Autoeditatuen bigarren topaketea Bilboko Alondigan

Bizkaie! 2011-06-01 13:00   jardunaldiak

Bagilaren 4an, Bilboko Alondigan, Autoeditatuak topaketa honetan, joera grafiko barriak, komikiaren bersinorik libreenak eta komiki digitalaren erakustaldi bat alkartuko dira.

Datorren zapatuan, bagilaren 4an, Alhondigakomik programearen barruan egiten dan Autoeditatuak/Autoeditados ekitaldiaren bigarren topaketea egingo da Bilboko Alondigan. Goizez eta arratsaldez tailerrak, liburu aurkezpenak eta euren lanak autoeditetan dituen egileen eta kolektiboen agerkariak erakutsiko dira. Aukera ezin hobea egongo da bakotxak bere agerkaria zelan argitaratu leiken ikasteko eta autoedizinoan dagozan azken jokerak ezagutzeko sortzaileen eskutik. Umeek be euren lehenengo edizinoa sortzeko aukerea izango dabe Umeentzako Autoedizinoa tailerrean.

Egun horretan bertan be, Autoeditatuak tailerra: Black & White izango da AlhóndigaBilbaon. Eider Corral diseinatzaileak edozein argitalpenen aukera grafikoak erakutsiko ditu, edukiak alde batera itxita, aurrekontu txikitik abiatuz eta etxeko teknologia edo estandar industrializatuen bidez. Tailerraren bigarren zatia bagilaren 5ean izango da.

Autoeditados/Autoeditatuak jarduerea amaitzeko Live from the Surface of the Moon ikus-entzunezko kontzertuaz gozauko dabe bertaratutakoek Karla Kracht (Animated images) & Ilia Mayer (Electro sound) bikotearen eskutik Kulturen Atarian eta 40 minutu iraungo daben bi saiotan; lehenengoa 19:00etan eta bigarrena 20:30ean. Mayerrek BTOY kolektiboa sortu eban Andrea Michaelssonegaz batera, eta, gaur egun, ilustrazino lanak bakarrik egiten ditu.

Karla Krachat Alez Zitzman da. Hainbat estudioetan eta bere kontura lan egin dau diseinu grafiko, animazino eta ilustrazino lanak egiten. Bideo instalazinoak eta zuzeneko bideo lanak egin ditu hainbat tokietarako: Documenta /Kassel, Alemania; Caixa Forum/ Palma de Mallorca; Fabbrica Europa Festival/ Florencia, Italia; Mercat des Flors/ Barcelona; Mousonturm/ Frankfurt, Alemania; Festival Loop/ Barcelona, etab.

Liburu aurkezpenen artean, Gorka velascok Gaur egungo BeHIak. Hezkuntzaz hausnartzen liburua aurkeztuko dau, egilearen hirugarren lana. Komikiaren berbakerea aprobetxauta zuri baltzezko marrazki xumeak aho biko esaldiakaz buztartzen ditu. Egileak institutuek erantsia daroen BHI akronimoa, BeHIa ahoskatzera eroaten gaitu eta hortik sortzen dau gure buruan esaldien esanahi barria.

Gorka Velasco marrazketaren profesionala, plastika eta marrazketa irakaslea da ogibidez, eta artista zein komikigile lanbidez (baina arlo bietan merkatutik kanpo).

Bertaratuko direla baieztatu daben parte-hartzaileen zerrendea honakoa da: Estudiosos del tema, Ultrarradio ediciones, Jerseys para los monos, Nopromodel Skate Fotografía, New papers, Banizu Nizuke, Gorka Velasco (ABK), Rumble, Oficina de hechos, Belleza infinita, Zócalo, Pernan Goñi, Ojo de pez, EL KARMA, Iker Garai, AUX magazine eta Miss and Mister AA.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu