Alkarlanean oinarrituta, sano arrakastatsua izan da Aste Nagusia 2015

Bizkaie! 2015-08-31 15:37   Kulturea

Aurtengo Aste Nagusiaren balantzea egiterakoan abiapuntua argia da: 2015eko Aste Nagusia arrakastatsua izan da!. Eta argazki argi bat itxi deusku: alkarlana bultzatzen danean Bilboko jai eredua indartuta ateratzen da. Eta aurten be beste zeozer argi gelditu bada Jai Batzorde mistoaren potentziala izan da.

Konparserook atzo gure malkorik sentikorrenak bota genduzan gure jainkosea desagertzen ikustean. Baina tristurea gainditzen dogu datorren abuztuan geugaz barriro izango dala jakin badakigulako.

Aurtengo Aste Nagusiaren balantzea egiterakoan abiapuntua argia da: 2015eko Aste Nagusia arrakastatsua izan da!. Eta argazki argi bat itxi deusku: alkarlana bultzatzen danean Bilboko jai eredua indartuta ateratzen da. Eta aurten be beste zeozer argi gelditu bada Jai Batzorde mistoaren potentziala izan da. Batzorde honek bere potentzia guztira funtzionauko balau aukerak mugaezinak izango litzatekez. Aurten Alkatetzatik hasita, Udaleko sailetako arduradun desbardinetaraino danok norabide berean arraun egin dogula baloretan dogu. Gure ustez Udal Gobernu barriak jai eredua balorau eta babesten dauela nabaria izan da.

Horregaz batera aurtengo Aste Nagusiko gure balantzean azpimarratu nahi doguzan bi elementu nagusiak hondokoak dira: bat positiboan eta bestea tamalez negatiboan: Positiboan zalantza barik egon dan giroa, batez be egunez bai zazpi kaleetan zein txosnen inguruan egondako giroa itzela izan da. Umeen presentzia be azpimarragarria. Aurreko urtean be esaten genduan.. eguna indarra hartzen dago.

Baina zoritxarrez alde negatiboaren pisua handia izan da aurten; eraso matxista ugari izan doguz Aste Nagusian (eta uda osoan zehar jai desbardinetan). Jaiak hasi baino lehen ozen esan genduan ez genduzala holako jarrerarik onartzen: kaleak, gauak, jaiak geureak dira .. emakumeonak dira. Eta ikusi izan dogunez ez dogu lortu jendartean emoten dan egoera lazgarri honetan Aste Nagusia burbuilea izatea.

Parte-hartzeari jagokonez, mueta guztietako 500 ekimen baino gehiago egon dira danon gozamenerako eta haorreetatik jentetsuenak beti bezela: Gastronomikoa eta Hiri Krosa. Eta azpimarratzekoak Goitibeherak eta Izotz pistea, eta batez be Alde Zaharreko komertzianteakaz izotz pistan egindako desfilea.

Gastronomikoan aurtengo parte-hartzea itzela izan da: igaz esaten genduan Tortillak ez zirala Arenalean sartzen, ba aurten atera gara! Jarritako erronkea soberan gainditu dogu eta 1108 tortilla ikusi izan genduzan, Txipiak 71 kazola, Makailua bizkaitar erara 62 kazola eta pil-pilean 78, marmitakoan 140 kazola eta buztanagaz 65 kazola. Sinistezina emoten dauen arren, igazko markak gainditu doguz!

Gastronomikoaren barruan umeen tailerrak egonkortu egin dira eta gora doan ekimena da. Umeen ilarak Gastronomikoan ohitura bihurtu dira. Gure etorkizuneko sukaldari eta konparsakideak oinarri sendo eta finak hartzen ari dirala nabaria da.

Hiri krosak barriro be marka guztiak hausi ditu egindako beroaren gainetik eta bi mila inguru izan ziran izena emon ebenak.

Gotibeherak be egonkortzea lortu dogu. Ekimen honetan esker bereziak emon behar doguz, batetik, Erriberako Merkatuari sortutako eragozpenak umore onez eta guztion hobe beharrez jasan ditualako eta, besteik, Udaltzaingoari egindako lan finagaitik.

Eta Izotz pisteak Bilbotarron ausardia frogatu dau. Eta jai esparruan beste eremuetako sektoreak batzea positiboa eta aberasgarria dala, kasu honetan Alde Zaharreko dendariakaz egindako alkarlanak erakutsi dauen lez.

Hobetu behar diran atalen arloan, barria ez dan arazo bat; nesken komunen urritasuna egunez zein gauez. Ezin dira zarratuta egon! Eta egoera hau bideratzeko gure ahalegin guztiak egingo doguz datorren urteari begira.

 
Horrezaz gan, gai bi aztertu behar doguz datorren urterako: Aste Nagusiaren daten inguruko hausnarketea... Ikasturte honetan, patxadaz egin beharreko hausnarketea dala uste dogu... Eta egin egingo dogu.

Eta eraso matxisten inguruan be uste dogu Euskal Herriko jai eragile desbardinen artean hausnarketa bat be zabaldu beharko dogula, mobimentu feministakaz eta beste eragile eta adituakaz batera egin beharreko hausnarketea izango da eta horretan erakundek be parte hartu beharko leukie gure ustez. Argi dagoana da, egun doguzan protokoloak ez dirala nahikoa izan eta, beraz, honen inguruan beste baliabide mueta batzuk aztertu beharko doguzala uste dogu.

Amaitzeko: gozada bat izan da Oihana Pascual, aurtengo Txupinereagaz eta Gurutze Beitia Pregoilariagaz Aste Nagusia konpartidutea! Benetan gauzak zelan egin behar diran erakusteko orduan eredu izan dira! Gau eta egun jai giroaz gozatuz. Euren arteko konplizidadea eta euren jarrera eta jairako erraztasuna eskertzekoa izateaz gan inbidia emoten deuskula onartzen dogu!

Gora Jai herrikoi eta parte-hartzaileak! Gora Marijaia!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu