Getxon egingo da irailaren 10etik 12ra I. Euskaltel Bowlzilla skate txapelketea

Bizkaie! 2015-09-10 10:30

I. Euskaltel Bowlzilla lehiaketeak berrogeita hamar skaterretik gora batuko ditu gaur, hilak 10, hasi eta zapatura arte Areetako eta Arrigunagako skate-parkeetan antolatuko diran hiru lehiaketetan. Parte-hartzaileen artean, besteak beste, Pat Ngoho rider kaliforniarra izango da, Master kategorian bowleko munduko txapelduna

I. Euskaltel Bowlzilla lehiaketeak berrogeita hamar skaterretik gora batuko ditu gaur, hilak 10, hasi eta zapatura arte Areetako eta Arrigunagako skate-parkeetan antolatuko diran hiru lehiaketetan. Programea eguenean, hasiko da arratsaldeko 15:00etan Areetako pistan jokatuko dan txapelketeagaz; bertan, profesionalak eta amateurrak zapatuan Algortako Kanteran ospatuko dan final handirako hainbat postu lortzen saiatuko dira. Barikutik aurrera, jarduerak Algortan, Arrigunagan batuko dira, 16:00etatik 18:00etara bitartean. Euskaltel Bowlzilla nazinoarteko txapelketa honen lehenengo edizinoa zapatuan amaituko da profesionalen arteko final handiagaz; horreek 16:00etatik 19:00etara bitartean lehiatuko dira bowlean.

Imanol Landa Getxoko alkateak, Chad Ford txapelketearen antolatzaile eta arduradun nagusiak eta Pat Ngoho Kaliforniako skater ezagunak txapelketearen zein horren harira antolatutako jarduera kulturalen ganeko zehetasun guztiak eskaini ditue prentsaurrekoan. Berrogeita hamar lehiakide baino gehiagok hartuko dabe parte skateko Euskatel Bowlzilla lehiaketearen lehenengo edizinoan, besteak beste, Brad Bowman, Danny León, Alex Halford eta Pat Ngohok.

Imanol Landa, Getxoko alkateak, honako hau gogorarazo dau: Igaz, herrian jente asko batu zan nazinoarteko proba arrakastatsuan eta mundu-mailan eragin bikaina izan ebana; kirol ekitaldi hau pozik aurkezten dauela esan dau babesle eta bi erakunde kolaboratzaile diran Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz batera. Getxo, mundu-mailan, skatearen erreferentea da eta lehiaketa hori Kanteran antolatu ahal izatea, neurri handi batean, gure udalerrian dagoan zaletasun handiaren eta Getxo Skate Klubak eta hamarkadaz hamarkada Arrigunagan nahiz Areetako skate-parkeetan modalidade hori sustatuz patinatzaile ugarik egindako lan ikusgarriaren ondorioa da, azaldu dau Landa jaunak. Getxok Europako Kirolaren Uri Onenaren izentapena jaso badau, gure kirol arloko jentearen lanari, konpromisoari eta egite onari esker izan da, eta ekitaldi hau horren adibide argia da, gehitu dau Alkateak. 

Bere aldetik, lehiaketearen sustatzaile eta arduradun nagusia dan Chad Ford australiarraren berbetan, Getxo ekitaldia ospatzeko toki bakarra eta izugarria da. Arrazoi asko batzen dira esateko La Kantera, eta Getxo orokorrean, Bowlzilla antolatzeko toki ezin hobea dala adierazoteko

Esangura horretan, Pat Ngoho rider kaliforniarrak, Master kategorian bowleko munduko txapelduna danak azaldu dau, Getxok dauen inguru berezia ez dabe beste toki askok, berton skate eta horri lotutako bizimodua ulertzen diralako. Horregaitik, Ngohok Txus Domínguez goraipatu dau, toki berezi eta bakarraren sortzailea. 

Era berean, Madrileko Danny León skater profesionalak gogoratu dau igaz be izan zala La Kanteran eta sekulako esperientzia izan zala; Herrialde desbardinetako jentea etorri zan eta oso ondo pasau genduan. Horregaitik, aurten horren zain gagoz eta betetea espero dogu.  

Lehiatuko diranen behin betiko zerrendea zarratu barik dagoan arren, maila handiko patinatzaileak diran Brad Bowmanek, Alex Halfordek, Sean Goff, Paul Davidsonek, eta Danny Leónek eta Pat Ngohoek baieztatu dabe euren partaidetzea.

Jarduera guztietarako sarrerea librea eta dobanekoa izango da eta Kanterako bowlean skaterren gorabeherak hurretik jarraitu ahal izateko, harmailak eta pantaila erraldoiak jarriko dira. 

Aurreikus daitekeen jente-oldearen aurrean, udaltzaingoak Altube eta Artagan kaleetako ibilgailu-sarbidea eten egingo dau barikuan 15:30etik 18:30era eta, zapatuan, 14:30etik 18:30era. Beraz, hurreratzekotan diranei zerbitzu publikoa erabiltea gomendatzen jake eta inguru horretako auzotarrei egoerea ulertzeagaitik aldez aurretik eskerrak emon deutseez antolatzaileek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu