III. ArgIHIzkiak literatura-lehiaketearen erakusketea Getxon ikusgai

Bizkaie! 2014-11-17 09:50   Kulturea

ArgiHizkiak literatura-lehiaketako 10 argazki eta horreetan oinarritutako euskerazko testu labur onenak batzen dituan erakusketea zemendiaren 17tik abenduaren 4ra arte bisitau ahal izango da Algortako Villamonte kultur etxean.

ArgiHizkiak literatura-lehiaketako 10 argazki eta horreetan oinarritutako euskerazko testu labur onenak batzen dituan erakusketea zemendiaren 17tik abenduaren 4ra arte bisitau ahal izango da Algortako Villamonte kultur etxean. Inaugurazinoa eta saribanaketa ekitaldia gaur bertan izango dira. Erakusketea bisitetako ordutegia: astegunetan, 08:30etik 14:30era eta 16:00etatik 21:30era arte; eta zapatuetan 09:00etatik 13:00 arte.

Egizu Getxo Euskaldun alkarteak eta UK aldizkariak, Uribe Kostako Mankomunidadeagaz, Getxo, Leioa, eta Berangoko udalakaz, eta hainbat alkartegaz (Berbots, Berbalamiñe, Leioako berbalagunak, Aitxu! eta Bizarra Lepoan, besteak beste), ArgIHIzkiak literatura-lehiaketea antolatu dabe aurten bere.

Ekimen honen helburu nagusiak ondokoak dira: jentea euskeraz idatzi eta irakurri daian animetea, eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea. Horretarako, 10 argazkilariren argazki bana aukeratu ziran eta horreetan oinarritutako testuak idatzi zituen parte-hartzaileek. Hirugarren edizino honetako 10 argazkilariak Barrika, Leioa, Sopela, eta Getxoko profesionalak eta zaletuak dira: Garikoitz Bilbao Bollada, Endika Martinez Alboniga, Andoni Berriotxoa Gabiria Lubaki, Alfredo Aldai Ugarriza, Mikel Martinez de Trespuentes, Asier Mentxaka Zalbidea, Zuriñe Unzueta Muñoyerro, Victoria Bengoa Ruigomez, Jon Astorquiza del Val eta Ana Gonzalez Herrero.

Lehiaketan 16 urtetik gorako edozeinek parte hartu ahal izan dau ondoko bi kategoriatan: bata, laburlaburra (160 karaktere gehienez) eta, bestea, laburra (100 berba gehienez). Testuak euskera batuan edo edozein euskalkitan egon eitekezan idatzita, eta argazkietako batean egon behar ziran oinarrituta. Edozein testu mueta, hau da, prosa, olerkia, bertsoa, haikua eta abar onartu dira. Testuak bialtzeko, parte-hartzaileek sms-a, whatsapp-a edo posta elektronikoa erabili dabe. Argazkietan oinarritutako III. testu laburren lehiaketa honetara lanak bialtzeko epea maiatzaren 1etik bagilaren 15era bitartean egon zan zabalik.

Testu horreek guztiak Itxaso Paia Ruiz eta Edorta España epaileek aztertu eta balorau ostean, testurik onenak aukeratu zituen argazkien ondoan erakusketa honetan egoteko.

100dik gora testu jaso dira Hego Euskal Herriko lurraldeetatik. Testu gehienak Bizkaitik (69) eta Gipuzkoatik (22) heldu dira, baina baita Arabatik (15) eta Nafarroatik (2) be.

Bizkaitik jasotakoen artean Uribe Kostakoak (46) asko izan dira: Getxotik 28, Sopelatik 7, Leioatik 3, Berangotik 3, Urduliztik 3 eta Erandiotik 2.

Kategoria bakotxeko irabazle bana izan da eta 200€ jasoko ditue. Epaileek Testu Laburrik onena Josu Gotzon Landeta Egurrolak egindakoa izentau dau, eta testu labur-laburren arteko onena Maitane Nerekan Umaranena izan da epaileentzat.

Erakusketa hau Getxon hasiko da zemendiaren 17an; Berangon izango da abenduaren 9tik 19ra, Sopelan urtarrilaren 7tik 18ra, Urdulizenurtarrilaren 19tik zezeilaren 1era, Leioan zezeilaren 4tik 24ra, Lemoizen zezeilaren 26tik martiaren 8ra, Gorlizen martiaren 10etik 22ra; eta Uribe Kostako beste herri batzuetan be bai (datak eta lekuak zehazu barik dagoz oraindino).

Jasotako testu guztiak Interneten be agertuko dira, astelehen (hilak 17) goizean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu