Apirilean pintura eta argazki erakusketak Bilbon Expodistrito programearen barruan

Bizkaie! 2015-04-08 18:41   Kulturea

Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko dan aldi baterako erakusketa zikloak, urteko bigarren hiruhilekorako programea abiarazo dau apirilaren 7an. Oraingo honetan, udaltegietara hurreratzen diran herritarrek, pintura barruko hainbat teknikari buruzko bost erakusketa ibiltari barri eta argazkigintzeari buruzko bat izango ditue ikusgai. 

Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko dan aldi baterako erakusketa zikloak, urteko bigarren hiruhilekorako programea abiarazo dau apirilaren 7an. Oraingo honetan, Abando-Barrainkua, San Inazio-Ibarrekolanda, Begoña, San Frantzisko, Castaños, Otxarkoaga, Errekalde eta Burtsako (Zazpi Kaleak) udaltegietara hurreratzen diran herritarrek, pintura barruko hainbat teknikari buruzko bost erakusketa ibiltari barri eta argazkigintzeari buruzko bat izango ditue.

Apirilean lau erakusketa inaugurauko dira: Burtsako Udaltegiak, Casarteren, Pintura eta Arte Digital Nazino Lehiaketearen, azken edizinoan saritutako eta aukeratutako lanak batzen dituan erakusketea jasoko dau. Ehun lan baino gehiago aurkeztu dira ekimen horretara. Hitzorduaren helburua artearen eta teknologiaren arteko gogoeta artistikoa sustatzea da. Erakusketea apirilaren 29ra arte bisitatu ahal izango da, eta ondoren Otxarkoagara joango da.

Abando – Barrainkuako Udaltegiari jagokonez, Nistal Mayorgaren pintura erakusketa jasoko dau. Erakusketa horrek, Azkuna alkateari eskainitako olio-margoen bildumea jasoko dau, hil zanetik urtebete pasau dan honetan. Pintureari buruzkoa da, baita be, martitzenean Castañoseko Udaltegian zabalduko dan eta A fuego y hierro izena daroan Bego Blanco Klamadesen erakusketea.

Apirilean udaltegietara helduko dan azken erakusketea Alazne Urbizu argazkilariarena da. Ekimen honetarako, personen bizitzako momentu bereziak jasoten dituen zuri-baltzeko hainbat argazki batu ditu. Erakusketea Begoñako Udaltegian ikusi ahal izango da beste inon baino lehen.

Maiatzean, barriz, beste pintura erakusketa bat zabalduko da, Ana Sánchez Trujilloren eskutik. Erakusketa horretan, hainbat teknika erabiliz egindako grabaduak jasoten dira. Ikusleek, maiatzaren 4tik aurrera izango dabe artistearen lana ezagutzeko aukerea Abando – Barrainkuako Udaltegian.

Bigarren hiruhileko honetarako Expodistritoko egutegiak, Euskal Akuarelagileen Alkarteak egindako talde erakusketea jasoko dau bagilean. Artista horreek, erakundea sortu zanetik 70. urteurrena beteten dan urte honetan euren tailerretan egindako lanak erakutsiko ditue. Estilo eta gai anitzeko margolanak dira, irabazi asmorik bako alkarte horretako zenbait kidek egindakoak. Alkartearen helburu nagusietakoa, akuarelearen teknikan margolari barriak trebatzea da.

Expodistrito programea, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean uribilduko arte adierazpenak deszentralizetea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea dagoz, baita dagoeneko ezagunak diran beste batzuen erakustoki izatea be. Ohikoa danez, erakusketak txandakatuz joango dira. Erakusketa bakotxaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietako programazinoa jasoten dauen www.kulturabarrutik.net webgunean eta 010 telefono zenbakian konsultau daitekez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu