Gaueko ahots misteriotsu horreek

Alexander Uriarte Atxikallende 2014-12-18 14:10

Ailegau da bai, eguberri garaia. Eta haregaz batera heldu dira gaueko mintzura bitxi horreek, batzuen amesen muinoraino sartzea lortzen daben kantu eta zapata hots horreek. Lorik sakonenean nabegetan gagozalarik, ohearen epeltasun eta magalean, amesik gozoenaren erroan, hantxe datoz.

Gernikarra naz. Neure herria dot maite, bere izakerea, bere sena, bere bakardade zein astrapalea, bere begiradea eta berbea, bere aldakortasun eta ohiturea, uda sasoiko baretasun eta narotasuna zein igarteko hosto jausien ulu zolia. Udaleheneko lore barrien kitzika gazi-gozoa zein neguko ipar-haizearen gupidabako zorrotza. Eta bai, maite ditut bere gabonak.

Ailegau da bai, eguberri garaia. Eta haregaz batera heldu dira gaueko mintzura bitxi horreek, batzuen amesen muinoraino sartzea lortzen daben kantu eta zapata hots horreek. Lorik sakonenean nabegetan gagozalarik, ohearen epeltasun eta magalean, amesik gozoenaren erroan, hantxe datoz. Entzulegotzat horma eta karrikak dituan abesbatza, gure herriko ohiturarik zaharrena urtez urte bizibarritzen daben negu andre-gizonak. Misteriotsuak batzuetan, baina herriaren arnasa daroenak, geure-geureak. Bederatzi goizalde tristetan doinu desbardinak zabaltzen ditue iluntasunean barrena, bakardadean barrena. Lehenengo Maria Jose doinuak. Ondoren, Jesukristo. Eta jada azken egunean, eguzkiaren printzapean Baibelenak entzun daitekez gautarron ahots eta bihotzetan.

19 urte ditut. Neure edadeko jentea, oro har, ez da kontu xalo honeetaz arduratzen. Baina, izan gaitezen argi. Nork jagongo ete dau gure herriko ohitura zahar eta errotuenetakoa, gazteok ez bada?  Erdi Aroko garai ilunetatik datorren usadioa ezin leiteke, ezta ezelan be, oroimenean lausotu. Ezin dogu onetsi beste herri batzuetan jazotakoa, hau da, gabon-kantuen erronden galerea. Izan be, batzuentzat hain kuttuna dan idatzizko tradizinoa, behinola, hau lako ahozko tradizino batetik erne zan.

Guzti honegaz batera, aitari eskerrak emon beharrean nago, egun bere ekinari eta ereduari esker jarraitzen deutsat ohitura honi-eta. Ez aita izateagaitik, ezta abestalde honetako bakarlari zaharrenetakoa izateagaitik be, negu-mutila izateagaitik baino. Bera dana izan ez balitz, segurutik ez neuke-eta ohitura hau horrenbeste miretsi eta maitatuko.

Eta badoaz gauaren isilean, goizeko lehen garoaren eta kantoietako argitxuen artean. Abestuz, herria kalez kale kantatuz. Baina beste zortzi goizalde goibeletan bueltauko dira gure etxe azpira, mendez mendeko erritmo eta doinu beragaz, gabon garaiko ahots misteriotsu eta maiteak. Marijesiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu