Kulturklik agendea gailu mobikorretan konsultau daiteke dagoeneko

Bizkaie! 2014-11-26 10:48

Kulturklik agendea gailu mobikorretan konsultau ahal izateko aplikazino barri bat garatu dabe, eta holan, erabiltzaileek atari horretako agendeak jasoten dituan kultur ekitaldi guztiak euren gailu mobikorrean eroan ahal izango ditue aurrerantzean. Kulturklik App barria www.kulturklik.euskadi.net helbidean deskargau daiteke.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzeak Kulturklik agendea gailu mobikorretan konsultau ahal izateko aplikazino barri bat garatu dau, eta holan, erabiltzaileek atari horretako agendeak jasoten dituan kultur ekitaldi guztiak euren gailu mobikorrean eroan ahal izango ditue aurrerantzean. Kulturklik App barria www.kulturklik.euskadi.net helbidean deskargau daiteke.

'Modu erraz eta intuitiboan', Kulturklik atariaren agendea konsultetako aukerea ematen deutse tresna barriak erabiltzaileei. Android nahiz iOS sistema eragilea dabenek dagoeneko deskargau leikie aplikazinoa, eta euren gailu mobikorretan erabilten hasi, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak prentsa ohar bidez jakinarazo dauenez.

Euskerearen lurralde guztietan gertatzen diran aurrez aurreko kultur jarduerak batzen ditu Kulturklik agendeak, hau da, Euskal Autonomia Erkidegokoak (EAE) ez eze, euskal kultur eragileek Nafarroan zein Iparraldean egiten dituenak be.

Agendea Kulturklik Kultura Atari Interaktiboaren zati bat da, eta 250 ekitalditik gora jasoten ditu egun bakotxeko. Kopuru hori hazi egiten da astegoienetan, eta 300 hitzordutik gora izaten ditu agendeak barikuetan eta zapatuetan. Kulturearen sektore guztietako ekitaldiek dabe lekua bertan: ikusizko arteek, arte eszenikoek, bertsolaritzeak, musikeak, literatureak, ikus-entzunezkoek eta abar.

Agendako emonaldien artean bilaketea egiteko, barriz, erabiltzaileak ekitaldi muetea, udalerria, eguna edo jarduerea egingo dan hizkuntzearen arabera sailkatuta topauko ditu ekitaldi guztiak. Bere gogoko ekitaldia topetan dauenean, jarduera horren inguruko informazino guztia eskura izango dau, bai eta kokalekua be mapa batean (google maps).

Era berean, bere hurreko inguran dituan ekitaldiak ikusteko aukerea be izango dau eta, azkenik, agendako edozein ekitaldi posta elektroniko edo sare sozialen bidez konpartidu ahal izango dau, emonaldiaren fitxatik bertatik.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu