Hermes aldizkariaren 50. zenbakiak Sabino Aranaren jaiotzearen 150. urteurrena gogoan hartu dau

Bizkaie! 2015-11-09 14:13

Zenbaki biribilez beteta dator Hermes aldizkariaren zenbaki barria. Aldizkariak berak 50. alea plazaratu dau dagoeneko eta, gai nagusiak, Sabino Aranaren jaiotzearen 150. urteurrena eta Eusko Alderdi Jeltzalearen sorrerearen 120.a dira. Kulturearen eta politikearen arloko persona ezagunek kolaborau dabe Hermesen, ohikoa danez.

Zenbaki biribilez beteta dator Hermes aldizkariaren zenbaki barria. Aldizkariak berak 50. alea plazaratu dau dagoeneko eta, gai nagusiak, Sabino Aranaren jaiotzearen 150. urteurrena eta Eusko Alderdi Jeltzalearen sorrerearen 120.a dira. Kulturearen eta politikearen arloko persona ezagunek kolaborau dabe Hermesen, ohikoa danez.

Hizkuntzan eta kulturan adituak diran 21 lagunek, Sabino Aranaren figurea eta ekarpenak aztertu ditue Hermesen 50. zenbakian. Euskal abertzaletasunaren aitatzat aurkeztu dabe. Jose Antonio Rodriguez Ranz aldizkariko zuzendariak zehaztu dau, 1901ean Aranak plazaratutako proposamen bat dala gai nagusia. Bertan, euskerearen normalizazinorako gogoetea egin eban. Sabino Arana guztiz modernoa da, ganeratu dau Ranzek. 

Sabino Aranak berak, EAJ sortu eban 1895ean. Alderdiaren 120 urteko ibilbidearen errepasoa egin dau Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidenteak, Martin Garitano kazetari eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi ohiak egindako alkarrizketa luzean. EAJ gaztetasun bete-betean dagoala adierazo dau, besteak beste, Ortuzarrek.

Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazinoko presidenteak azpimarratu dau, urteurren biak, Sabino Aranaren jaiotzearena eta EAJren sorrerearena, jazoera garrantzitsuak dirala jeltzaleentzat. Sabino Aranak ereindako haziak fruitu mamitsuak emoten segiduten dau 120 urte geroago, adierazo dau Atutxak. Euskadi, eta baita Katalunia be, nazinoak dirala aldarrikatu dau Atutxak eta hori ukatzen dabenen interesak salatu ditu, Hermes aldizkariaren ale barria aurkezteko ekitaldian.

Jeltzaleen inguruko pensamendu aldizkaria da Hermes, baina askotariko personek idatzi dabe bertan. 15 urte eta 50 zenbakiko historian, 500 kolaboratzaile inguru euki dituela nabarmendu dau Jose Antonio Rodriguez Ranz zuzendariak. Nazinoa, aniztasunean, mundu zabalean; euskal abertzaletasuna berretsi, Euskadi anitzaren eta mundu globalizaduaren barruan, horixe da Hermesen asmoa, Ranzen esanetan.

Andoni Ortuzarri egindako alkarrizketaz gan, ondorengoek parte hartu dabe Hermesen 50. zenbakian: Andres Urrutia, Mikel Zalbide, Joseba Agirreazkuenaga, Igone Etxebarria, Xabier Kintana, Josune Ariztondo, Miren Azkarate, Patxi Baztarrika, Lorea Bilbao, Aizpea Goenaga, Xabier Irujo, Odile Kruzeta, Rosa Miren Pagola, Txomin Peillen, Pello Salaburu, Blanca Urgell eta Erramun Osak. Ibon Goiri Lopez de Arkaute irudigileak be parte hartu dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu