Beñat Gaztelumendi: 'Bertsolaritzea gauza kolektiboa da'

Dabi Piedra 2015-12-28 09:36   Barriketan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan txapeldun

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala hirugarren aldiz jokatu dau Beñat Gaztelumendi añorgarrak eta, aurreko bietan bigarren izan eta gero, oraingoan txapela jaztea lortu dau. Illunbeko azken saioan, Alaia Martin izan eban lehiakide buruz burukoan, bere belaunaldiko kide bat (biak jaio ziran 1987an). Horregaitik, txapelaren ondorioak aztertzeko orduan, Gaztelumendik aparteko garrantzia emon deutso bere belaunaldiak egin dauen aurrerapausuari. Bertso-eskolen lan baliotsua be azpimarratu dau.


1. - Gipuzkoako Txapelketako aurreko edizino bietan bigarren izan zinan, oraingoan txapeldun. Pausu hau garrantzitsua izan da zure ibilbidean?

Ez dot uste nire bizitzea asko aldatuko danik. Lehenengo aldiz bigarren egin nebanean, ha bai izan zala sorpresea eta aldaketea niretzat. Orain ez dot uste nire bertso ibilbidea asko aldatuko danik, baina beharbada alderdi kolektiboan bai, mugarria da hau. Nik irabazi izana baino, Alaia Martin eta biok buruz burukora pasau izana da aitagarria, biok belaunaldi berekoak gara eta hori esanguratsuagoa da nik txapela jantzi izana baino.


2. - Zuen belaunaldia izan da aurten protagonista Gipuzkoan. Belaunaldi hori heldu da aurrekoen mailara?

Ez neuke esango gure belaunaldia eta besteak lehian gabilzanik. Aurreko belaunaldikoek lekua daukie eta bertsolaritzearen kargea, zelanbait, hareena da oraindino, baina geuk be egin dogu lekua plazan. Gure belaunaldiko ahots propioak apurka-apurka badabilz sendotzen, gure ahotsak erakusten hasi gara. Esanguratsua da Alaia eta biok buruz burukoan egon izana, Agin Laburu be hor ibili zan, Iñaki Apalategi be gure edadearen bueltakoa da. Oihana Iguaran gu baino gaztetxuagoa da baina bera be finalean egon zan, uste dot gure belaunaldiak hartu dauela lekua eta hurrengo belaunaldikoak be ibili dira txapelketan, euren artetik finalera Oihana bakarrik heldu zan arren. Txapelketeak beti balio dau bertsogintzearen unean uneko argazkia emoteko. Argazki horretan ahots barriak agertzen hasi dira eta ia orain txapelketeak balio dauen ahots horreek plazan be presentzia handiagoa hartu daien, astinaldi bat emoteko.


3. - Illunben jokatutako finalean, zelan ikusi zenduan zeure burua? Buruz burukoan sartzeko moduan sentidu zinan?

Normalean ez naz oso baikorra izaten neure jardunagaz, finalean banekian ondo nenbilala eta gustura nengoan egiten nenbilenagaz, baina Alaia oso ondo ebilela ikusi neban eta ziurtzat joten neban bera sartuko zala buruz burukoan. Bigarren sartzeko bai ikusten neban gai nintzala, hamarreko txikian eta bakarkakoan gora egin neban baina Agin be oso ondo ebilen, beharbada bakarkakoan bajatu zan apur bat. Iñaki Apalategi be hor egoan, nik ez neban garbi ikusten.


4. - Buruz burukora pasau ez eze, txapela zeuk jantzi zenduan, baina Alaia Martin be fin ibili zan. Zein detailek eroan eban txapela zure burura eta ez Alaiarenera?

Nik sensazinoa neukan buruz burukoan dana emoten nengoala, baina ez bakarrik ahaleginagaitik, gehiago emoteko mailarik ez daukat. Alaia oso zentrauta ikusten neban, nik ahalik eta ondoen egin eta ez nintzan haren ganetik kantetako gauza. Gustuko neban haren ahotik entzuten nebana. Gero, puntuazinoak ikusita, ikusten da lehenengo bakarkakoan atara nebala alde handiena. Nik uste detaile txikiak izan zirala erabagigarriak, bertsoaldiak baino. Bertso barruko puntuetan, begiradetan erabagi zan.


5. - Orain dala zortzi urte bigarren izandako Beñat Gaztelumendi haretatik gaur egunekora, ze garapen egon da?

Orain dala zortzi urte finalista barria nintzan, inork ez eban espero ni finalean egotea. 20 urte neukazan, itxura lotsabako samarra, txispa sartzeko prest nengoan, baina hori orain aldatu egin da. Ofizioetan karga gehiago hartzea toketan jat, finaletan be jenteak gehiago espero dau nigandik. Jarrera lotsabakoak eta beti kontrapuntutik kanteteak sasoi baten balio eban baina orain kantetan dodanak gehiago arduratzen nau. Munduan kokatuago nago eta kokapen horretatik kantetan dot. Gaia entzuten dodanean ahalegintzen naz pentsetan nire begiradea zein izango dan, gaiari ertzak bilatzen. Gustura nago orain egiten dodanagaz.


6. - Ahots propioa topau dozula dinozu behin eta barriro. Transmitiduten dozun ahots hori zelakoa izatea nahi zeunke?

Bertsolari legez, nire helburu nagusia da esan nahi dodanetik ahalik eta hurren egotea. Gaia entzuten dodanean, badakit zer esan nahi dodan eta kontua da, ia bertsoak eroaten nauen esan nahi dodan hori esatera. Normalean inoz ez zaitu haraino eroaten, hurreratu arren. Baina esan nahi dodan hori aldatzen joaten da. Orain esango neukeena eta urte bi barrukoa ez dira bardinak. Ni neu be aldatu egingo nazalako. Esan nahi dozun hori, azken finean, estilo baten eta begirada klase baten bidez erakusten dira. Bakarkakoetan aurten arlo personalagotik jo dot, adibidez bikote-harreman batetik edo ume baten ikuspuntutik. Enfoke horreek dira ahots bat emoten deutsuenak. Nahi dozuna zehatz mehatz esatera ez zara inoz heltzen baina burruka hori da bertsogintzea nire ustez, eta gogoa dot horretan segiduteko.


7. - Txapela Inaxi Etxabek jantzi eutsun. Zure belaunaldiko bertsolarientzat zertan da eredu?

Inaxik, bere sasoian, aurre egin eutsan Basarriri. Nik uste dot, plazan ahotsik ez eukan batek Basarri moduko figura handi bati erantzun izana gauza handia izango zala. Arrazoi bategaitik edo besteagaitik plazan ibili ez ziran emakume bertsolarien ordezkari izan zan Inaxi. Nik, hari begiratuta, bertso-eskolan nigaz ibili ziran neskak gogoratzen dodaz. Gehienek itxi egin eben bertsolaritzea, mikrofonoaren aurrean jarteko bildur edo lotseagaitik. Konturatzen zara errepetiduten diran gauza asko jazoten dirala, norbere ahotsa euki ahal izatea ez dala beti erraza. Bertso-eskolako irakasleen lanaren zati bat da ikara horreei aurre egiteko talde-giro erosoa sortzea. Bat-batean zabilzanean badakizu huts egingo dozula, batzuetan zer esan jakin barik geratuko zarela. Zeure buruari huts horreek parkatzen ikasi behar dozu. Besteen akats horreek gestionetan ikastea da bertso-eskoletako sekretu handienetako bat.

Inaxi kantetan entzun nebanean pentsau neban 80 urteko emakume bat zala, bere sasoian aurre egin behar izango eutsan horri guztiari, plazan ezin kanteteari. Eta zelan jarri zan, 7.000 personaren aurrean, lasai-lasai bertsoa botaten. Gureak badauka meritua baina bereak meritu handiagoa dauka. Pozten naz berak jantzi eustalako txapela. Holan, nire izena hor geratuko da, txapeldunen zerrendan, baina berea be alboan egongo da, bere izena historiarako hor geratzea inportantea dala uste dot.


8. - Bertso eskolak be gogoan hartu zenduzan agurrean...

Gaur egun plazan gabilzan bertsolari guztiak edo gehienak bertso eskolatik urtendakoak gara. Bertso eskolak bertsolariak atarateko eskolak dirala emoten dau batzuetan, baina hori, egiten daben lanaren parterik txikiena da. Bertso eskolearen lanik handiena da herrian bertan eragitea, giroa sortzea. Niri bertso eskoleak emon deust teknikea lantzeko aukerea, baina batez be, taldea eta giroa. Niretzat, bertsotan egitea gauza kolektiboa da, taldean egiten da. Belaunaldien arteko hartu-emonean, bertsolarien arteko loturea egiten be laguntzen dau bertso-eskoleak. Nire txapela ez da nirea bakarrik, bertso-eskolako guztiena da eta txapelaren kargea be ez da nirea bakarrik, finalean egon ginon zortzirona da. Finala danon artean atara genduan aurrera, txapel hau oso kolektiboa da.


9. - Aurrera begira, zeintzuk izango dira zure asmoak?

Lehengo bardinak, Alaiak irabazi edo nik, bardin-bardin egongo nintzan, argazkia bakarrik aldatuko zan. Orain toketan da hedabideetan-eta agertzea, baina nik neure bidean segiduko dot, neure ahots hori bilatzeko ahaleginean. Txapela hor dago, pozik nago, baina orain lanean hasteko unea da. Plazan ibiliko naz, saio batzuk badaukadaz lotuta eta urte bi barru Txapelketa Nagusia dator. Gogoa daukat lan horretan hutsetik hasteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu