Xabier Totorikaguena Zubiaga (Xaibor): 'Bederatzi urtegaz erregalau eustien tekladuagaz hasi nintzan'

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2015-10-05 11:04   Barriketan

Xaibor, Xabier Totorikaguena Zubiaga, gernikarra. Irudia eta Soinua ikasi eban. Honezkero badaroaz hamaika urte gure herriko bazter guztiak dantzan ipinten. Berez be biajean joatea asko gustetan jakon gazte honek kilometro partidea egiten ditu nahinon eta nahinori bere showa eskaintzeko.

Diskofesta euskalduna umeentzako nahiz nagusientzako leloagaz, ehun saiotik gora egiten ditu urtean-urtean eta hainbat lekutan errepetidu be bai: jentea gustura geratzen dan seinalea, bardin ikastoletan, auzoetan edo herriko fiestetan. Gernikan, berbarako, Merkatu Plazan egongo da atzera be, zapatu guztietan urritik aurrera.

Batzuei igual ezaguna egingo jatzue Urriko Azken Astelehen baten baino gehiagotan gaztai erdia erosi dauelako be bai, igaz bigarren saria jaso eban gaztaia, hatan be. Nondik dabilen dakiena da Xaibor edo Xabier, baina hobeto ezagutu dagizuen, hementxe dozuez bere berbak:


1.- Lehenengo beharra: zelan joan da udea?

Oso-oso ondo, primerakoa, baina nekagarria. Aste arteko egun gehienak beteta eta asteburu guzti-guztiak topera han eta hemen, fiestarik fiesta. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Kantabria eta Errioxako herrietatik.


2.- Zelan otu jatzun holango bidea hartzea? Pozik zagoz hartu zenduan erabagiagaz edo nozonoz damutu jatzu?

Damutu sekula bez, ze betidanik gustau izan jat musikea. Txiki-txikitatik, hain zuzen be. Bederatzi urtegaz erregalau eustien lehen tekladuagaz hasi eta pitinka-pitinka hobetzen joan nintzan.
Lehenengoz ezkontza baten jo neban, eta handik beste ezkontza batzuetara joaten hasi nintzan musiko moduan hazten eta profesional mailan sartzen.


3.- Show desbardinak montetan dozuz, ezta? Zelangoak dira?

Urtean zehar beti barriztetan dot nire ikuskizuna, publikoak eta nik neuk gauza desbardinakaz disfrutetako. Datorren urteko 2016 urteko biran Zumba dalako jantza moderno hori sartuko dot ikuskizun barrian euskerara moldatuaz, jakina.

Ikuskizunetara nire pisu biko kamioi-ezsenatokiagaz joaten naz ordubete lehenago, 15 minututan muntaia eginda eukiten dot eta, gero, aktuazinoagaz hasten naz. Ordu biko ikuskizuna guztiok topera izerdi-uharretan parau arte. Eta akabetako, beste 15 minutuko desmuntaia egin eta segiduan beste aktuazino batera edo etxera.


4.- Ze personaje ezagunegaz egin dozu topo urteotan? Zeinek harritu zaitu gehien?

David de Jorgegaz egon nintzan lehengo egunean urrun joan barik: oso jatorra da tipoa! Izan be, daukadan kamioi-ezsenatokietako bat errentan eukiten dot eta Campos enpresakoek erabilten dabe Izarora joan-etorria egiten dan uger-lehiaketan. David de Jorge urtero joaten da Bermeora, Camposeko irudia dalako.


5.- Bat elejidu behar izan ezkero, nogaz batera egingo zeunke zure showetako bat? Zergaitik?

Alex Sarduigaz: tipo jatorra, laguna eta esanguratsua dalako niretzako.


6.- Zein da eszenario ganean bizi izan dozun momenturik onena? Eta gogorrena?

Momenturik onena... ia danak dira onak niretzako, asko disfrutetan dodalako nire beharragaz. Gogorrena, beti be hiru-lau aktuazino daukadazanean egun berean, azken ikuskizuna aldasgorea egiten jat.


7.- Akorduan daukat Basetxean bertan abesteko gogorik ez jatzula faltetan... Mutiko horrek eta Xaiborrek antzik badaukie? Edo asko aldatu dira gauzak?

Basetxea? Zer da hori?


8.- Euskal Herrian bakarrik ez, bazter guztietatik zabilz zure kamioagaz gora eta behera. Noraino ailegau zara? Zelan hartu zaitue bertan?

Urtero errepetiduten dabe... Jaurrieta, Burgi, bihar Huarten, Altsasuan, Lizarran, Badames, Bilar, Cascante, Urdiain, Soncillo... uf! Pentseteagaz bakarrik kantsau egiten naz, baina oso pozik joaten naz lekuotara nire emonaldiagaz publikoa jantzan jarten!


9.- Entzun dot ume eta gaztetxuek zure posterrak be badaukiezela horman eskegita...

Ez posterrak bakarrik, DVDak be eroaten ditue etxera! Nire ikuskizun bakotxean ume eta nagusi bakotxari erregaletan deutset, gero etxean entseguak egin deiezan, euskal-jantzak, pailazoen abestiak eta enparadukoak.


10.- Urriko Azken Astelehena be etorriko da laster: lehenengo gaztai erdiaren bila joatekoa zara aurton? Zer dala-eta afizino hori?

Txikitatik gustau izan jatalako Markok eta Gernika-Lumoko Udalak organizetan daben enkante berezi hori. Eta ez horregaitik bakarrik, batez be, ordainsaria, ongitzazko egintza batera doalako eta, egia esateko, publizidadea egiteko beste modu bat dalako.


11.- Zein da zure gogoa hemetik aurrera? Badaukazu beste planik buruan?

Bai, jakina, bizpahiru proiektu daukadaz eskuartean, baina dana be ezin neike esan, ideak askotan asko balio izaten dabelako. Daroadazan hamaika urteakaz oso gustura nagoanez, beste hamalau urtez segiduteko gogo handiagaz.


Galdera laburrak:

- Jateko bat: Langostinoak.
- Hobby bat: Musikea.
- Abesti bat: Kroki-Kroki (kar, kar).
- Abeslari bat: Alex Sardui.
- Plaza bat: Gernika-Lumokoa.
- Gorroto dozu: Zinean jentea berbaz hastea.
- Ames bat: Martitzera ailegetea.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu