Seul, ekonomia kolaboratiboaren munduko uriburu (I)

Zigor Aldama 2015-02-27 14:03   Bidaide

Kontzeptua ez da barria: Mendeetan zehar gizarte tradizionalaren oinarria izan da konpartidutea. Antxina lana, objektuak eta jatekoa konpartiduten zan, izan be, poomasi (eskulanaren trukea) eta dure (nekazarien kooperatibea) lako berbak heldu dira gaur egunera arte.

Eun Ji-lee urduri dago. Badaki bihar dauen alkarrizketea erabagiorra izango dala. Enpresen Administrazino masterrean sartu ahal izateko gainditu beharreko azken pausua da eta zoratzen dago honezkero. Makinatxu bat galdera aurreikusi eta erantzun posible guztiak aztertu ditu amagaz eta nebeagaz baina zeozer falta jako 22 urteko gazte honi: okasinorako jantzi aproposa. Izan be, Hego Koreakoa lako gizarte zorrotzean, etxurea edo estetikea oinarrizkoa da arrakastea lortu gura izan ezkero. Okerreko erabagiak porrota ekarri leike. Holako kasuetan erabili beharreko jantziak ondo zehaztuta dagoz; emakumeentzat gona eta jake baltz dotoreak eta blusa zuria azaldu dau. Kontua da ze Eun Ji-leeren familiak ez daukala dirurik holako gastuetarako, 350 bat euro gitxi gorabehera. Aita langabezian dago eta familiaren egoera ekonomikoa ez da bape ona. 

Gauzak holan dirala, amagaz joan da Seul uriburuaren erdialdean dagoan The Open Closet izeneko denda umil eta apalera. Irabazi asmorik bako erakundea da Eun Ji-leerena lako lagunentzat beren-beregi sortua, izan be, dagoeneko erabiliko ez dituenek lagatako jantziak alokatzen ditue. Holan, 30.000 won (23 euro inguru) baino ez ditu pagau behar izango bihar unibersidadera eroango dauen jantzia; ganera, beharginek aholkuak emongo deutsiez jantzirik egokiena aukeratzeko. Ekonomia kolaboratiboaren ganeko berbaldi baten izan neban erakundearen barri eta nire nebeak be alokatu izan ditu bertan trajeak lan-alkarrizketetarako. Uste dot aukera ederra dala ibilbide profesionalaren hasieran dagozanentzako, adierazo dau Eunek.

Halan da be, ez da Seulen azkenaldian sortutako era horretako ekinbide bakarra. Izan be, 9 miloe lagunen bizitoki dan urri erraldoi hau ekonomia kolaboratiboaren nazinoarteko uriburu bihurtu da, batez be, egungo alkate Park Won-soon jn.aren ekinari esker. Lege zorrotz eta murriztaileak ezarriz, Europan gogor jo dabe gobernuek Uber edota AirBnb lako enpresa polemikoen kontra baina Park jn.a ziur dago konpartiduteak ez dauela arriskuan jarriko ekonomia, alderantziz ekonomia suspertzeko balio leikela adierazo dau. Horregaitik, Seoul Sharing City (Seúl, konpartiduten dauen uria) proiektua abiarazo eban 2012ko irailean; aurkezpenean iragarri eban legez, Konpartidutea ardatz hartuta, asmoa da bai urian eta bai herritarren artean dagozan baliabideen erabilera hobea egitea. Park Won-soonen eretxiz, sistema ekonomiko barri honek giza balore positiboak sustatzeko balioko dau eta horrezaz gan, gitxiago gastauta, herritarren bizimodua hobetuko dabe erakundeek.

Kontuak kontu, Sharing City ekimenak lege marko egokia eta ekonomia kolaboratiboaren aldeko enpresak sustatzeko politikak eskatu ditu. Eskatu eta lortu be lortu dabe. Udalak 2012ko abenduaren 31n onartu eban Ekonomia Kolaboratiboa Sustatzeko Ordenantzea eta orain arte 47 enpresa barri sortu dira ondoko lemearen inguruan: Badago konsumiduteko modua gauzak jaubetzan euki barik. Sorrerako adierazpenean argi adierazota dagoan moduan, ekonomia kolaboratiboa botika ezin hobea izan daiteke 2008. urtean AEBetan piztutako krisiaren kontra; era berean, konsumo maileari eusteko eta familien gastua murrizteko balio dau. Kontzeptua ez da barria: Mendeetan zehar gizarte tradizionalaren oinarria izan da konpartidutea. Antxina lana, objektuak eta jatekoa konpartiduten zan, izan be, poomasi (eskulanaren trukea) eta dure (nekazarien kooperatibea) lako berbak heldu dira gaur egunera arte.

Gaur egun, barriz, XXI. mendean, Seuleko Udalak uste dau nahikoa azpiegitura dagoala aitatu tradizino hori suspertzeko. Munduko internet sarerik onena dogu, izan be, herritarren % 97 inguruk banda zabalera konekzinoa dauka eta, horrezaz gan, gizarte sareen eta eskuko telefono adimendunen erabilereari jagokonez, porzentajerik handiena dogu (% 60). Ezaugarri perfektuak dira ekonomia kolaboratiborako dakar Sharing Cityren sorrerako agiriak; Creative Commons Koreak (CCKorea) kudeatzen dau eta 2013ko bagilaren 26tik ShareHub online ataria dauka proiektuaren gorabehera guztien barri emoteko. 

Proiektua sano arrakastatsua da eta Koreako beste uri batzuetatik eta baita munduko beste batzuetatik be adituak datoz ekimena aztertu ostean euren herrialdeetara eroateko asmoagaz. berbarako, Singapur urian gurearen antzeko atari bat zabaldu eben orain hile batzuk adierazo dau CCKoreako zuzendari Kwon Nanshilek. Helburua da gehiegizko konsumismoaren eraginez, gizarte kapitalistetan sortzen diran arazoei konponbidea emotea: gero eta handiagoak diran kotxe pilaketak, suizidioak ugaltzea, ingurumenaren kutsadurea edota etxebizitzen gehiegizko prezioak. Arazo horreek guztiak nabarmen arindu daitekez konpartiduteko jarrerea hartuta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu