Berri Txarrak taldeak 'Denbora da poligrafo bakarra' disko hirukotxa kaleratuko dau zemendiaren amaieran

Bizkaie! 2014-10-03 15:45   Musikea

Berri Txarrak taldeak 20 abesti barri batzen dituan Denbora da poligrafo bakarra lan hirukotxa argitaratuko dau zemendiaren amaieran, LP eta CD formatuetan, Only In Dreams zigilu propioan, taldearen 20. urteurrena ospatzeko.

Berri Txarrak taldeak 20 abesti barri batzen dituan Denbora da poligrafo bakarra lan hirukotxa argitaratuko dau zemendiaren amaieran, LP eta CD formatuetan, Only In Dreams zigilu propioan, taldearen 20. urteurrena ospatzeko, talde nafarrak bere webgunean jakinarazo dauenez.

20. urteurrena ospatzeko zerbait berezia eskaintzeko gogoa piztu eta 'Haria' birea amaitu orduko kantu barriak lantzen hasi ginan. Sortze prozesu luzeari hasierea emon geuntsan holan, '20 urte 20 abesti leloa buruan josita, azaldu dabe.

Holan, lan barriko abestiak hiru zatitan banatzea erabagi eben, hiru produktore desbardinen eskutan jarriz. Esangura horretan, 2014an zehar hiru grabaketa saio egin ditu taldeak, Ross Robinson, Ricky Falkner eta Bill Stevenson produktoreakaz.

Hasteko, martian eta apirilean, hirukote nafarrak Ross Robinsonegaz lan egin eban Venicen (Kalifornia, AEB). Haria (2011) diskoaren grabaketan parte hartu eban Robinsonek, At The Drive-In, Slipknot, The Cure eta beste talde batzuekaz lan egin dauenak. Alderdi emozionala eta espirituala lehenesten ditu, musikariaren erraiak hatz puntakaz ikutu eta tripetatik egindako interpretazinoen bila beti, azaldu dabe.

Ondoren, garagarrilean eta abuztuan, taldea Madrilera joan zan, Ricky Falknerregaz lan egiteko. Abesti moltzo berezia sortu eban bigarren EPrako, eta indie eszenan ezaguna dan Ricky Falkner (Standstill, Lori Meyers, Love of Lesbian) Bartzelonako produktoreagaz lan egin eben, gure ohiko soinukera (horrek zeozelako zentzurik badauka) beste norabaitera eroango ebalakoan.

Azkenik, irailean zehar, Bill Stevensonen aginduetara egon da Berri Txarrak Fort Collinsen (Colorado, AEB). Punk rockaren historian ezinbesteko izena da Bill Stevenson, Black Flag, Descendents, All, Only Crime edota The Lemonheads taldeetako bateria jotzailea. Azken urteotan ezaguna da AEBetako punk produktore legez egindako diskoakaitik (Rise Against, NoFX, Alkaline Trio), Jason Livermore injinerua beti alboan dauela.

Holan ba, Berri Txarrak hirukoteak zemendiaren amaieran kaleratuko dau Denbora da poligrafo bakarra disko hirukotxa, Only In Dreams zigilu propioan, taldearen 20. urterrena ospatzeko asmoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu