitaldien erabilerea egin dabenen onurak be lortu dira, bai zuzenak zein zeharkakoak.

Mediateka BBK-k eskaintzen dituan zerbitzuen balore sozialei jagokenez, adierazle desbardinak aztertu dira, BBK-ko nortasun eta eginkizunakaz zerikusia dabenak. Ondoko honeek dira:

• Garapen personala: Ikaskuntza eta prestakuntza iraunkorra, balore eta trebetasun desbardinen eskuratzea, nazinoarteko alfabetatzea eta norberaren autonomiaren sustapena.

• Esparru publikotik, lanpostuen sorkuntzatik eta turismo zein ostalaritza lokalaren alorreko laguntzatik suspertzen dan garapen lokala.

• Komunidade-nortasuna eta interkulturaltasuna: kohesino sozialari, herritarren integrazinoari, erabilera publikoko esparruei, eta hizkuntza eta nortasun kulturalaren bultzadeari lagunduz.

• Trebetasunen eskuratzea errazten daben lehia teknologikoen garapena, batez be TIC-ak, nazinoarteko alfabetatzea eta teknologia barriak sartzea gure eguneroko bizitzan.

• Beste erakunde edota alkarteakazko alkarkidetzea, Bilboko Alondigako egitarau propioan parte hartzeko asmoz eta Mediateka BBK-ko helburu parekatuak dituen alkarte zein toki mobimentu desbardinakaz kolaboretako asmoz.

Adierazle guztiek, gitxienez, 10en gaineko oso ondo-ko puntuazinoa dabe. Horreetako batzuek, 10era bertara heldu dira. Adierazle bakotxaren emoitzea honakoa izan da:

a) Ezagutza eta zientzia-zabalkundea. Estrategia-bide honetan integrauta dagozan ekitaldiek asetasun maila altua beteten dabe, balorautako adierazleen arabera. Garapen lokala eta Garapen personala alorrek oso ondo-ko puntuazinoa dabe.

b) Irakurketea eta idazmena. Ekitaldi-taldeetatik ondoen balorauta dagoana da. Ardatz honetan bateratuta dagozan ekitaldiek adierazle guztien batezbesteko oso ondo-ko puntuazinoa dabe. Garapen personala, Garapen lokala eta Beste erakunde batzuakazko alkarkidetza alorrek 10eko puntuazinoa lortu dabe. Komunidade-nortasuna eta Interkulturalidadea alorren batezbestekoaren gainetik be badagoz.

c) Teknologia. Talde honetan, ekitaldien betetearen mailarik altuena Garapen personala alorrak dauka, Lehia teknologikoen garapena eta Garapen lokala alorreko batezbestekoa gaindituz.

d) Mailegua. Garapen personala eta Beste erakunde eta alkarteakazko alkarkidetza alorrek 10eko puntuazinoa dabe talde honetan. Alor honeek Garapen personalaren batezbesteko puntuazinoa gainditzen dabe.

e) Ordenagailuen erabilera-zerbitzua. Adierazle kopuru gitxien beteten dituan zerbitzua da. Halan da be, Garapen personala alorrak batezbestekoa gainditu dau hemen, oso ondo-ko puntuazinoagaz.


Alkarkidetzea BBKgaz

Bilboko Alondigearen eta BBKren arteko hartu-emonak 2009ko urtarrilean hasi ziran. Akordio bat sinatu eben bi ardatzetan oinarrituta: zerbitzu kultural eta sozialen alkarkidetzea batetik, eta bestetik, BBK irudiaren loturea Bilboko Alondigea lako proiekzino soziokultural handiko ekipamendu bategaz.

Alkarkidetza-akordio honi esker, Bilboko Alondigeak kalidadezko hezkuntza-eskaintza alternatiboa eskaini dau, gozamena lortzeko helburuagaz, honako baloreen bitartez: errespetua, bardintasuna, aniztasuna eta dibersidadea. Horrezaz gan, belaunaldien eta kulturen arteko alkarrizketea bultzatzeko ekitaldiak be abiarazo ditu.

Gainera, ekitaldi elebidun eta eleaniztunak garatu dira, euskereari eta informazino-alfabetatzeari arreta berezia jarriz, ezagutza-tresna legez.

Bilboko Udaleko eta BBK-ko alkarkidetzari esker, ondo hornidutako erreferentzia-esparru soziokultural bat sortzea lortu izan da, kalidadezko zerbitzu eta ekitaldiak eskainiz, maila handiko pertonal-taldeen arreta bereziagaz. Kultura eta informazino-beharrizanak beteteaz gan, barruratze soziala eta herritarren parte-hartzearen alde egin dau esparruak.


Mediateka BBK

Mediateka BBK diziplina anitzeko liburutegi bat da. Urteko 365 egunetan dago zabalik, 80 orduz astero. Erabiltzaileak 4.000 m2ko esparrura sartzeko aukerea dauka. Hiru pisu ditu, 250 irakurketa eta konsulta-postu baino gehiago, autoikaskuntzarako kabinak, mundu guztiko telebistak eta ordenagailuak. Ekipamendu honen bidez, personen autonomia bultzatzen da automailegurako terminal desbardinei esker. Bildumarako sarbidea dobakoa da, diziplina anitzekoa eta dibulgatzailea. Bestalde, Mediateka BBKn hainbat ekitaldi antolatzen ditue erabiltzaile mueta desbardinentzako. Ekitaldi horreek hiru estrategia ardatz ditue oinarri: zientzia-zabalkundea, irakurketea eta idazmena, eta teknologia barrikuntzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu