Donostia 2016k eta Etxepare Institutuak 'Itzultzaile barriak' proiektua abiarazo dabe

Bizkaie! 2015-04-16 11:09   Kulturea

Donostia 2016k eta Etxepare Euskal Institutuak Itzultzaile barriak proiektua aurkeztu barri dabe; horren bidez, nazinoarteko literatur itzultzaileak aukeratuko dira euskerea ikasi eta, ondoren, euskal literatur obra bat euren ama hizkuntzara itzuli deien. 

Donostia 2016k eta Etxepare Euskal Institutuak Itzultzaile barriak proiektua aurkeztu barri dabe; horren bidez, nazinoarteko literatur itzultzaileak aukeratuko dira euskerea ikasi eta, ondoren, euskal literatur obra bat euren ama hizkuntzara itzuli deien. Euskeraz ez dakiten lau itzultzaile eta euskerearen oinarrizko ezagutzea daukien beste lau hautatzeko deialdia eguaztenean zabaldu da, 2015 eta 2016 bitartean Euskal Herrian egonaldiak egin deiezan.

Egitasmoaren antolatzaileek Donostian eskainitako prentsaurrekoan azaldu dabenez, ekimen honen bidez, nazinoarteko hainbat literatur itzultzaileri euskerea erakutsiko jake, euskal literatura Europan sustatzeko helburuagaz.

Horretarako, bart edegitako deialdi publiko baten bidez, nazinoarteko zortzi literatur itzultzaile hautatuko dira euskerea ikasi deien; horreetako lauk, euskeraz ez dakitenak, Euskal Herrian egonaldi bat egingo dabe sei hilebetez eta, ganerako lauak, euskerearen ezagutza maila baxu edo ertainekoak, hilebetez egongo dira Euskal Herrian, euren mailea hobetze aldera.

Aurtengo bagileko bigarren hamabostaldia eta 2016ko martia amaiera bitartean zehaztu bako egunetan izango diran egonaldiotan, hautatutako egile guztiek ikastaro trinko batean parte hartuko dabe, barnetegi batean. Ahal dala, itzultzaile guztien egonaldien datak bat etorteko saiakerea egingo dau antolakuntzeak, alkarbizitzea, lankidetzea eta sare lana sustatzeko asmoagaz.

Deialdiak euskerea ikastea bultzatzeaz gan, lanak produzidutea be bultzatuko dau. Horretarako, egonaldi luzea egingo daben lau itzultzaileek diru laguntzino bat jasoko dabe euskal literaturako obra bat gaztelania ez dan beste hizkuntza batera itzultzeko eta lan hori argitaratuko dauen bateren bat topetako. Horrek ekimenaren azken helburua bermatzea ahalbidetuko dau, hau da, euskal sorkunteza Europan zabaltzea eta kanpoko irakurleek be euskal literaturara sarbidea izatea.

Horrezaz gan, egonaldi horreen bidez, zortzi itzultzaileek gaitasun linguistiko nahikoa eskuratzea da asmoa, euren etorkizuneko itzulpenetan euskerea be erabili deien sorburu edo xede hizkuntza legez.

Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago, eta maiatzaren 16an amaituko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) deialdia argitaratu eta handik hilebetera. Dokumentazinoa honako helbide honetan aurkeztu behar da: Etxepare Euskal Institutua, Prim kalea 7, 20006, Donostia. Eskaerak aurkezteko ordutegia astelehenetik barikura da, 08:30etik 14:00etara.

Beste alde batetik, Itzultzaile barriak egitasmoak, bigarren fasean, tailer bat be izango dau ekimenean parte hartuko daben zortzi itzultzaile horreekaz Tabakaleran, datorren urteko udagoienean.

EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkarteak antolatuko dauen tailer horretan nazinoarteko itzultzaileek euskal idazle bana izango dabe bikotekide. Tokiko idazleen zeregina kanpoko itzultzaileei harrerea egitea eta euren arteko sareak sortzea izango da.

Tailerra amaitzen danean, herritar guztiei zuzendutako jardunaldi edegi bat egingo da, bai eta programazino zehatza be itzultzaile parte-hartzaileakaz, Donostiako ikastetxe zein kultur etxeakaz lankidetzan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu