Bernardo Atxagak jaso dau Euskadi Literatura Saria

Bizkaie! 2014-10-08 12:44   sariak-autortzak

Euskadi Literatura Saria Bernardo Atxagarentzat izan da Nevadako egunak liburuagatik. Iñigo Roque itzultzaileak jaso du itzulpen lanik onenarena eta Idoia Estornes idazleak gaztelaniazko literatur libururik onenarena. 18.000 euro jasoko ditu saritu bakotxak, eta 4.000 euroko laguntzinoa be jasoko dabe literatura sarituek liburua beste hizkuntza batera itzultzen bada.

Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuorde Joxean Muñozek, 2014ko Euskadi Literatura Sarien irabazleen barri emon dau gaur, urriak 8, Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan izan dan prentsaurrekoan. Euskerazko literatura lanik onenarena ez eze, gaztelerazko literatura lanik onenarena, eta euskerazko itzulpen lanik onenarena be emon ditue gaurko ekitaldian. Hurrengo asteetan emongo dabe ganerako sarituen barri.

Euskadi Literatura Saria Bernardo Atxagarentzat izan da Nevadako egunak liburuagatik. Iñigo Roque itzultzaileak jaso du itzulpen lanik onenarena eta Idoia Estornes idazleak gaztelaniazko literatur libururik onenarena. 18.000 euro jasoko ditu saritu bakotxak, eta 4.000 euroko laguntzinoa be jasoko dabe literatura sarituek liburua beste hizkuntza batera itzultzen bada.

Zehazten, etiketa bat jarten gatxa da Bernardo Atxagaren Nevadako egunak liburua (Pamiela), eta hain zuzen be genero buztarketa hori izan da Euskadi Sariak hautatu dituan epaimahaiak saritu dauena. Hasiera batean idazleak bere familiagaz 2007ko abuztutik 2008ko bagilera AEBetako Nevadako Reno urian egindako egonaldiaren kronikea emoten badau be, laster hari hori gomutakaz eta mueta guztietako beste elementu batzuekaz nahastau egiten da. Memoria liburua izan daiteke baina eleberria be bada. Edozelan be, epaimahaiak nabarmendu dauenez, Berbearen magia dario Bernardo Atxagaren proseari liburu honetan. Atxagarena da epaimahaikoen eretxiz igaz euskeraz argitaratutako libururik onena.

Beste alde batetik, Iñigo Roquek egindako itzulpena nabarmendu dau epaimahaiak itzulpengintzearen alorrean. Antonio Lobo Antunes idazle portugaldarraren Gauzen ordena naturala liburua itzuli dau Roquek, eta hori izan da epaimahaiaren eretxiz urteko itzulpen lanik onena. Epaimahaiaren arabera, Jatorrizko testua bihurri halakoa da, zailtasun formalak izan badira, erronka handia izan dau itzultzaileak eta ederto gainditu dau. Literaturan Unibersala sailean argitaratu dabe lana, Alberdania-Erein eta Igela argitaletxeen alkarlanari esker. Igaz be izan zan finalista Roque Fernando Pessoa poetearen poemez osotutako Poemak pluralean antologia itzultzeagaitik.

Cómo pudo pasarnos esto liburuagatik jaso dau Idoia Estornes idazleak gaztelaniazko libururik onenaren saria (Erein). Memoria liburu lez idatzitako liburua da eta hori da epaimahaiak nabarmendu dauena: Liburu honek hurreraketa bat eskaintzen dau, lekukotza bat, zenbait; belaunaldi baten kronikea da, eguneroko bizitza be txertatzen dauena, barruko begirada bat.

Azken urteetan idazleek eurek edo argitaletxeek aurkeztu behar izan ditue lanak sariketara. Kritikak jaso zituan aldaketa horrek, eta aurten baldintza hori aldatzea erabagi dua Eusko Jaurlaritzeak; barriro be epaimahaia da urteko produkzinoa kontuan hartuta sarituak hautatzen dituana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu