Hezkuntzea, kantagintzea eta bertsolaritzea, Bertsoa Unibersidadean eskolako osogai nagusiak

Bizkaie! 2015-04-24 15:07   Bertsolaritzea

Bertsoa Unibersidadean eskolea garagarrilaren 6tik 10era egingo da Donostiako Miramar jauregian. Maiatzaren 4tik aurrera izango da matrikuletako aukerea; bagiletik aurrera, barriz, % 20 gehiago ordaindu beharko da matrikulea. 

Mintzola Fundazinoaren egoitzan batu dira gaur goizean Mintzola Fundazinoko, EHUko Uda Ikastaroetako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak Bertsoa Unibersidadean eskolea aurkezteko. Garagarrilaren 6tik 10era izango dira zikloa osotzen daben bi ikastaroak. Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskera zuzendariak eta Mintzola Fundazinoko patronatu kideak, Beñat Gaztelumendi Mintzola Fundazinoko patronatu kideak eta Carmen Agoués EHUko Uda Ikastaroen zuzendariak emon dabe egitasmoaren barri.

Hainbat ikerlari dabilz bertsolaritzea eta ahozkotasuna ikuspegi desbardinetatik aztertzen eta Zigor Etxeburuak ondo azaldu dauen moduan ziklo honetan horreetako hainbat gai landuko dira: ziklo eta jardunaldion helburua gai horreen transmisinoa egiteaz gan, etorkizuneko ikerketak abiatzeko hari muturrak emotea da, hazia ereitea. Hori bat dator EHUko Uda Ikastaroen helburuakaz: gure apustuetako bat euskerazko eskaintzea indartzea da, eta holako jardunaldiak eskaini ahal izatea aukera parebakoa da, erantsi dau Carmen Agoués, EHUko Uda Ikastaroetako zuzendariak.

Bi ikastarok osotuko dabe aurtengo eskolea. Lehenengoak, Bertsolaritzea eta ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan ikastaroak, kantagintzan jarriko dau batez be atentzinoa izenburuan aitatzen diran ahozkotasuna eta hezkuntzea aintzat hartuz. Interesa dauen edonori zuzenduta dago, batez be transmisinoan eta hezkuntzan lan egiten dabenei, azaldu dau Beñat Gaztelumendik. Bigarrenak, Bertsolaritzearen bidegurutzeak izenekoak, hiru talaia desbardinetatik begiratuko deutse bertsolaritzearen erronkei: ideologiaren esparrutik, transmisinotik eta ikerkuntzatik. Bigarren ikastaroa bertsolaritzeari lotuago dago, perfila gehiago da zaleei edo bertsolaritzearen munduan dabilzanei begirakoa, baina baita bertsolaritzatik abiatuta euskal kulturgintzaz pentsau nahi dabenei begirakoa be.

Ikastaroetan ahozkotasunean eta hezkuntzan aditu diran hainbat kidek hartuko dabe parte: Marie Hirigoien kantariak, Andoni Egaña bertsolariak eta Jon Sarasua bertsolari eta euskal kulturgintza adituak, besteak beste. Lehen ikastaroaren amaieran, performance bat be izango da, Ainhoa Ansa kantariaren eta Uxue Alberdi eta Igor Elortza bertsolarien eskutik.

Bertsoa Unibersidadean eskolea garagarrilaren 6tik 10era egingo da Donostiako Miramar jauregian. Maiatzaren 4tik aurrera izango da matrikuletako aukerea; bagiletik aurrera, barriz, % 20 gehiago ordaindu beharko da matrikulea.

Bost urtetarako alkarlana adostua dabe Mintzola Fundazinoak eta EHUko Uda ikastaroetako zuzendaritzeak Bertsoa Unibersidadean eskolea antolatzeko; aurtengoa bigarren aldia da. Igaz 115 matrikula izan ziran, eta danetariko jentea batu zan, hezkuntzako profesionalak zein sormena interesgune ebenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu