Singapur, uri perfektua

Zigor Aldama 2014-11-28 13:01   Bidaide

Tradizinoa eta abangoardia burrukan dagoz eten barik oparotasunaren ugarte honetan. Asiako Hego Ekialdeko finantza zentro garrantzitsuena da eta planetako herrialderik aurreratuenetakoa. Edozelan be, finantza guneko etxe-orratz distiratsuakaz batera, kultura txinatar, hindu eta islamikoaren ohitura zaharrak babesteko tenplu txikiak dagoz.

Singapurreko legeriak heriotza zigorra ezartzen dau droga trafikatzaileentzat. Uri-estaduko inmigrazino inprimakian baltzez nabarmenduta dagoan oharra da hori eta horren aldean, Pierre Balmainen soinekoagaz jantzita, Singapore Airlines konpainiako azafateak irribarretxua eskainiko deusku Airbus 380 erraldoian goazenoi aitatu inprimakia emoten deuskun bitartean. Lurreratu ostean be gorabeherak eta desadostasunak bata bestearen atzetik datoz.

Urtero munduko onenen artean sailkatutako Changiko aireportu ederrean, zur eta lur ixten gaitu oihanetik bueltan edo zeregin militarrerako jantzitako soldadu taldearen paseo-desfileak; eta bikain inausitako zugaztxu eta zehatz lerrokatutako palmondoakaz apaindutako etorbide zabaletan galarazpen mueta guztien eta zigorren barri emoten deuskue karteltxu dotoreetan: txistua botatea, 50 euro; kalea semaforoa gorri dagoanean kurutzatzea, 100 euro; igogailuan txisa egitea, 300 euro; hondartzan topless egitea, 1.000 euro; eta sexu-praktika 'antinaturalakaitik' kartzela zigorra. Holan, ez da harritzekoa Singapur uria fine city lez ezagutzea, fine berbearen esangura bikotxagaz jokua eginez, fine: ederra eta multea. Dinoe hori dala uri perfektua sortzeak dakarren ondorioa.

Tradizinoa eta abangoardia burrukan dagoz eten barik oparotasunaren ugarte honetan. Asiako Hego Ekialdeko finantza zentro garrantzitsuena da eta planetako herrialderik aurreratuenetakoa. Edozelan be, finantza guneko etxe-orratz distiratsuakaz batera, kultura txinatar, hindu eta islamikoaren ohitura zaharrak babesteko tenplu txikiak dagoz. Izan be, Chinatown, Little India, Geylang Serai edo Arab Street etnic quarters edo auzoak koktel sozial baketsu honetako punturik erakargarrienak dira eta britainiar ikutu handia atzemoten da edonon.
 
Singapurreko herritarrentzako oso estimadua da sir Thomas Stamford Raffles, 1819. urtean, Johor inperioari, egungo Malasiari, Ekialdeko indiak Konpainiarentzat Singapur erostea negoziau eban gizona. Etorkizun-sen handiagaz, bera izan zan  618 metro koadroko lurraldea portu franko erraldoi bihurtu eta Britainiar Inperioaren Asiako Hego Ekialdeagazko merkantzia edo salgai trafiko guztia ahalbidetzeko erabagia hartu ebana. Gaur egun, globalizazinoaren eraginez munduko merkantzia transito handiena dauen bigarren portua da, eragile edo motor ezin hobea Asiako lau erraldoietako baten ekonomiaren suspergarri.

Horrezaz gan, urian eta inguruetan bizi diran 5,5 miloe biztanleen eta ugartera bisitan doazenen konsumismo basatia erregai ekonomiko esanguratsua da. Horren erakusgarri, nahikoa da Orchard Road, shoppingaren kale ezagunean osterea egitea eta sarreran zidarrezko zutabe bi dituan -el Ngee Ann City- zentro komerziala bisitetea. Era berean, glamour gitxiagokoa izan arren, merezidu dau Sim Lim Square ingurua ezagutzea, elektronika gaietan espezializautako merkatalgune erraldoia da eta hor diran denda batzuen ospea apur bat eskasa bada be, milaka lagun hurreratzen dira BEZ murriztua aprobetxetako asmoz.

Baina hori guztia ez da nahikoa XXI. mendean hazkunde ekonomikoari eusteko. Horregaitik, Singapurreko Errepublikeak 1965ean independentzia aldarrikatu ebanetik erabagi polemikoena hartu eban Parlamentuak 2005. urtean: jokua legeztatu eta tartean kasinoak be izango dituen aisialdirako gune erraldoi bi eregitea. Horreetako bat Sentosako ugartean dago eta bestea, barriz, erdigunean eregi eban Madrileko Eurovegaseko proiektuagaz huts egin eban Michael Adelson aberatsak. Kontuak kontu, aitatu eraikinakaz goitik behera aldatu da Singapur uriaren skyline edo ikuspegia.

Marina Bay Sandseko hiru torreen puntu altuenean, hirurak lotzen dituan eta tartean ugerlekua be badauen terraza ikusgarria planetako lorategi futurista ederrena bihurtu da. Egunez, eguzkiak gogor joten dauenean, Gardens by the Bay leku perfektua da Singapurren ohikoa dan giro sargoritsuari aurre egiteko, aire girotuagaz neumonia bat hartzeko arriskurik barik. Baina ikuskizunak ez dauka parekorik gauean, izan be, Lorategiko Rapsodia argiztapen psikodelikoagaz hornidutako 50 bat metroko altuerako arbola erraldoi artifizialek atmosfera surrealistea eskaintzen dabe.

Duda barik, gauak aparteko enkantua dauka Singapurren: Clarke Quay inguruko terrazak deskantsurako leku aproposa dira; Zooko Night Safari ikuskizuna be zoragarria da; Singapore Flyer noriak be asfaltoko ohianaren ikuspegi ederra eskainiko deusku; edozein hawker center aukeratu eta bertako gastronomiaz gozetea ez da idea txarra; eta data zehatzetan han inguruan egon ezkero, herrialdeko turismoaren eta ekonomiaren suspergarri dan Bat Formulako zirkuitoan gauez egiten dan lasterketa bakarra galdu ezinezko hitzordua izan daiteke. Urigunean zehar dago bost bat kilometroko zirkuitoa eta munduko ikusgarrienetakoa da. Kotxeen lorratzari edo arrastoari jarraituz uriaren oraina, geroa eta lehenaldia be ezagutzeko aukerea izango dogu, izan be, San Andres eleizea eta Auzitegi Gorena, Anderson zubi metalikoa, abangoardiako lanak diran La Esplanadako antzokiak eta Suntec City, erdi-erdian planetako iturri handiena, Aberastasunaren Iturria, dauen plazeagaz bat egingo dogu. Kotxeen indarra eta uriarena parekatzea ez da gehiegikeria ze bihar-etzi be aurre-aurrean egon gura dauen uria da Singapur.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu