Poloniako editoreak izango dira aurten Durangoko Azokan

Bizkaie! 2015-11-09 13:19   Kulturea

Aurten, 2016. urtean Europako Kultur Uriburu izango diran Donostia eta Wroclaw urien arteko loturea dala eta, Etxepare Euskal Institutuak konbidautako Poloniako editoreak izango dira Durangoko Azokan. Horrezaz gan, literaturan eta musikan adituak diran Poloniako kazetariak be etorriko dira.

Igaz Erresuma Batuko hainbat editore etorri ziran Azokara eta bisitearen ondorioz hiru lan ingelesera itzuli eta plazaratuko dira. Igazko arrakastea errepetiduteko asmoz, Poloniako editoreak konbidauko ditu Etxepare Euskal Institutuak aurtengo Durangoko Azokara.

2014. urteko edizinoan, Etxeparek Erresuma Batuko hainbat editore ekarri zituan Azokara eta Donostiara, euskal idazleak eta editoreak ezagutzera emoteko helburuagaz. Editore konbidauak honakoak izan ziran: Parthian Books, Peter Owen Publishers, Comma Press, Seren Books eta Maclehose Press. Horrezaz gan, beste konbidadu bi be egon ziran: Elin H.G. Jones (Aberystwyth Universityko Mercator Instituteko zuzendaria) eta Maya Jaggi (LAF Literature Across Frontiers erakundeko ordezkaria eta The Guardian egunkariko kazetari eta kritikaria).

Igazko konbidadu guztiak harrituta geratu ziran Azokearen neurri, bizitasun eta jentearen parte-hartzeagaz. Gainera, Etxeparek hainbat editoreen eta euskal argitaletxeen arteko (Elkar, Pamiela, Susa, Txalaparta...) hitzorduak antolatu zituan. Horrezaz gan, Institutuak irakurketa-saio berezi bat antolatu eban editoreentzat Donostiako Garoa liburu-dendan, Rikardo Arregi, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Karmele Jaio eta Iban Zalduaren parte-hartzeagaz.

Etxepareren egoitzan be lan saio bat egin eben: konbidaduek euskal literaturearen egoerearen eta Institutuak euskal literaturearen kanpoko zabalkunderako antolatzen dituan ekintzen barri jaso eben, eta hainbat lagin eta katalogo eroan zituen.

Bisitea oso oparoa izan zan: hiru liburu euskeratik ingelesera itzuli eta publikau ziran; honakoak: Karmele Jaioren Amaren Eskuak (Parthian Books), Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (Parthian Books) eta Harkaitz Canoren Twist (Archipielago Books). Etxeparek hiru lan horreen (eta beste batzuen) itzulpena gauzatzen lagundu eban, urtero banatzen dauen itzulpenerako diru-laguntzinoaren deialdiaren bitartez.

Aurten, beraz, igazko esperientzia aberasgarria errepetiduko dau Etxeparek. Edizino honetan, 2016. urtean Europako Kultur Uriburu izango diran Donostia eta Wroclaw urien arteko loturea dala eta, Poloniako editoreak izango dira Azokan. Horrezaz gan, literaturan eta musikan adituak diran Poloniako kazetariak be etorriko dira. Igaz bezela, Institutuak topaketak antolatuko ditu idazleakaz, eta Donostiara be joango dira: hainbat kulturguneren eta Etxepare Euskal Institutuaren Tabakalerako egoitza barria bisitau eta Donostia2016 egitasmoa ezagutuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu