Oihana Kortazar: 'Probetan dauenak engantxauta amaitzen dau'

Koldo Isusi Zuazo 2014-10-13 12:48   Barriketan

Mendiko korrikolaria

Zeanurin, urriaren 18an izango da Gorbeia Suzien Banco Mediolanum Sari Nagusia, eta aurten lehiaketa honek beste pausu bat emon eta nazinoarteko mendi-lasterketen federazinoko (ISFko) Skyrunner National Series zirkuitoan sartu da, Gorbeia Suzien, beraz, 2014ko Skyrunner National Championship izango da.

Gorbeiako Parke Naturaleko bazterrak ezagutaraztea helburu dauen lehiaketeak bertoko zein munduko espezialista onenak batuko ditu. Aurten Oihana Kortazar ez dogu arin-arinka ikusiko baina sano sartuta ibili da antolatzaileakaz batera entrenamentu saioak diseinetan eta Pablo Masegaz batera hilaren 15eko mahai-inguruan be parte hartuko dau.



1.- 2015. urtearen hasieran ekingo deutsazu barriro lehia kirolari. Bigarrenez ama izan ostean, zerk eragin dau erabagi hori?

Ez dau ezerk eragin, gauza natural bat izan da, ama izateak ez dau esan nahi lehiari laga behar jakonik, bigarren aldiz izan naz amatxo eta bi kasuetan argi euki dot errekuperau ostean barriro bueltauko nazela.


2.- Zure bigarren seme Aratz joandako bagilean jaio zan eta denpora lar ez dozu izango baina entrenamentuakaz hasita egongo zara dagoeneko, ezta?

Hasi egin naz baina oso trankil oraindino, lau hile be ez dira pasau ta gorputzari denporea emon behar jako. Korrika zapatu domeketan egiten dot apur  bat, ordubetetik pasau barik, eta astean bizikleta eta beste ariketa batzuk eginez.

Denbora lar ez daukot ez, baina bere lantokira joan behar danak denporea atera behar dauen lez, nik neretzako lan bat balitx moduan dana egiteko be denporea ateraten dot, kirol hau maite dot baina hobe bat baino gehiago da eta seriotasunez hartzen dot.

Zezeila-martia inguruan hasiko naz lehiatzen eta horretarako abenduan edo entrenamendu plangintzakaz hasiko naz.


3.- Orain hiru bat urte Aimar jaio eta ostean lehian gogotsu hasi zinanean, titulu potoloak irabazi zenduzan, Munduko, Europako zein Espainiako txapelketak. Motibazinoari jagokonez, zelako momentua bizi dozu orain?

Motibauta nago, baina ez momentu haretan irabazi nituan tituluakaitik; denpora bat pasau ostean gelditzen dana eta benetan ardura deustiena jentearen animoak dira, ni itzultzeko gogoa daukiela sentiduarazoten deustie eta hori da kriston indarra emoten deustana.


4.- Irabazi dozuzanak ikusita, ba al dago zeozer beren-beregi motibetan zaituanik? Lasterketa edo ultra trail berezeiren bat irabazi gurako zeunke?

Hainbeste mendiko lasterketa dago bazterretan … ez neuke jakingo bat aukeratzen. Zegama Aizkorri da seguruenik gehien emon deustana, baina lasterketa danek daukie zeozer.


5.- Sasoi bateko mendizaletasunagaz, mendira oinez igon eta bajatzeko horregaz ez dauka zerikusirik zure espezialidadeak, ala bai? Zergaitik erakarten dabe horrenbeste jente mendi lasterketek?

Nik esango neuke baietz, badaukala zerikusia, garrantzitsua da mendia ezagutzea mendiko lasterketetan ona izateko, eta ezagutzeko lenengo mendian asko ibilitakoa bazara hobeto.

Zergaitik erakarten daben horrenbeste jente… faktore asko dagoz, alde batetik, prestau beharra dauen arren, korrika naiz tarteka oinez joanda, beste lasterketa batzuetan baino hobeto heldu zaitekez helmugara, asko disfrutauta; gainera, lasterketea egiten dan parajea, inguruak, natureak, asko tiratzen dau, giro sanoa daukagu… baina gatxa da arrazoiak emotea, egia dana da, probetan dauenak engantxauta amaitzen dauela, ta zeozergaitik izango da.


6.- Azken aldion aholkulari edo entrenatzaile lana be egin dozu. Hasibarrientzako hiru bat gomendio edo aholku emongo zeunkez?

 
Ondo preparetako, jakitun izateko norberaren muga eta gaitasunaz eta disfrutetako!


7.- Orain hiru urte I. Gorbeia Suzien irabazi ostean, aurten ez dozu parte hartuko baina hurretik segiduko dozu guztia. Zelan definiduko zeunke Gorbeia Suzien? Eta ibilbidea?

Ilusino itzela daukan lan-talde batek antolatutako lasterketea da,eta hori oinarri lez hartuz, emoitza handia da. Nik lenengo urtean parte hartu eta irabazi neban, aurten ikusten egongo naz eta umeakaz moldatzen banaz martxan irtengo naiz, eta eguaztena 15ean Areatzan egongo naiz Gorbeia Suzienek antolatutako mahai-inguruan, mendi lasterketen prestakuntzeari buruz.

Ibilbidea nire gustokua da, gogorra,baina mendiko lasterketa batek izan behar dauena lakoa. Mendiagazko zaletasun handiko leku baten ospatzen da eta giro ederra egoten da. Merezidu dau bertara hurreratzea, parte hartuz naiz ikuste bezela. Ikusi besterik ez dago urte gitxitan noraino heldu dan lasteketa hau!


8.- Aurten, ibilbidearen tarte batean Kilometro Bertikal partziala neurtuko da. Erronka honek 5 km eta 1.000 metroko desnibel positiboa daukaz, San Justoko baseleizatik Lekandako tontorrera. Aurten, nobedadea da Kilometro Bertikala eta Lekanda tontorra bera. Gauzak gatx jarri jakez parte-hartzaileei, izan be, hortik aurrera 20 km. faltako dira helmugarako…


Ez neukan nobedade honen barri, baina gustatzen jata idea. Gauzak gatx jarriko jakez bai baina urtero zeozer desbardina egitea garrantzitsua da.


9.- Gorbeia Suzienerako entrenamentuak atondu dozuz aurten. Zelako esperientzia izan da?

Gorbeia Suzienekoakaz kolaboretea beti da plazer bat. Esperientzia polita izan da. Badakit askok jarraitu dabezala nire gomendioak eta batzuk zalantzak galdetuz be idazi deustie. Oso gustora ibili naz.


10.- Aita zeanuriztarra izanda eta mendian lehenengo pausuak Bizkaiko Erdella taldeagaz emon ostean, lotura berezia izango dozu Zeanuri eta Gorbeiako parajeakaz?

Benetan oso lotura estua, etxean bezela sentiduarazoten deustie.


11.-Trail runningeko 30 espezialista baino gehiago izango dira aurten Gorbeia Suzienen. Ba al daukazu faboritorik?

Faboritoak eta lagunak, baina onenak irabazi daiela! Holako lasterketak nitzako lagunekaz alkartzeko tokia dira, desietan egoten naiz holako egunak heltzeko. Edozlean be, ez naiz ausartzen faborito bat emoten, ez naz bustiko jeje.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu