Bizkaiko mezarik altuena, Igiriñaoko Edurretako Amaren baselizan

Bizkaie! 2014-07-29 11:57

Gaur egun San Inazio egunean besterik ez da mezea esaten Gorbeiako Igiriñaoko Edurretako Amaren baselizan, oraintsu arte domeka eta jai egun guztietan emoten zan, uda sasoian. Katedral naturala dogun Gorbeiaren magalean, 1.119 metrotara, Bizkaian altuerarik handienean mezea ospatuko da, dinoe Zeanuriko parrokiak zabaldu dauen oharrean. Mezea 12:00etan izango da.

Gaur egun San Inazio egunean besterik ez da mezea esaten Gorbeiako Igiriñaoko Edurretako Amaren baselizan, oraintsu arte domeka eta jai egun guztietan emoten zan, uda sasoian. Katedral naturala dogun Gorbeiaren magalean, 1.119 metrotara, Bizkaian altuerarik handienean mezea ospatuko da, dinoe Zeanuriko parrokiak zabaldu dauen oharrean.

Mezea San Inazio egunean izango da, garagarrilaren 31n, eguena, 12:00etan. Aurten hildako mendigoizale eta artzain guztiak gogoan izango ditue, eta zeanuriztarrek hango Andra Mariari egindako himnoa, Andra Maria Igiñakoa izenekoa, kantauko dabe. Amaitzeko, San Inazio martxea abestuko da, eta ostean, Zeanuriko Udalak ohiko barauskarria eskainiko dau: ardao zuria eta galletak. Zeanuriko txistulariek alaituko dabe giroa bitartean.

Debozino edo fede handiagoko edo txikiagoko mezak izango dira; doinuz hobeto lagunduak edo ez…, baina ez jako inor gailenduko altueran Edurretako Amaren baselizatxuan ospatuko danari. Ehunka lagun, mendizale eta artzain tarteko, batuko dira mezea ospatzera eta hamaiketakoa partekatzera, nabarmendu dabe antolatzaileek. Arrigorriaga, Orozko, Galdakao, Zornotza, Bilbo eta Arratia osotik etorritako jentea batu zan igaz, gehienak tontorreko kurutzera joan-etorria egin ostean.

Baselizea porlanez eginda dago, upel bobeda modura eregia, hegi harritsu baten sartuta. 3 x 2,225 metro neurtzen dau, eta atean jarritako burdin hesi batek ixten dau.

1924an, Areatzan abade egoan Eulogio Gorostiaga zeanuriztarrak hauxe idatzi eban, Gurutzi Arregik Ermitas de Bizkaia lanean (II. liburukian, 406. orrialdean) gogoratzen deuskunez: Baseliza hau oraintsukoa da; bere eskaintzea egin zan Arraban egoan beste baten oroigarri, artean zelai honetan sendategi bat egoala. XIX mendearen amaieran egindako kaperaz dabil berbetan, Zeanurin baseliza modura hartu ez zana. Aurreko mendearen hasieran bertan behera itxi zan.

Baselizea benetan txikia zan, barruan lagun birentzako tokia baino ez egoan eta. Halanda ze, On Benito de Atutxak baseliza handiagoa egiteko baimena eskatu eban, txangozale eta inguru haretako bizilagun apalentzat” Planoak Labayru Ikastegian gordeta dagoz, baimen-eskaria eta dirua batzeko propaganda-batzordearen datuak bere bai. Ahalegina bertan behera geratu zan.


Baseliza honek badaukau bere elezaharra, jente askok ezagutzen ez dauena. Juan Manuel Etxebarria idazle zeberioztarrak holan batu eban:


Gorbeaiko argi deabrua

Behin baten, Gorbeiako mandazain bat Arratiako feriara joan ei zan San Inazio bezperan atze bete mandogaz. Egin zituan egin beharreko tratuok eta bazkaldu be inoiz baino be hobeto. Egon eta egon, janzaharrean, Gorbeiarantz mobidu zan eta han joian bideak betean bete-bete eginda.

Pagomakurrera orduko gautu egin jakon. Arrabako landara heldu zanean, atsedena hartu eban. Zerura begiratu eta ene! ilargiaz aparte beste argi berezi bat bere ondo ondoan!

Zutundu zan eta karran hasi be Egiriñaoko txabolarantz bildursartuz beterik. Hark argi bereziak atzerik hara jarraitzen eutsola ikusirik, badino bekautan:

- Nor haizen beist argi madarikatu hori, ikusiko dok Egiriñaoko pagaduira heltzen nazenean!

Heldu zan mandazain hori bere txabola ondora eta ene! ez jako ba katigatzen argi berezi hori pago inausi baten adarretan!

Orduan mandazainak, hartu estaka endemoniño bat, jo ahal dan guztian argi hori eta oño! deabruak berberak ez eutson ba urten argi barrutik! Aitearenka hasi zan ha mandazaina eta badaezpada Egiriñaoko baselizara sartu ei zan.

Hurrengo goizean, San Inazio ospatzen joan ziran goiztarrenak, hantxe aurkitu ei eben ha mandazaina, dardar, berbartu eta guzti sustosartuaren sustosartuaz, baina bizirik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu