Mikel Bizar: 'Zale guztiak, Athletic Club erakundea, jokalariak eta Gu Geu Gara Athletic'

Koldo Isusi Zuazo 2015-02-02 10:27   Barriketan

Athletic Gu Gara-ko koordinatzailea

Mikel Bizar musikari (Idi Bihotz eta Jare) eta bazkide zuri-gorriaren ekinbidez eta Athletic Fundazinoaren eta Athletic eta Kitto Kultura Alkartearen babesagaz, Athletic zer dan eta taldeak eragiten dauen sentimendua, harrobia eta historia lau haizetara zabaltzeko grabautako diskoaren promozinoa aurrera doa. Proiektura 240 lagun baino gehiago batu dira, besteak beste, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Julen Guerrero eta Imanol Etxeberria Athleticeko jokalari ohiak, Ken Zazpi taldeko partaideak, Jare, Sobieth, Radikal Hardcore, Korroskada, Parabellum, Ska P, Betagarri, Iñigito Txapelpunk, Alex Sardui, Mikel Urdangarin, Idi Bihotz eta Memoria de Pez. Doban parte hartu dabe eta diskoagaz ataraten dan dirua Saiatu Fundazinoak jasoko dau, kirol egokitua eta gitxitasuna daben personen integrazinoa ardatz dituana.


1.- Zelan otu jatzun disko hau egitea?


Lagun batzuen arteko barriketaldia izan zan idearen abiaburua. Athletic taldeak kantu bat behar eta merezidu ebala pentsau genduan, taldearen filosofia eta nortasuna goraipatu eta hori ezagutzera emoteko. Hortik aurrera, idazten eta serio hasi ginanean lanean, kanta bat ez zala nahikoa Athletic zer dan azaltzeko ikusi genduan eta orduan disko oso bat egitea otu jakun.


2.- Athletic Gu Gara horrek galderea falta dau: zer da Athletic zuretzako?

Izenburua da argigarria, Athletic Gu Gara, Athletic zale guztiak, Athletic Club osoa, erakundea, jokalariak, zuzendaritza taldea eta gu geu, urte osoan Athletic jarraitzen, animetan eta momentu txarretan be babesten dogun guztiak gara. Guk ez dogu kontraturik sinatu, sinatu be ez dogu egingo eta hor egongo gara beti.

Athletic Gu Gara Herri Nortek atera dau aurten eta nik uste dot kristoren leloa dala, hor danok sartzen gara, txiki, handi, kolore batekoak zein bestekoak eta erlijino jokera guztietakoak. Batzen gaituana da Athletic.


3.- Proiektura 240 lagun baino gehiago batzea ez zan bromea izango. Prozesua zelakoa izan da? Buruan zeunkazan guztiek parte hartu dabe azkenean ala bateren batek ezetza be emon deutsu?

Jente askok esan deusku ezetz, gehienbat denpora falteagaitik, hori zan atxakia. Edozelan be, azkenean parte hartu dabenak guk buruan geunkazanak eta euren kabuz, guri deitu eta proiektuagaz bat egin dabenak izan dira; jente asko batu gara eta prozesua zoramena izan da, oso gatxa. Atara kontuak, musikariak ez eze, idazleak, kazetariak, aktoreak eta artistak dagoz tartean. Koordinazino lana zoratzekoa izan arren, jentearen jarrerea sano positiboa izan da eta horrek asko erraztu dau prozesua; berbarako, grabazino lanak Urdulizeko Tio Pete estudioan egin doguz eta ordutegiakaz eta izan dogun malgutasuna sekulakoa izan da, sarritan estudioa libre egon ez arren, tartea egin deuskuelako.


4.- Prozesu horretan, makinatxu bat anekdota izango dira. Bateren bat nabarmentzekotan...

Asko izan dira, bai. Julen Guerrerorena kontauko deutsut. Nik banekian pianoa joten dauela eta harremanetan jarri ginanean, baietza emon eustan berehala, baina autortu eustan azken 15 urteotan ez dauela pianorik jo. Kantuaren partiturea bialdu neutson eta bete-betean sartu zan beharrean, eskolak hartzen be hasi zan, eta estudiora etorri zanean zurtz eginda geratu nintzan, itzel jo eban portugaletearrak.


5.- Athletic zale amorratua dan Anjel Mari Peñagarikano bertsolari gipuzkoarraren bertsoakaz hasten da diskoa...

Bai. Esan beharrik be ez dago baina proiektu honetara Athletic taldearen filosofiagaz bat egiten dauen jentea batu da, bilbotarrak, bizkaitarrak zein Hego Amerikakoak izan. Bitxikeria legez, diskoan, Cinco de mayo kantuak Fernando Valsega argentinararren berbak daukaz.

Anjel Mari Peñagarikanoren kasua be ezaguna da, gipuzkoarra izan arren, Athletic zale peto-petoa da eta berak esaten dau lehoiendakaria dala.  


5.- Danetara, 16 kantu batu dozuez diskora, danetariko musika estilo eta berbakaz horniduta. Zein da zure faboritoa?

Bat aukeratzekotan, Lehoi bihotz esango neuskizu, Bilboko Orkestra Sinfonikoak parte hartzen dauena. Etxean sortu neban, nire akordeak dagoz tartean eta Jagoba Ormaetxearen egokitzapena. Kantua polito geratu dala pentsetan dot, oso sentikorra da eta Bilboko Orkestreagaz joteko aukerarik ez da egunero egoten. Dagoeneko gure artean ez dagozanak, faltan doguzanak, besteak beste, Iñigo Cabacas, Lander eta Jose Iragorri gogoan hartuta sortutako kantua da.


6.- Besteak beste, Toti Martinez de Lecea, Edorta Jimenez, Jon Maia eta El Reno Renardoren berbakaz osotutako kantuak agiri dira diskoan.  Berbak eta musikea buztartzeko moldaketak, barriz, nork egin ditu?

Lan hori neuk egin dot, tartean idazle asko izan dira eta normalean kantuaren melodia bialdu izan deutsiet eta horren ganean eurek sortu ditue berbak; prozesua uste baino errazagoa izan da eta, berbarako, El Consorciok Arrate Orueta eta Joana Arranz futbol jokalariakaz abestuko eban melodia bialdu neutson Totiri eguerdiko ordu biak aldera, eta bostetarako kantua idatzita neukan etxean. Rafa Rueda eta Lutxo Egia be harremanetan jarri nituan eta euren kabuz egin eben lana.

 

7.- Okerreko bidean, Athletic taldearen filosofiaren ganeko kantua, No lo llames el Bilbao edota Lehoi bihotz eta Hey Hoos, Jose Iragorri esatariaren omenezkoak seguru zeresana emongo dabela...

Bai. Kantu danak dira bereziak. Berbarako, Hey Hoos kantua Alex Sardui, Gatibuko abeslariak idatzi eban eta kantuan Gatibu eta Extremoduro taldeek be parte hartu dabe, Iñaki Uhok zein Batizek. Jose Iragorriri dedikautako kantua da baina oro har, Athletic dana dala azpimarratu nahi da, baita kazetariak eurak be, Jose Radio Popularreko kazetaria zan baina Jose Athletic zan, Athletic sentimendua adierazoten baekian eta kantua zoragarri geratu dala uste dot.

No lo llames el Bilbao kantua be ederra da; El Reno Renardo talde heavyak lan handia egin dau; musikea eta berbak Jevorenak dira eta kantetan, barriz, Jorge Cerrato, Dani Alvarez, Asier Hormaza, Txema Montoya edota Imanol Etxeberria agiri dira.


8.- Inglesez, gaztelaniaz eta euskeraz sartu dozuez kantuak. Zergaitik?


Lehenengo singlea Stronger than all the iron izan zan, Bilbora futbola zelan heldu jakun kontetan dauena, Athletic taldearen jatorriaren ganekoa da. Ingelesek taldeari eta, oro har, Bizkaiko futbolari egindako ekarpena nabarmentzen da; Ingelesen Zelaia be leku gogoangarria da; eta badakigu meatzatan beharrean ibili ostean, futbolean jokatzen ebela eta horreei omenaldia egiteko ingelesez idatzitako kantua egin genduan.

Euskereari zeozelan lehentasuna emonez, gaztelaniaz kantautako kantuak be derrigor sartu behar izan doguz diskoan, Athletic zaleen artean danetariko jentea dagoalako eta inor ez baztertzearren edo gitxiestearren, gizartean dagoan hizkuntz aniztasunaren erakusgarri hartu dogu ebatzi hori.


9.- Saiatu Fundazinoak jasoko dau disko salmentatik etorriko dan dirua. Zergaitik?


Futbola diruak usteldu dauela eta entzun behar izaten dogu sarri baina gure jarrera desbardinaren erakusgarri, hasieratik argi izan genduan Athletic Gu Gara ekimenak helburu solidarioa, ongintzazkoa izango ebala eta Saiatu Fundazinoaren aukerea pentsau genduan, kirol egokitua eta gitxitasuna daben personen integrazinoa ardatz dituana.


10.- Tu recuerdo kantuan Julen Guerrero pianoa joten entzutea be deigarria da. Batzuk, barriz, Athletic taldeko entrenatzaile lanetan ikusten dabe...

Dakizunez, orain urte batzuk Malagara joan zan biziten eta bertan futbol eskolan beharrean ibili da. Diskoan ilusino handiagaz parte hartu dau eta lehen esan deutsudan lez, pianoa jo barik 15 bat urte egon ostean, eskolak hartu ditu eta bikain egin dau eskatu geuntsana.

Ganerakoan, Julen lehoia da, Athletic da, sentimendua dauka, hor ez dago ezelako dudarik, Athletic daroa bihotzean eta hori sano garrantzitsua da taldearen edozein ardura hartzeko. Nik neuk ikusten dot esan dozun zeregin horretan edota presidentetzan eta segurutik nozonoz aurkeztuko dau bere burua, zergaitik ez.


11.- Hauteskundeak datoz laster. Josu Urrutiak aurkezteko asmoa azaldu dau eta leitekeana da Macuak be bere burua aurkeztea. Zein da zure eretxia?

Aurrekoan Urrutiari emon neutson botoa baina orain dudak daukadaz. Macuarena ez da argitu eta ikusi beharko da hautagai bakotxak zer proponiduten dauen. Kontua da ze personearena ez dala hain garrantzitsua, botoa proiektu bati emoten jako.  


12.- Barriketaldia amaitzeko azken mezua botateko momentua da...

Zaleak suspertu gura neukez. Talde desbardina, aparta, garela autortuta, San Mamesen pipitak jateaz aparte, taldeagaz bat eginda egon behar gara beti, momentu on eta txarretan. Hori bai, gauzak txarto egiten badira esan egin behar da, egoerea hobetzeko, seme-alabakaz egiten dogu moduan.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu