'Gerezien denbora' Lapurditik datorren uri-pastorala Barakaldon taularatuko dabe, zapatuan

Bizkaie! 2015-02-04 13:15   Kulturea

Industrializazinoak Baionako gizartean eragindako aldaketea azaltzen dau Gerezien denbora herri antzerkiak. Itxaro Bordak idatzi dau testua, eta Beñat Axiari da zuzendaria. 120 bat lagunek hartu dabe parte pastoral post-industrial honetan, gehienak Lapurdin bizi diran zuberotarrak. Barakaldo Antzokian eskainiko dabe uri-pastorala, zezeilaren 7an, 17:00etan.

Industrializazinoak Baionako gizartean eragindako aldaketea azaltzen dau Gerezien denbora herri antzerkiak. Itxaro Bordak idatzi dau testua, eta Beñat Axiari da zuzendaria. 120 bat lagunek hartu dabe parte pastoral post-industrial honetan, gehienak Lapurdin bizi diran zuberotarrak. Barakaldo Antzokian eskainiko dabe uri-pastorala, zezeilaren 7an, 17:00etan.

Baiona ondoko Bokalen zabaldu ziran altzairutegiak XIX. mende amaieran. Itsasotik ekaritako industria horrek beharrezkoak zituan burdin mea eta erregaiak. Paisaia eta gizartea aldatu ziran. Klase proletarioa sortu zan, etorkinak agertu eta beste kultura eta pentsamolde batzuk agertu ziran ordura arte nekazal giroa zan inguruan, azaltzen dabe antzezlanazren arduradunek. Nagusi kapitalistak, grebak eta langile-mobimentua agiri dira istorioan, gerrak eta azken urteotako deslokalizazino prozesuak bere bai.

Lapurditik Barakaldora ekarrita, burdin meak Bizkaitik Bokalera egiten eban bidea alderantziz egingo dau 'Gerezien denbora' pastoralak. Paralelismoak be agirikoak dira, gizarte-aldaketa eta gatazka antzekoak ezagutu zituan-eta Ezkerraldeak Bizkaian, dinoe. Zuberoatik kanpo eregitako lehenengo pastorala da. Pastoral post-industriala dala nabarmentzen dabe Ezkandrai taldeko kideek. Itxaro Bordak idatzi eta Beñat Axiarik moldatu dau testua.

Zuberoako pastoralen kanon tradizionalak errespetetan baditu be (jelkaldiak, bertsoak, pertsonaia-multsoak…), pasarte batzuetan musika elektro-akustiko eta anplifikauak, jazza eta perkusino garaikideak ditu. Musikeak garrantzia handia dauka pastoral honetan, zineman dauen rola hartuta. Antzezleak guztiak ez dira zuberotarrak, eta ez dabe zubereraz kantetan, batuaz baizik.


Bisita gidatuak

Pastoralaren emonaldiagaz bat eginez, Bilbo eta inguruko industri-ondarea ezagutzeko bisita gidatuk atondu ditu Topatourrek. Danetara, 300 lagun ibiliko dira Barakaldon, Bilboko Portuan, Vicinay lantegian eta La Naval eta Murueta ontzioalan egingo diran osteretan.

'Gerezien denbora' pastoralak jorratzen dauen industrializazinoaren testuinguru historiko eta fisikoa bertatik bertara ezagutzeagaz batera, mugaz alde bietako alkar ezagutzea bultzatu nahi dau. Horretarako, egun osoko egitaraua atondu dogu Baionan egunpasa horretan izena emon daben lagunentzat, adierazo dabe antolatzaileek.

Hamar bisita eta ibilbide gidatu izango dira astegoienean. Ekimena Akitania-Euskadi euroeskualdeak babestu dau eta Baionako, Barakaldo eta Bilboko udalek lagundu dabe antolaketan.

Itsasadarraren ondarea ezagutzeko jardunaldi osorako bonoak  Baionako Herriko Etxean dagoz salgai. Bono horretan bisita gidatu bat, bazkaria eta pastorala bera sartzen dira, 25 euroren truke. Hegoaldean bonoak lortzeko, telefono honetara deitu beharko da: 615 767 448.

Gerezien denbora Baionan bertan estreinau zan, bagilean. Ezkandrai taldeak grabautako bideoa, hemen.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu