Mario Benedetti idazle uruguaiarra hil da

Bizkaie! 2009-05-18 14:19

Benedettik genero guztiak landu ditu: eleberriak, saiakerak, ipuinak, olerkiak... Danak haren konpromiso sozialaren eta koherentziaren erakusle. Edozelan be, 'batez be poetatzat eukan bere burua', esan eban haren biografoak, Hortensia Campanellak, orain hilebete batzuk 'Mario Benedetti. Un mito discretisimo' liburua aurkeztu ebanean.

Mario Benedetti idazle uruguaiarra bart hil da Montevideon, 88 urte zituala. Aurten, lau aldiz ospitaleratu behar izan dabe, osasun arazoak tarteko.

Benedetti idazle oparoa izan da, eta danetara 80 obra baino gehiagoko ondarea itxi dau. Bere literatura ibilbidean genero guztiak landu ditu: eleberriak, saiakerak, ipuinak, olerkiak... Danak haren konpromiso sozialaren eta koherentziaren erakusle. Edozelan be, 'Batez be poetatzat eukan bere burua', esan eban haren biografoak, Hortensia Campanellak, orain hilebete batzuk 'Mario Benedetti. Un mito discretisimo' liburua aurkeztu ebanean. Benedetti utopiaren bila izan da beti, eta olerkigintzan topau eban bere amesetarako bidea. Edo behintzat, bide 'maitatuena', 'autentikoena', Campanellaren esanetan.

Idazle-sortzaile emonkorra, 'La vispera indeleble', 'Poemas de la oficina', 'Rincon de Haikus', 'Inventarios' ospetsuak edo 'Canciones del que no canta' nabarmendu daitekez. Baita igaz publikautako 'Testigo de uno mismo'.

Poesia zan gehien maite ebana, baina eleberriak be idatzi zituan, berbarako, 'La tregua'. Liburua Latinoamerikako inportanteenetakoa da, eta 20 hizkuntzatan publikau dabe 1960tik.

Ipuinak ere sortu zituan eta Benedettik berak esana da, 'ipuina genero atseginena da idazlearentzat'.

Benedettik hainbat sari jaso ditu, tartean Iberoamerikako Poesiako Reino Sofia saria (1999), Iberoamerikako Jose Marti saria (1999) eta Menendez Pelayo saria (2005).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu