Hamaika Telebistak eta Azkue Fundazioak hitzarmena izenpetu dabe 11.bit saio teknologikoa egiteko

Bizkaie! 2011-03-11 13:32

11.bit saioan barrikuntza teknologikoek, sare sozialek, 2.0 komunikazinoak, gadget barriek, eta hainbat bitxikeriak eta bideok izango dabe lekua, astero-astero ordu erdiko saioan. Hamaika Telebistak legez, ibilbide laburrean sarea josteko dozenaka ekimen bultzatu ditu Azkue Fundazioak.

Gaur, martiak 11, Azkue Fundazioak eta Hamaika Telebistak datorren eguaztenetik aurrera emisinoan egongo dan 11.bit saio barria aurkeztu dabe. Lehenengo saioa martiaren 16an izango da, 19:45ean.

2009ko zezeilean Hamaika Telebistak emisinoei ekin eutsenetik, hainbat pausu emon ditu Bilbon hasita ahalik eta leku gehienetara heltzeko. Telebista desbardin, euskaldun, urbano eta gaztea eratu dabe ordutik. Eta horreek guztiek bete-betean bat egiten dabe Azkue Fundazioan egiten dogun lanagaz, gure hizkuntza sarean josi eta eremu guztietara heltzeko asmoan, Rodrigo Gartzia Azurmendi, Azkue Fundazioko buruak adierazo dauenez.

Alkarlan horren ondorioa aurkeztu da gaur egindako hitzarmenean eta aurkezpenean. 11.bit saioan barrikuntza teknologikoek, sare sozialek, 2.0 komunikazinoak, gadget barriek, eta hainbat bitxikeriak eta bideok izango dabe lekua, astero-astero ordu erdiko saioan. Hamaika Telebistak legez, ibilbide laburrean sarea josteko dozenaka ekimen bultzatu ditu Azkue Fundazioak, eta horreen barri izango dogu. Eskuko telefonoen eremuan, Interneten zein telebistan dagozan azken barrikuntzek be lekua izango dabe 11.bit saioan, Euskaltelegaz alkarlanean.

Ez gara lehenengoak euskerea eta azken teknologiak buztartuko ditutenak, zorionez. Urteak dira gure hizkuntzeak mende barriagaz topo egin ebala, eta erakunde handienetik norbanako ekimen xumeenera, euskereak bere lekua egin du sarean. Are gehiago, hiztun aldetik munduan daukagun presentzia baino handiagoa da Interneten daukaguna. Eta hori hainbat eta hainbat lagunen jardunak ekarri dau. Beraz, sarean garatzen diran euskal egitasmo horreek be lekua izan behar eben holako telebista saio batean.

Albiste teknologikoek, bitxikeriek eta aholku praktikoek, euskeraz martxan diran ekimenek (GoEar, Korrika-Euskaraklip eta beste hainbat eta hainbat), erabiltzaile arruntenetik informatikazale sutsuek agendan gorriz markautako hitzorduetara (Gipuzkoa Encounter, Euskal Encounter...), sarean dagozan mila bitxikeriek, iPad, iPhone eta beste 'i'-en aurkezpenek eta aplikazino barriek tartea izango dabe 11.bit-en.

Ordu erdian astero-astero landuko diran gaien zertzelada txikia da hau guztia. Asko da egin dana eta egiten ari garena gure hizkuntzea esparru teknologiko guztietara heldu daiten, eta uste dogu gure hizkuntzeak behar ebala holako saio bat, egiten ari dan guztiaren bozgorailu eta oihartzun, Urtzi Urrutikoetxea, Hamaika telebistako zuzendariak adierazo dauenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu