Euskadiko Liburutegi Digitala abian da

Bizkaie! 2014-11-27 10:07

Gaurtik aurrera, liburutegi publikoetako 530.000 bazkideek liburuen katalogo zabal bat deskargau ahal izango dabe Internet bidez. Urte amaieran 3.000 lan baino gehiago egongo dira eskuragarri, eta 2015ean, 15.000. Lanak euskerazkoak eta gaztelaniazkoak izango dira.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek eLiburutegia, Euskadiko Liburutegi Digitala aurkeztu dau Gasteizen, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuorde Joxean Muñozegaz, Imanol Agote Alberro Kultura Ondarearen zuzendariagaz eta Eusko Jaurlaritzako Liburutegien Zerbitzuko buru Francisca Pulgarregaz batera. Gaurtik aurrera, liburutegi publikoetako 530.000 bazkideek liburuen katalogo zabal bat deskargau ahal izango dabe Internet bidez.

Urte amaieran 3.000 lan baino gehiago egongo dira eskuragarri, eta 2015ean, 15.000. Lanak euskerazkoak eta gaztelaniazkoak izango dira. Uriartek eta Muñozek zerbitzua Estaduan aitzindaria dala nabarmendu dabe, katalogora argitalpen barriak batu dituelako. Holan, Euskadiko eta Estaduko argitaletxe nagusiek proiektuan parte hartzen dabe eta eLiburutegia zerbitzuan lanak jarri ditue eskuragarri.


Pirateriaren alternatibea

Joxean Muñoz sailburuordeak adierazo dau eLiburutegia pirateriari aurre egiteko alternatiba izan daitekeela: 'Liburutegi digitalaren bidez, bi minutu behar dozuz liburu bat doban deskargetako eta irakurten hasteko', esan dau. Modu horretan, erabiltzaileek egileen, argitaletxeen eta liburuen iraupena bermatuko dabe, Eusko Jaurlaritzea arduratuko baita eLiburutegiari emondako zerbitzua ordaintzeaz.


Nork erabili leike eLiburutegia?

Udal liburutegietako bazkide guztiek izango dabe zerbitzura sartzeko aukerea, Donostiako, Bilboko eta Santurtziko liburutegietakoek izan ezik, 2015ean sartuko baitira sarera. Udea baino lehen, liburutegi guztiak Irakurketa Publikoko Sarean sartuta egongo dira, beraz, eLiburutegian.


Zelan lortu?

eLiburutegia plataformea erabilteko, liburutegira joan eta altan emoteko eskatu behar da. Han, online mailegu-plataforman sartzeko erabiltzaile-izena eta pasahitza emongo deutseez. Datu horreek lortu ondoren, plataforman sartu eta liburuak irakurten has daiteke.


Oinarrizko arauak

Plataformearen bidez, liburuak streaming-en irakurri ahal izango dira, edo sei gailu elektronikoetan be deskargetako aukerea emongo da (smartphonea, eLiburua edota ordenagailu eroangarria). Maileguak 21 egunekoak izango dira eta erabiltzaileak bi liburu erabili ahal izango ditu gehienez. Bi lan erreserbetako aukerea be emongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu