85 herrialdetako 3.368 film labur aurkeztu dira 56. Zinebi zinemaldira

Bizkaie! 2014-09-17 17:33   Barriak

Izena emon daben filmen generoei jagokenez, zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategoriak kontuan izanda, 1.987 fikzinozkoak dira (% 59), 994 dokumentalak (% 29’51) eta 387 animazinozkoak (% 11’49).

Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldiak (Zinebi) zemendiaren 14tik 21era izango dau bere hurrengo edizinoa, 56.a. Lanak aurkezteko epea amaitu ondoren, Zinebik 85 herrialdetako 3.368 film jaso ditu, eta horreen artean aukeratuko dira Lehiaketako Sekzio Ofizialean lehiatuko diranak, lehiaketan parte hartuko daben hiru generoetarako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak irabazteko asmoz. Jenero horiek, fikzioa, dokumentala eta animazioa izango dira.

Lanen jatorriari jagokonez, herrialdeen artean Espainia azpimarratu behar da (754 film, horreen artean Euskal Herriko 123), eta bere ondoren Frantzia (490), Alemania (235), AEB (195) eta Erresuma Batua (148) datoz. Hegoamerikako herrialdeen artean, film labur gehienak Brasildik (148), Mexikotik (79) edo Argentinatik (61) heldu dira. Zine produkzino urria eta mendebaldeko ikus-entzuleentzat ezezaguna daben herrialdeen artean Aljeria (4), Armenia (2), Azerbaidjan (4), Bahrein (2), Bangladesh (2), Bhutan (1), Islandia (1), Jordania (1), Kosovo (6), Palestina (1), Kongoko Errepublika (1) edo Sierra Leona (1) azpimarra daitekez. Herrialde eta gune geografiko eta kultural anitzen partaidetza horrek nabarmendu egiten dau, barriro be, zinemaldi beterano honen nazinoarteko izakerea.

Azkenik, izena emon daben filmen generoei jagokenez, zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategoriak kontuan izanda, 1.987 fikzinozkoak dira (% 59), 994 dokumentalak (% 29’51) eta 387 animazinozkoak (% 11’49).


Twiggy

Óscar Mariné diseinugile eta marrazkilariak Zinebiren 56. edizino honetarako egin dauen kartela, Twiggy modelo ohi eta antzezle britainiarrari eskainitako omenaldia da. Nazinoarteko lehenengo top-modela izan zan, eta 1966an, 17 urte zituala, Londonen izan zituan lehenengo agerraldietatik, aurreko guztiagaz konparauta desbardina zan emakumea irudikatzen jakin eban, txikia eta oso argala, eta mundu osoko miloeka emakumek euren eredu lez hartu eben.

Zuri baltzeko irudi horregaz, Zinebi 56k omenaldia eskaintzen deutso Lesley Hornby Twiggyri, emakume horrek, sarritan atzemon ezin daitekeen zeozer bereganatzen jakin ebalako, belaunaldi oso baten garaia, aldaketarako eta askatasunerako nahia. Izan be, Twiggyk bere alorrean egin eban legez, Zinebik be, urtero, film laburren bitartez, mundu osoko zinema garaikideak egiten dituan bide aldakorrak bereganatu nahi ditu.

Lesley Hornby, mundu osoan lilurea sortzen eban eta leku guztietatik deiak jasoten zituan modeloa izan zan. 21 urte zituala antzezle karrerea hastea erabagi eban. Bere lagun zan Ken Russell zinemagile britainiarrak, haren lehenengo filmaren protagonista izateko konbita egin eutson, The Boyfriend (1971), zinemagile berezi horren ikus-delirioa erakusten eban lana. Ondoren zineman egin dituan lanetan, Mel Ferrer, John Landis, Harold Ramis, John Schlesinger eta John Carpenter lako zinemagile handiak izan ditu lagun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu