Beira taldeak 'Margotu berria' diskoa plazaratu dau

Bizkaie! 2016-01-15 11:01   Musikea

Bertsoa eta musikea buztartzen ditu Beira talde gipuzkoarrak. Bigarren diskoa dau Margotu berria (Baga Biga) eta oraingoan be, ondo jagondako letrak eta rock erritmoak dakarz. Hamar kanta sartu ditue lan barrian. Hurrengo emonaldia Oñatin izango da, hilaren 22an.

Bertsoa eta musikea buztartzen ditu Beira talde gipuzkoarrak. Bigarren diskoa dau Margotu berria (Baga Biga) eta oraingoan be, ondo jagondako letrak eta rock erritmoak dakarz. Hamar kanta sartu ditue lan barrian. Hurrengo emonaldia Oñatin izango da, hilaren 22an.

Jon Martin bertsolariaren eta Igor Arruabarrena musikariaren alkarlanetik sortu zan 2006an Beira, Oiartzunen. Gaur egun, bost kide ditu: Martin (abeslaria), Arruabarrena (gitarrea), Urtzi Olaziregi (baxua), Gari Amundarain (gitarrea) eta Mikel Arruabarrena (bateria). Beiraren lehenengo diskoa, Dena ez denean ezer, 2010ean plazaratu eben eta Margotu berria hau, bigarrena da.

Lehenengo diskoan doinu eta letra malenkoniatsuak ziran nagusi baina Margotu berrian, ostera, danetarikoak sartu ditue. Batez be, arretaz eta goxotasunean entzuteko kantak dirala nabarmentzen dabe Beirako kideek. Abesti asko bertso-sortetatik abiauta sortu ditue, izan be Beiraren ezaugarri nagusietako bat bertsoa eta rocka buztartzea da.

Hamar kanta batu ditue Margotu berrian, gai ugari lantzen dituenak. Esate baterako, 800 dukado izenekoa Sunbillako Mendi Maratoiaren harira egindakoa da eta emakumeek kirolean protagonismo handiagoa euki behar leukeela aldarrikatzen dau. Erreferentzia ugari be hartu ditue, esaterako Herri lasaia izenekoan rap eta hip-hop estiloaren baliabideetan arakatzen dabe eta Haritzaren memoria-n Mikel Urdangarinen kanta baten bersinoa egiten dau taldeak.

Mutrikuko AME estudioetan grabau dau Beirak Margotu berria, Axular Arizmendi teknikariagaz. Ondoren, masterizazinoa Donostiako Doctor Master estudioan egin dabe, Estanis Elorzagaz. Kanta batzuetan kolaboratzaileak euki ditue, adibidez Alaia Belaunzaran arpea joten edo Irati Odriozola ahotsa ipinten ibili dira.

Urtarrilaren 22an, Oñatiko Gaztelekuan izango dira, Maider Arregi gonbidatu bereziagaz batera. Apirilaren 13an Bilboko Campos antzokian entzun ahal izango dira Beiraren doinuak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu