Sekula baino tailer gehiago antolatu ditue aurtengo 'Ikusi eta Ikasi' programan

Bizkaie! 2015-01-15 14:16   kulturbiz

Urtero legez, uriburuko auzoetan, umeei zuzendutako ikuskizunak izango dira protagonista baina, aurten, nobedade nagusietako bat tailerren arloan etorriko da, aurreko urteetan baino eskaintza zabalagoa egongo dalako. Danetara, 18 tailer eskainiko dira, igazkoaren bikotxa, 500 plaza baino gehiago ume eta gurasoek alkarregaz ondo pasau daien.

Bilboko Udalak eta Topaguneak umeen astialdirako eratzen daben programea hamaikagarren edizinora heldu da. Urtero legez, uriburuko auzoetan, umeei zuzendutako ikuskizunak izango dira protagonista baina, aurten, nobedade nagusietako bat tailerren arloan etorriko da, aurreko urteetan baino eskaintza zabalagoa egongo dalako. Danetara, 18 tailer eskainiko dira, igazkoaren bikotxa, 500 plaza baino gehiago ume eta gurasoek alkarregaz ondo pasau daien.

Ikusi eta Ikasiren egitaraua urtarrilaren 19an hasiko eta, martiaren 26ra arte, 30 ikuskizun baino gehiago egongo dira umeentzat. Pailazoak, zirkua, magia, txotxongiloak, ipuin-kontalariak eta abar izango dira. Bilboko bederatzi lekutara eroango ditue ekitaldiak, uriko auzo guztietara heltzeko ahaleginean. Aritza Escandon Topaguneko arduradunak adierazo dauenez, 2005ean hiru auzotan hasi ginan eta dagoeneko bederatzitara heltzen gara, esan leiteke Bilbo osoa hartzen dogula. Egitarau osoa, ordutegiak eta lekuak www.ikusietaikasi.net webgunean ikusi leitekez. Egitarau trinkoa da, Escandonen ustez.

Azkenengo urteotan, umeen astialdian gurasoen parte-hartzea areagotzeko helburuagaz, tailerrak be sartu dira Ikusi eta Ikasiren egitarauan. Bertan, jarduera ludiko eta hezitzaileen bidez, umeek eta euren gurasoek alkarregaz parte hartzen dabe. Aurten eskaintzea indartu nahi izan dabe, igazko kopurua bikoiztu eta 18 tailer antolatuta. Sukaldaritzea, mozorrogintzea eta sormen tailerrak izango dira. Era berean, aurten lehenengoz, musikoterapia lantegia be eratu dabe. Danetara, 500 plaza baino gehiago dagoz tailerretan. On-line emon behar da izena.

Sabin Anuzita Bilboko Udaleko euskera eta gazteria zinegotziak Ikusi eta Ikasiren programazinoak urteotan izan dauen bilakaerea azpimarratu dau: Etxeko eta eskolako esparrutik kanpo euskerea astialdira atarateko helburuagaz hasi ginan eta lortu dogula uste dot. Urtetik urtera haziz doa parte-hartzaileen kopurua, azkenengo edizinoetan 6.000 neska-mutilen bueltan ibili da. Halandabe, antolatzaileek nabarmendu dabe, partaidetza kopuruen ganetik, jentea gustura ixtea bilatzen dabela. Igazko asebetetze inkestan, 8,92ko bataz besteko notea emon euskuen gurasoek eta hori da esanguratsuena, bide onetik goaz, dino Anuzitak.

Aritza Escandonek hiru helburu nagusi ezarri ditu aurtengo egitaraurako. Batetik, parte-hartzaile kopuruari eustea, bestetik Ikusi eta Ikasiren webguneari aparteko garrantzia emotea eta, hirugarrenik, asebetetze maileari eustea. Euskerearen erabilerea astialdian bultzatzeko, ondo pasetea ezinbestekoa da, horregaitik, guraso eta umeak gustura itxi behar doguz, azaldu dau Escandonek. Beste alde batetik, Ikusi eta Ikasik egiten dauen harrobi lana be aitatu dau Topaguneko ordezkariak: Hasierako urteetan geure programazinoan egon ziran artista batzuk orain Euskal Herri osoan ezagunak dirala ikustea polita da. Harrobi lan hori indartzeko asmoz, aurtengo egitarauko ikuskizunen erdia inguru, Bilboaldeko artistek emongo ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu