'Zatoz euskarara' kanpainea aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2014-09-17 14:56   Euskerea berbagai

Zatoz euskarara kanpainearen helburu nagusiak bi dira: batetik, helduen matrikulazinoa sustatzea Bizkaiko euskaltegietan 2014-2015 ikasturtera begira, eta bestetik, euskaltegietan arian-arian euskalduntzen diran herritarrak eta gizataldeak animetea euskerea eguneroko bizimoduan erabil deien euskaltegitik kanpo, edozein gizarte-esparrutan.

Miren Josune Ariztondo, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputadua, Imanol Landa, Getxoko Udaleko alkatea, EUDELen eta Bizkaiko udalen ordezkari legez, Patxi Agirregomezkorta, Ulibarri euskaltegiko zuzendaria, Bizkaiko euskaltegi pribatu homologatuetako ordezkari legez eta Joseba Urriz, Barakaldoko Udal Euskaltegiko zuzendaria, udal euskaltegietako zuzendarien ordezkari legez izan dira kanpainea aurkezten Bilbon, Eudelen egoitzan izandako ekitaldian.

Zatoz euskarara kanpainearen helburu nagusiak bi dira: batetik, helduen matrikulazinoa sustatzea Bizkaiko euskaltegietan 2014-2015 ikasturtera begira, eta bestetik, euskaltegietan arian-arian euskalduntzen diran herritarrak eta gizataldeak animetea euskerea eguneroko bizimoduan erabil deien euskaltegitik kanpo, edozein gizarte-esparrutan.


Helduen euskalduntzearen sarea Bizkaian

Helduak euskalduntzeko eskaintzea guztiz oparoa da gure lurraldean, euskaltegi publiko nahiz pribatuei jagokenez. Holan, sare publikoa 21 udal euskaltegiz osotuta dago, oro har, Bizkaiko herri populatuenetan banatuta. Sare pribatua, barrriz, 45 euskaltegiz osotuta dago eta eskaintza joriena Bilbon metatzen dan arren, Bizkaiko herri gehientsuenetan emoten dabe zerbitzua.

2012-2013 ikasturtean, ia 18.000 ikasle ibili ziran euskerea ikasten Bizkaiko euskaltegietan (33.000 EAEkoetan). Horreetatik % 30 inguruk (% 27 EAEn) euskaltegi publikoetan ikasi eben eta % 70ek (% 73 EAEn) euskaltegi pribatuetan. Danetara, aitatutako ikasturtean, 4.026.743 ikasle-ordu eta 351.462 talde-ordu emon ziran gure lurraldean. Bestetik, datorren ikasturteko matrikulazino-datuei begiratuta (matrikulazino-aldia ez da amaitu), esan daiteke helduen euskalduntzearen inguruko datuak oso-oso antzekoak izango dirala amaitu dan ikasturteagaz alderatuta.


Euskaltegien eskaintzea, hizkuntza ikasteaz harago!

Jakina danez, euskaltegien jarduerea euskerea ikasteagaz lotzen dogu, hau da, hizkuntzearen jakintzeagaz. Eta holan bada be, ikasitakoa euskaltegitik kanpo erabilteko hainbat jarduera zehatz be antolatzen dira euskaltegietan, besteak beste, Berbalagun eta Gurasolagun programak, merkatarientzako, gurasoentzako edo etorkinentzako ikastaro bereziak, mintzapraktika saioak… Horreek guztiek bide emoten deutsie ikasitakoa kalean, lagunartean, saltokietan, udaletxean, familian… erabilteari.


Sustatzaileak eta hartzaileak

BFA eta EUDELegaz batera, ekimen honen sustatzaileak Alkarbide bilgunea (Bizkaiko euskera zerbitzuen bilgunea) osotzen daben udaletako euskera zerbitzuak eta gure lurraldean helduen euskalduntzean dabilzan eragile publiko eta pribatu guztiak dira, hau da, lehen aitatutako euskaltegi-sareak. Hartzaileak, barriz, Bizkaian euskeraz ez dakiten herritarrak eta euskalduntzen dabilzanak doguz, gitxi gorabehera, 700.000 lagun.


Zabalkunde-euskarriak

Euskerearen egunean egiten dan moduan, bi kartel eredu egin dira, bata ekimenaren irudi orokorra jasoten dauena eta bestea herrian dagoan helduen euskalduntzearen eskaintzea iragarten dauena. Aipatu euskarriak Bizkaiko udal eta mankomunidadeetako euskera zerbitzuen bitartez (59) zabaldu dira lurralde osora.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu