Elantxobeko arrantzaleen bizimodua liburu baten batu dabe Iñigo Azkonak eta Xabi Enbeitak

Bizkaie! 2015-08-10 10:54

Arrantzaleek sortu eben Elantxobe baina, gaur egun, herrian inor ez da arrantzatik bizi eta sasoi bateko kontserba-enpresak be zarratuta dagoz. Elantxoberen nortasunaren zati garrantzitsua dan mundu horren gomutea galdu ez daiten, Iñigo Azkona argazkilariak ondare hori batzeari ekin eutsan, arrantzeagaz loturea daukien pertsonak, objektuak eta lekuak irudietan harrapauta. Proiektu horren emoitzea da 'Makuesak' liburua. Azkonaren argazkiak eta Xabi Enbeitaren testuak batu ditue egunotan aurkeztutako argitalpenean.

Makuesak esaten jake Elantxobeko herritarrei eta hortik dator liburuaren izenburua. Makuesak itsasoari lotuta bizi izan dira beti baina arrantzearen mundua azkanengo hamarkadotan hilten joan da, desagertu arte, afizinoz jarduten diranak izan ezik. Elantxoberen ondare hori ahaztu edo desagertu baino lehen, liburua egitea erabagi dabe, Elantxobeko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz.

'Makuesak' liburuan, Iñigo Azkonak ataratako 41 argazki topauko doguz. Itsasoagaz loturea euki daben makuesak agiri dira bertan. Herriko bodegetan ataratako irudi asko dagoz, bertan gordeten diralako sasoi bateko itsasorako tresna ugari eta, holan, argazkietarako kokaleku ederra dira. Antxinako kontserba-industriako erreferentziak be badagoz liburuan. Iñigo Azkonaren irudiak Xabi Enbeitaren testuek lagunduta datoz.

Iñigo Azkonak aspalditik erabili dau holako proiektu bat egiteko ideiea. Arrantzaleek sortutako herri baten arrantzea zelan desagertu dan ikusi ahal izan dau eta ondare hori batzeko asmoa euki dau argazkilariak. Orain dala urte batzuk, Elantxobeko barku baten be urten eban itsasora, bertako zereginen eta beharginen argazkiak atarateko. Etorkizuneko makuesek joandako denporen lekukotzea eukitea da bere helburua.

Liburuaren 500 ale argitaratu ditue eta Elantxobeko udaletxean zein herriko denda batzuetan erosi leiteke, 15 euroan. Ganera, erakusketea be antolatu dabe, liburuko argazki eta testu batzukaz. Bariku, zapatu eta domeketan ikusi leiteke erakusketea, Kofradian, irailaren 6ra arte. Kostaldeko beste herri batzuetara eroan nahiko leukee erakusketea gero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu