2016ko Arabako Bertso-kuadrillaren amaierako hitzorduan ez zan talde txapeldunik egon

Bizkaie! 2016-03-14 10:17   Bertsolaritzea

Argantzunen Arabako bertsogintzearen jaia izan da astegoienean; aurretik 6 topaketa izan  ondoren, amaierako hitzorduan ez zan talde txapeldunik egon; ez zan hori helburua, Arabako bertsogintzeak irabazi eban:  parte-hartzea, bertsotan gozetea, jai giroan ondo pasetea, alkar ezagutzea, bertso kuadrillak hartu-emonetan egotea... Horreek ziran helburuak, eta ondo bete ziran sensazinoagaz amaitu zan.

Joandako zapatuan, Trebiñu Konderriko Argantzunen amaitu zan 2016ko Arabako Bertso-kuadrilla artekoa. Urtarriletik martira 6 topaketetan parte hartu daben 14 talde ibili ziran amaiera-festan; Arabako bertsogintzearen topagunea eta momentua izan zan.

Martiaren 12an, Argantzunen Arabako bertsogintzearen jaia izan zan; aurretik 6 topaketa izan  ondoren, 2016ko Arabako Bertso-kuadrillaren amaierako hitzorduan ez zan talde txapeldunik egon; ez zan hori helburua, Arabako bertsogintzeak irabazi eban:  parte-hartzea, bertsotan gozetea, jai giroan ondo pasetea, alkar ezagutzea, bertso kuadrillak hartu-emonetan egotea... Horreek ziran helburuak, eta ondo bete ziran sensazinoagaz amaitu zan.

Eguerdian, egun hotzari aurre egiteko intentzinoagaz 50 lagun batu ziran Argantzungo plazan, aurtengo Kuadrilla artekoan parte hartu daben 14 taldeetako ordezkariak. Egunean zehar 6 formatu desbardinetan parte hartu behar izan eben, hain zuzen, aurreko 6 topaketetan bertsoagaz buztartu diran formatuetan: jokoak, koplak, herri kirolak, boloak, burruka eta saio musikatua.

Argantzungo tabernak eta antolakuntzeak frontoian jarritako txosnea izan ziran eguerdiko poteoan ibilteko guneak. Herriko plazan be, papelaz lagunduta, bertako umeek bertso-sorta idatzi bat kantau eben, gurasoek eta beste guztiek lagunduta.

Trebiñualdeko eta parte-hartzaileen inguruko lagunakaz batera 90 lagun batu ziran frontoian, bazkaltzeko edo oholtza ganeko bi formatuez gozetako. Gitarrea, armonikea eta kaxoiaz lagunduta Arabako 6 eskualdetako ordezkari bana ibili ziran bertsotan musikaz lagunduta, saio atsegina eskaini eben. Jarraian, bertso-burruka formatua; txapelketak asmau aurretik bertsolariek lehiatzeko erea berreskuratu eta egokitutako bertso-burruka formatua plazaratu zan. Bertsolari batek aurretik  kantautako bertsoak atzetik aurrera gogoratu behar eta holako ariketetan ibili ziran ia ordu bete. Oholtzan amaitzeko talde parte-hartzaile guztiei babarrun jana preparetako otar eder bat banatu jaken.

Hamalau taldeen jarduna hor amaitu zan baina jai giroak jarraitu eban, izan be, Orkestra elektrotxarangeak jantzan eta saltoka ipini eban herri osoa, eta zelan ez, tarteka bertsoren bat buztartuz. Eguneko egitarauagaz amaitzeko bertso-ragga eskaini eben bertako taberna batean. Reggae base erritmikoakaz ibili ziran berandura arte.

Hurrengo Arabako Bertso-kuadrillartekoa 2018. urtean etorriko da bueltan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu