Enrike Solinis: 'Antxinako euskal musikea eta gure aspaldiko literaturea buztartzeko ahalegina egin dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2015-07-13 11:43   Barriketan

Musikaria

Enrike Solinisen Euskal Barrokensemble taldeak oraintsu argitaratutako Euskel Antiqva-El Legado musical del País Vasco izenburuko disko-liburuak 23 pieza jasoten ditu, gehienak XV. eta XVI. mendeetakoak. Musikariak, danetara 22 izan dira. Aitagarria Euskal Barrokensemble, Jordi Savallen Alia Vox zigiluan diskoa argitatu dauen lehenengo taldea dala.

Bilboko J. C. Arriaga konserbatorioan egin zituan lehenengo ikasketak Enrike Solinis bilbotarrak, eta ostean Catalunyako Escola Superior de Musican antxinako musikako goi mailako ikasketak eta, aldi berean, Bartzelonako Escola Luthier eskolan José Tomás maisuaren Cum Laude Kontzertu emoile gradu-ostekoa lortu eban.
 
Nazinoarteko hainbat gitarra lehiaketetan jaso ditu sariak, eta kultura askotako musiken aldeko interesa erakutsi dau. Horrezaz gan, musikari bakarlari eta kontinuista lez ibilten da talde askogaz. 2006an sortu eban Euskal Barrokoensemble taldea eta ibilbide emonkorrean, azkena Euskel Antiqva lana izan da, garagarrilaren 18an, mundu mailan estreinauko daben diskoa.


1.- Noiz eta zelan sortu zan Euskel Antiqva diskoa sortzeko idea?

Euskal Barrokoensemble taldea 2006an edo sortu neban eta beti izan dogu taldekideok euskal musikeagazko pasinoa. Disko honen lehenengo pausuak orain urte batzuk emon genduzan Miren Zeberio emazteak eta biok, prozesu luzea izan da baina sano pozgarria eta gustagarria, atara kontuak orain sei edo zazpi urte hasiko ginan ikerketa eta batze lanagaz. Egia esan, Jordi Savallegaz ibilia naz lanean zenbait herrialdetako ondarea berreskuratzen eta euskal kultureagaz be baegoala beharrizana ikusirik, beharrari ekin geuntsan. 

Antxinako euskal musikea eta gure aspaldiko literaturea buztartzeko ahalegina egin dogu, Errenazimendua, Barrokoa eta folklore musikea literatureagaz buztartuta.    


2.- Ikerketa eta batze lana zelako prozesua izan da?
 
Prozesu luzea baina ederra, ezagutzen ez genduzan gauzak be deskubridu doguzalako bidean. Garai desbardinetako eta leku diferenteetako musika arrastoak topetan eta batzen egiten da denpora gehien. Metodologia argi neukan, Savallek erabilten dauena, hain zuzen be. Disko barri honen kasuan, ahalik eta testuinguru handi bat sortzen ahalegindu gara eta lortu dogulakoan nago; 23 kantu dira baina askoz gehiago geratu dira kanpoan. Hori bai, gure lagina Euskal Herriko sasoi haretako, XV. eta XVI. mendeetako, irudi nagusia plazaratzeko nahiko esanguratsua dala uste dot. 


3.- Euskal Barrokensemble, Jordi Savallen Alia Vox zigiluan diskoa argitatu dauen lehenengo taldea da. Zergaitik da hain garrantzitsua hori?

Jordi Savallek mundu mailan upealako garrantzia eta estimua ditu; ganera, Alia Vox zigilua bere lanak argitaratzeko baino ez dau erabilten izan oraintsura arte eta guri aukerea emotea diskoa hor plazaratzeko zoragarria izan da, aukera parebakoa. Talde moduan, guretzat oso inportantea izan da hori baina ikuspegi zabalagoa erabiliz, euskal musikearentzat oro har, ona da ze munduan ezagunagoa izango da eta horrezaz gan, disko honetan parte hartu daben musikari guztiek be mundu mailako oihartzuna jasoko dabe. Miren Zeberio eta biok euskarri lana egin dogu hemen dagoan talentua bideratzeko, Mixel Etxekopar, Maika Etxekopar, sabin Bikandi, Leire Berasaluze eta beste askorena eta, euskal kulturea munduan zabaltzeko lana polita, apala eta oso emonkorra izan da. 


4.- Euskal musika ondarea da batu dozuena. Zer izan garen eta nondik gatozen jakin barik ba al dago herri lez aurrera egiterik?

Lehenaldiari, hau da, izan garen horri uko egin ezkero, nekez egingo dogu aurrera. Euskal kulturea oso anitza da, guk orain jaso doguna baino askoz anitzagoa. Euskal Herriaren kokapenagaitik, era guztietako eraginak izan doguz eta horreek kantutegian be atzemoten dira. Lotura zuzena dogu munduagaz eta hori behin eta barriro azpimarratu behar da.


5.- Herri lez irauteko eta ez desagertzeko hizkuntzeari eustea oso garrantzitsua da baina musikeari zerenbesteko garrantzia emoten deutsazu?

Dana da garrantzitsua. Euskal Herriaren biziraupena aldarrikatu eta kulturearen arlo eta ezaugarrien sustapena bazterrean itxita jai daukagu. Euskal Herria egiteko, Euskal Herrian biziteko eta gozetako euskal kulturea behar dogu nahitaez. Hizkuntzea, musikea, jantzea, literaturea kulturearen parte dira, hori ez dago ukatzerik. Herri musikala gara eta musikea da gure altxor nagusietako bat. Euskal Herriak euskal kulturea behar dau bizirauteko, hori guztia mimo handiz jagon behar da, bestela akabo. Musikeari eta jantzeari jagokonez, jantzearen arloa, berbarako, desagertzear dago eta eskerrak Aiko Taldea eta beste batzuk be badabizala lan ederra egiten. Gure diskoan jasotako pieza asko jantzen doinuak dira.


6.- Diskoan jaso dozuezan kantuetako batzuk, Erdi Arotik aurrera kontinente zaharrean nagusi izandako estiloen eta gaien euskal moldaketak dira. Ze estilo eta ze gai nabarmenduko zeunkez?

Diskoko hirugarren kantua, Sibilaren profezia izeneko hori, Carmen Rodriguez Susok argitaratu eban orain dala ez dakit zenbat urte euskal gregorianoari buruzko bilduma baten eta lehenengo aldiz egin da hori kutsu profano eta erlijisoak dituan elementuak buztartuz. Euskal Herrian erlijinoak eta kristinautasunak izan dauen indarra ezin da ukatu eta nahitaez islatu behar da hori musikan. Musikea berregiten edo berpizten saiatzen garenean, normala eta derrigorra da holako datu historikoak gogoan hartzea.

Herriko musikaren ukutuak dagoz disko honetan, Errenazimendu garaiko melodiak, Iparraldekoak zein Hegoaldekoak, galtzeko zorian dagozanak. Eta horregaz batera garaiko testuak agertzen dira, errezitauta. 


7.- Zeintzuk dira antxinako musikea lantzeko ezaugarriak?

Musika klasikoagaz ez dauka zerikusirik. Antxinako musikea jorratzeko partitura zehatza daukazu, zulo edo hutsune asko dituana, norberak batutako informazinoagaz betetako; garaiko eskuizkribu, literatura, pintura eta arte eder guztietako ahalik eta informazino gehien eskura izatea da onena. Hori lantzeko badago metodologia bat zoritxarrez Euskal Herriko konserbatorioetan lantzen ez dana. Kontua da ze, hasierako lan horreek eginda, beste musikari batzuekaz batzea beharrezkoa dala, konpartidu, transmitidu eta besteek interpretau dabena aztertu lana osotzen joateko. Hori guztia egin ostean, jo egin behar da ikusteko zelan geratu dan eta normala izaten da askotan atzera egin behar izatea prozesuan emoitzea ez dalako izan norberak pentsetan ebana.  


8.- Euskel Antiqva lanak, berbearen modu arkaikoa adierazoten dauen izenburua, Juan Perez de Lazarragaren XVI. mendeko eskuizkribuan agertzen dan lez, Euskal Herria kosmopolitearen tradizinoa aldarrikatzen dau...

Oso oker ez banago, Lazarragaren XVI. mendeko eskuizkribuan hiru aldiz azaltzen da Euskel, asko gustau jakun, mamina interesetan jaku eta izen horren barruan dagoz kultura bat, hizkuntza bat, musika bat, jantza bat, biziteko modu bat, herri bat. Kanpoko pegatinak, agirian dagoan estetikea baino gehiago barruko horrek erakarten gaitu.


9.- Diskoko pieza gehienek letrea dabe, eta letrarik ez daben jatorrizko melodien kasuan, Euskal Barrokensemblek mueta guztietako jatorri historikoko eta literarioko testuez laguntzea erabagi dau. Zelako testuak dira erabili dozuezanak?

Danetarikoak, besteak beste, poesia, maitasuna, 1680ko sorginkeria prozesu bat, XVI. mendeko Arabako euskeran idatzitako eskuizkribu bat zein Bernat Etxepareren bertso klasikoak erabili doguz.


10.- Danetara, 22 musikarik hartu dozue parte Euskal Barrokensembleren disko barrian. Zuk zeuk, zuzendaritza lanak egiteaz gan, vihuela, lavta, laudea, teorba eta gitarrea jo dozuz...

Talde anitza batu gara. Euskal tresnak, unibersalagoak, gitarrak eta abar erabili doguz eta azpimarratzekoa da ahotsen atala. Gitarreagaz eta biolinagaz fandangoak be jo doguz eta gustora geratu gara, beste kolore bat hartzen dabe doinuek eta hori sano aberasgarria da. Esan deutsudan lez, ahotsetan izan doguz Maika Etxekopar, Leire Berasaluze, Mixel Etxekopar, Daniele Carnovich (bajua), David Sagastume (kontratenorra) eta Jesús García Arejula (baritonoa); horrezaz gan, korua be izan dogu Miguel Zeberio, José Luis Ferro eta Pedro Aginagak osotua. Errezitatuak, barriz, Asier Hernández Landa, Teresa López de Muniain eta Vicente Gaviraren ardurea izan dira; eta arlo musikalean, Miren Zeberio (biolina), Sabin Bikandi (albokea eta txistua), Kiya Tabassian (setar), Rami Alqhai (gambako biolea), Pablo Martín Caminero (biolina), Daniel Oyarzaba (organoa) eta Daniel Garay, Xabier Leturia eta David Chupeete (perkusinoak).


11.- 2006an, Euskal Barrokoensemble sortu zenduanetik taldeak makinatxu bat kontzertu emon ditu munduan zehar baina ez horrenbeste Euskal Herrian...

Bai. Nahikoa unibersala da jorratzen dogun errepertorioa, Barroko eta Errenazimendu sasoietakoa eta abar eta kontratu gehienak kanpotik etorri jakuz, Europa, Kanada, Israel eta Ertameriketatik gehienbat. Alemaniatik, Postdametik be oraintsu etorri gara baina zorionez gurean be apur bat gehiago joten hasi gara. Talde ederra batu gara eta espero dot gure eskaintzeagaz gozetea euskal publikoak be.


12.- Garagarrilaren 18an, Frantzian, Languedocen egingo dozue diskoaren mundu mailako estreinaldia baina Euskal Herrian ba al daukazue kontzerturik?

Bai. Irailaren 8an dogu kontzertua Gasteizen eta 2016ko urtarrilean 16an, barriz, Donostiako Kursaal Jauregian, diskoan parte hartu dogun danakaz.

Frantziakoa be berezia izango da guretzako, mundu mailako estreinaldia. Lekua ez da oso handia baina honezkero sarrerak agortuta dagoz.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu