Japonian ezusteko arrakastea izan dauen Yuimino+ taldea ekarriko dau Zornotzara VIII. Mangamore Jaialdiak

Bizkaie! 2014-10-09 15:00   kulturbiz

Zornotzara dator atzera be Mangamore, Japoniako kulturaz eta manganimez gozetako eta gehiago jakiteko jardueraz beterik. Programa originalenetako, ludikoenetako eta dibertigarrienetako bat da jaialdi hau, eta milaka bisitari erakarten ditu urtero. Aurten, urriaren 10etik 12ra izango da. Danetara, 90 jardueratik gora programau ditue.

Zornotzara dator atzera be Mangamore, Japoniako kulturaz eta manganimez gozetako eta gehiago jakiteko jardueraz beterik. Programa originalenetako, ludikoenetako eta dibertigarrienetako bat da jaialdi hau, eta milaka bisitari erakarten ditu urtero. Aurten, urriaren 10etik 12ra izango da. Danetara, 90 jardueratik gora programau ditue, mueta guztietakoak, tailerrak zein musika-emonaldiak, lehiaketak, bideojokoak, umeentzako ekintzak eta bestelakoak. Ganera, Zornotzako jaialdiaren maskotea dan Ureshi, ibiliko da kaleetan zehar.


Ikuskizunak eta kontzertuak

Barrikuntza lez, Yuimino+ talde japoniarra izango da zapatuan Zelaietan. DJ be jarduten daben eta jantzi deigarriez agiri diran hiru neskak osotzen daben idol talde honek arrakasta itzela izan dau bertan bere cosplay-ei esker.

Beste talde batzuk be ibiliko dira: Skimales (Getxoko taldeak abesti ezagunen bersinoak egiten ditu, umoreak zipriztinduta) esaterako, eta Attack on Games be bai, zenbait bideojokoren soinu bandak pianoagaz eta gitarreagaz joten dituenak.


Gastronomia karpea

Urteroko moduan, aurtengo edizinoan be nabarmena izango da gastronomia-kulturearen presentzia. Karpa gastronomikoa Zelaieta parkean egongo da, jaialdiak dirauen artean zabalik egongo dana, eta Japoniako mueta guztietako produktuak probau ahalko dira bertan. Menu bereziak eta umeentzakoak ez eze, garagardao japoniarrak eta bertako gozo tipikoak be izango dira. Donostiako A Fuego Negro jatetxeko Edorta Lamok, euskal sukaldaritzea ekialdekoagaz fusionauko dau eta Mangamore Jaialdirako sortu dituan pintxoak jateko aukerea be izango da. Zornotzako Urtza tabernako Julen Bazek be diseinau dau pintxo bat, karpan probau ahal izango dana. Gastronomia tailerrak be egongo dira: Okonomiyaki dalakoaren ganekoa batetik, eta sushi dastaketak bestetik.


Txakur lehiaketea

Azken edizinoetan jarduera arrakastatsuenetakoa izan dana programau dabe aurten be, Akita Shiba Inu izeneko txakur lehiaketea hain zuzen be. Aurtengo edizinoan Europa guztiko herrietatik etorriko dira, baita Errusiatik be, txapelketan parte hartuko daben 80 lehiakideak. Zapatu goizean izango da, Zubiondo parkean.


Tailerrak, txapelketak

Japoniako alderik tradizionalenek be izango dabe lekua Mangamoren, kimonoa jazteko tailerretan, eta Bon Odori eta Kendo eta Ninjutsu burruka arteen erakustaldietan. Manga eta animea be ez dira faltako, jakina, horreen erakustoki izango baitira dagoeneko tradizino bilakatu dan cosplay erakustaldia eta karaokea.

Japoniako kultureari buruzko berbaldiak be izango dira; Juan Carlos Perezek mangearen eboluzinoaz eta Japoniarako bidaiez jardungo dau eta Andrea Sanok, bere aldetik, gyaru dalakoari buruz. Azkenik, Joseba Cordonek Toei eta Tokusatsu industria gaiak jorratuko ditu, dokumentala be tartean izango dalarik.


Zornotzarren partaidetzea

Azpimarratzekoa da, azkenik, herritarren partaidetzeak dauen garrantzia. Besteak beste, Zaparrada batukadearen emonaldia izango da, Ukabilak alkartearen karate erakustaldia, Eromen musika taldearen kontzertua eta Forjadores alkarteak antolatuta eskainiko dan mahai-jokoen esparrua.

Esan beharra dago, era berean, jaialdia Zelaieta zentrora mugatu barik, udalerriko hainbat espaziotara zabalduko dala, Zornotzako kale eta plazetan emonaldiak eta kale-animazinoa izango diralarik. Ureshi, jaialdiaren maskotea, bere aldetik, herrian zehar ibiliko da, nahi dabenakaz zenbait tokitan argazkiak eginez. Zelaietan batu ahalko dira, doban, argazkiok.

Egitarau osoa eskuragarri dago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu