Jaurlaritzea eta Vicomtech-IK4, teknologia aurreratuena kirol tradizionalaren alde erabilteko proiektu europarraren buru

Bizkaie! 2015-01-28 16:48

Kirol bakotxaren estiloak eta joko teknikak aztertu eta horreen irakaskuntza eta entrenamendua erraztea ahalbidetuko dauen hiru dimensinoko softwarea garatzea da RePlay egitasmoaren azken helburua.

Eusko Jaurlaritzea eta Vicomtech-IK4 euskal I+G zentroak teknologiarik aurreratuena kirol tradizionalen sustapenaren zerbitzuan jartea helburu dauen RePlay izeneko proiektu europarra zuzentzen dabilz. Zientziaren, kirolaren eta kulturearen arteko lankidetzatik mamitutako proiektua da RePlay.

Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Jon Redondok eta Vicomtech-IK4 euskal I+G zentroan proiektua koordinau dauen Maria Teresa Linazak aurkeztu dabe ekimena, Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan, Getxon (Bizkaia). Imanol Agirre pilotaria be ekitaldian izan da, prototipoa probetan.

Proiektuaren barruan pelotarien eta Irlandako hurling, camogie eta futbol gaelikoko jokalarien mobimentuak eskaneau eta grabau ditue, irudiak hiru dimensinotan hartzeko eta mobimentu sensoreen ganeko azken teknologietan oinarritutako lehen prototipoa garatzeko.

2013. urtean abiarazo eta 2016an osotuko dan proiektu honek, Zazpigarren Esparru Programan diruz lagundutako bi miloe euroko aurrekontuagaz, aurrekaririk ez dauen lankidetzea sustatu dau komunidade zientifikoaren, kirol erakundeen, kultur erakundeen eta kirolarien artean.

Esangura horretan, kirol eta joko tradizionalak zaindu, babestu eta sustatu beharreko europar ikutuezineko ondarearen osogaitzat jotea da Irlanda, Erresuma Batua, Grezia eta Suitzako beste sei bazkide partaide dituan proiektu honen filosofiaren ardatz nagusia.

Kirol bakotxaren estiloak eta joko teknikak aztertu eta horreen irakaskuntza eta entrenamendua erraztea ahalbidetuko dauen hiru dimensinoko softwarea garatzea da RePlay egitasmoaren azken helburua. Datozen egunotan, ehun entrenatzaile, kirolari amateur eta ikasle baino gehiagok pilotako modalidade desbardinetan jardungo dabe Fadurako frontoietan, prototipoa probetako asmoz.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu