Mikel Urdangarin beste musikarien laguntzino barik agertuko da oholtza ganean, '2015' biran

Dabi Piedra Robledo 2015-01-22 14:06   Musikea

Erronka barria ipini deutso bere buruari musikari bizkaitarrak. Zezeilean hasi eta maiatzera bitartean, hainbat kontzertu emongo ditu berak bakarrik, orain arte lagun izan dituan musikarien babes barik. Gitarrea eta ahotsa, besterik ez dau erabiliko. Kanta zaharrak eta barriak tartekatuko ditu Mikel Urdangarinek emonaldietan eta entzuleek urte amaieran aterako dauen disko barriko abestiak zelan jaioten diran ikusi ahal izango dabe.

Erronka barria ipini deutso bere buruari musikari bizkaitarrak. Zezeilean hasi eta maiatzera bitartean, hainbat kontzertu emongo ditu berak bakarrik, orain arte lagun izan dituan musikarien babes barik. Gitarrea eta ahotsa, besterik ez dau erabiliko. Kanta zaharrak eta barriak tartekatuko ditu Mikel Urdangarinek emonaldietan eta entzuleek urte amaieran aterako dauen disko barriko abestiak zelan jaioten diran ikusi ahal izango dabe.

Niretzat gauza barria da bira hau, dino Mikel Urdangarinek, jenteak uste dau hasierako urteetan bakarrik ibilten nintzala kontzertuetan baina, egia esan, beti euki dot musikari batzuen laguntzinoa ezker-eskuma. Hortaz, lehenengo aldiz joko dau erabat bakarrik, uste dot bizitzearen une honetan, horixe dala nahi dodana. Sekula egin ez dauena egiteko gogoz dago, erronka gatxa izango dala onartu dauen arren. Gitarrea izango dot lagun bakarra oholtzan.

Aspalditik erabili dau erabat bakarrik kantetako idea buruan, baina orain arte ez dau pausua emon. Zortzi bat urte dira bueltak emoten hasi nintzala baina orain arte ez dot adore nahikoa batu eta, ganera, beste proiektu batzuk sortzen joan dira. Berezia izango da Mikel Urdangarin bakar-bakarrik ikustea, etxeko sukaldeko Mikel, bakardadean abestiak sortzen dituan Mikel hori agertuko da.

Kantariak azpimarratu dauenez, abestiak zelan jaioten diran erakutsiko dot. Izan be, 2015aren amaieran, disko barria argitaratzeko asmoa dauka. Kontzertuetan, kanta barriak erakusten joango da, amaitu bako bersinoak. Urdangarinek nahi dau kontzertuen bidez diskoaren kantei formea emoten joatea, apurka-apurka erakusten joatea. Sortze-prozesua agirian geratuko da, azaldu dau. Urte amaieran, hamar kanta inguruko diskoa plazaratu nahi dau, baina bere buruari ez deutso presinorik ipini nahi eta nasaitasunez joango ei da konposizino lana egiten.

Zezeilaren 8an izango da 2015 izeneko bira horretako lehenengo kontzertua, Getxon, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Maiatzera bitartean, dozena bi emonaldi lotuta daukaz dagoeneko, fuerte ibili behar dot, bira gogorra izango da, asteburu batzuetan bi-hiru kontzertugaz, adierazo dau Mikel Urdangarinek. Kontzertu ia guztiak Euskal Herrian izango dira, baina Madrilen be joko dau eta Bartzelonako emonaldia adostear dago. Leku bereziak topau nahi izan dodaz, azaldu dau kantariak, ohiko aretoakaz batera, museoak, ganbarak eta abar dagoz aukeratutako guneen artean. Kontzertu guztiak grabau egingo ditu, ez argitaratzeko, bira berezi horren lekukotzea eukiteko baino: Aspaldion baztertuta euki dodazan kanta batzuk berreskuratuko dodaz, egindakoaren lagina euki nahi dot gordeta. 17 urteko ibilbidea egin dau Urdangarinek musikearen munduan eta kanta zaharrak eta barriak tartekatuko ditu.

Kantak sortzen diranean, beste musikariek euren konponketa eta proposamenak egin baino lehen zelakoak diran entzungo da, nabarmendu dau Urdangarinek. Halanda be, laguntzino barik jotea ez da erraza izango. Presino handia eukiko dot, baina gozamen itzela izango da norbera bakarrik kontzertua gidatzeko gauza dala ikustea. Musikari legez hazteko modua izango dauela uste dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu