Heldu barri da Bilbora 'Goazen gudari danok… Arkeologia eta memoria historikoa' erakusketa ibiltaria

Bizkaie! 2014-12-18 14:42   Kulturea

Zirardamendi-Elgoibar frontean, 1936ko irailean, izandako gudaldia gogoratzeko ekitaldien barruan, Sabino Arana Fundazinoak Goazen gudari danok erakusketea aurkeztu eban irailean. Hainbat herritan ikusgai egon ostean, Bilboko Arkeologi Museora ailegau da, eta bertan egongo da zezeilaren 28ra arte.

Zirardamendi-Elgoibar frontean, 1936ko irailean, izandako gudaldia gogoratzeko ekitaldien barruan, Sabino Arana Fundazinoak Goazen gudari danok erakusketea aurkeztu eban irailean. Hainbat herritan ikusgai egon ostean, Bilboko Arkeologi Museora ailegau da, eta bertan egongo da zezeilaren 28ra arte.

Bilbon, ganera, erakusketeari orain artean ikusi bako beste atal bat gehitu deutsie, arkeologia edozein sasoi historiko ikertzeko metodo lez ze baliogarria izan daitekeen erakusteko.

Erakusketea Sabino Arana Fundazioak antolatu dau, hainbat udal, erakunde eta  kultur erakundegaz batera, besteak beste, Aranzadi eta Sancho de Beurko alkarteakaz. Zirardamendiko batailea mugarri bat izan zan, bere aurrekoa eta ostekoa bereizi zituana eta, neurri handi batean, gure herriaren historian eragin handia izan dau, esan dau Bilboko aurkezpenean Iñaki Goiogana komisarioak.

EAJ-ko Arana Goiri batailoiko hamalau gudari hil ziran  1936ko irailaren 25ean Zirardamendi-Aiastia (San Migel) Elgoibar frontean: Juan Agirre, Emeterio Llavori, José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Eusebio Gaubeka, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Felix Arbulu. Erandio, Leioa, Getxo, Santurtzi, Bilbo, Getxo, Barakaldo eta Portugaleteko gazteak ziran. Gudari hareen jarkierak galarazo eban armada altxatuak aurrera egitea, eta frontea hile batzutan egonkor egotea.

Zirardamendik jazotakoak batzen dituan liburua be argitaratu dau Sabino Arana Fundazinoak, Patxi Juaristi soziologoak, Aitor Estebanek, Francisco Etxeberria auzitegi-medikuak eta Josu Chueca eta Iñaki Goiogana historialariek idatzita. Eta dokumentala be aurkeztu eben.

Azalpen-testuak, erretratuak, erropak, burrukan erabilitako objektuak (kaskoak, armak, eskuko bonbak, kantinplorak,  platerak) dagoz ikusgai erakusketan. Aranzadik 2012an Zirardamendin hustutako hobi komunean topau zituan horreetako asko.

Urtarrilaren 14an eta 28an, eta zezeilaren 11n eta 25ean, 18:00etan, gidaridun bisitak egingo ditue Iñaki Goiogana erakusketearen arduradunaren eta Arkeologi Museoko teknikari batek.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu