Ekialde Ertaineko soinuak, folka, pop-rocka eta musika garaikidea izango dira 'Poltsiko Musika' programan

Bizkaie! 2014-10-09 12:17   Musikea

X. Poltsiko Musika programea barikuan, urriaren 10ean hasiko da. Ekimenaren helburua, ikus-entzule guztiei hainbat herrialdetako musika joerak erakustea da, bertako taldeen edo gure urian bizi diran kanpoko musikarien eskutik, formatu txikiko kontzertuen bitartez.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Poltsiko Musika programearen hamargarren edizinoari emongo deutso hasierea barikuan. Ekimenaren helburua, ikus-entzule guztiei hainbat herrialdetako musika joerak erakustea da, bertako taldeen edo gure urian bizi diran kanpoko musikarien eskutik, formatu txikiko kontzertuen bitartez.

Urrian zehar, Abando – Barrainkuako Udaltegiak, oso estilo anitzetako lau emonaldi jasoko ditu, Ekialde Ertaineko musika herrikoitik hasi eta folk eta pop-rockeraino. Kontzertuak –sarrera librea izango dabe leku guztiak bete arte– urriko bariku guztietarako dagoz programauta (urriaren 10ean, 17an, 24an eta 31n), arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Programea bariku honetan, urriaren 10ean, zabalduko da, Michel Gascoren (lautea) eta Aritz Mugartegiren (perkusinoa) emonaldiagaz. Melodías de Oriente kontzertuak musikan oinarritutako bidaia aurkezten dau, Damaskotik Kairoraino, Ekialde Ertaineko kultur, musika eta erritmo aberastasuna erakusteko. Errepertorioan melodia arabiarrak, otomanoak eta persiarrak dagoz, laute arabiarra, buzuk siriarra eta rugab afganiarra lako musika-tresnakaz interpretauta.

Urriaren 17an, Garikoitz Mendizabalen (txistua) eta Aitor Furundarenaren (akordeoia) txandea izango da; Arnasak lana musika proposamen garaikidea da, baina herrian inspirauta. Tangoari eta musika eskoziarrari egiten jakezan keinuek lekutxu bat hartzen daben jantzen, joten eta fandangoen artean.

Hirugarren kontzertua, urriaren 24koa, gitarreari eskainita egongo da, Juan Carlos Ferreñok, Raúl Sainz de Rozasek eta Salva Salazarrek osotutako hirukoteagaz. Oso hiru estilo desbardinetatik, klasikotik, folketik eta jazzetik, datozen gitarra jotzaileak dira, eta euren teknikea erakutsiz buztartzen dira Pasos izenburuko ikuskizunean.

Zikloa urriaren 31n zarratuko da, Bilillo y los Sullos taldearen El sur de Armenia kontzertuagaz. Talde horrek formatu akustikoan eskainiko dau bere lan barria. Lan horretan, power – pop erasokorrenetik, baladetara eta Bilillok, taldearen buruak, sortutako karga poetiko handiko abestietaraino doazen abestiak jasoten dira.


Poltsiko Musika - Egitaraua

- Urriak 10. 19:30ean, Melodías de Oriente. Michel Gasco (Lautea) + Aritz Mugartegi (perkusinoa). Lekua: Barrainkuako Udaltegian (Barrainkua kalea, 5).

- Urriak 17. 19:30ean, Arnasak. Garikoitz Mendizabal (txistua) + Aitor Furundarena (akordeoia). Lekua: Barrainkuako Udaltegian (Barrainkua kalea, 5).

- Urriak 24. 19:30ean, Pasos (gitarra hirukotea): Juan Carlos Ferreño, Raúl Sainz de Rozas eta Salva Salazar. Lekua: Barrainkuako Udaltegian (Barrainkua kalea, 5).

- Urriak 31. 19:30ean, El sur de Armenia. Bilillo (ahotsa) + Edu Basterra (gitarra) + Juan López (baxua eta gitarra). Lekua: Barrainkuako Udaltegian (Barrainkua kalea, 5).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu