BAD-ek, jantza garaikideko Seydou Boro konpainia afrikarraren 'Le tango du cheval' lanaren estadu mailako estreinaldia jasoko dau

Bizkaie! 2011-10-28 16:35   Kulturea

Seydou Boro, jantza garaikideko nazinoarteko zirkuituan ospe gehien dauen koreografoetakoak, emonaldi bakarra eskainiko dau, zemendiaren 1ean (19:30ean), Campos Antzokian, Espainian egingo dauen bireagaz jarraitu aurretik.

BAD, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak Institutu Frantsesaren laguntzino berezia izan dau aurten, Seydou Boro jantza garaikide afrikar konpainia entzutetsua bere programazinoan izateko. Konpainiak Le tango du cheval (Zaldiaren tangoa) ikuskizuna eskainiko dau Bilbon, Estadu osoan lehenengo aldiz. Seydou Boro, jantza garaikideko nazinoarteko zirkuituan ospe gehien dauen koreografoetakoak, emonaldi bakarra eskainiko dau, zemendiaren 1ean (19:30ean), Campos Antzokian, Espainian egingo dauen bireagaz jarraitu aurretik.

Ouagadougoun, Burkina Fasoko uriburuan, Salia Sanou eta Seydou Boro koreografoek ikastetxe bat zuzentzen dabe eta ikastetxe hori, gainera, euren konpainiaren eta Dialoges de corps jaialdiaren egoitzea da. Bertara, jantza garaikideko atzerriko konpainiak heltzen dira. Bi sortzaileak Frantzian ezagutu ziran, Montpellierreko Zentro Koreografikoan lanean ebilzala. Le tango du cheval euren azken lana da, zortzi jantzarik eta zuzenean joten daben zenbait musikarik hartzen dabe parte, eta zaldiak ditu inspirazino iturri.

Salia Sanou eta Seydou Boro estereotipo exotikoetatik eta folklorikoetatik kanpoko koreografo afrikarren belaunaldi barriko kideak dira. Sorkuntza lan barria bultzatzen dauen mobimentu horretako kide dira, diziplina anitzetako prestakuntzea dabelako eta euren ikuskizunetan jantzea antzerkiagaz, zinemeagaz eta zuzeneko musikeagaz buztartzeko daben interesa dabelako.

1993an, bi sortzaile horreek Mathilde Monnier ospetsuaren konpainian sartu ziran, eta horrek, koreografia adierazoteko era barrirako bidea erakutsi eutsen. Zabaldu jaken atetik hainbat kultura artistiko sartu eta gurutzatu ziran, eta horrek euren lehen ikuskizuna sortzeko aukerea emon eutsen. Ikuskizun horregaz Nazinoarteko Jantza Lehiaketako Sari Nazionala (Afrika Sorkuntzan) irabazi eben, eta beste zenbait pieza egin ahal zituen. 1997an, egoitza Burkina Fason eukan konpainia sortu eben, 2001ean Dialogues de Corps Jaialdia Ouagadougoun, eta 2006an Afrikako Garapen Koreografikorako Lehen Zentroa.

Urte horreetan zehar, Salia Sanou eta Seydou Boro, euren idazkera garaikide berezia nazinoarteko eszenaren panoraman ezartzeko gai izan dira, esanahiaz eta emozinoaz estetikaz baino ardura gehiago erakusten dauen jantza sortzailea. Hori guztia, Afrikan jantzarien prestakuntza profesionalean lan egiteari eta sorkuntza era barriei laguntzeari itxi barik.


Jantza israeldarra

BAD-en barruan, Estaduan lehen aldiz ikusiko dan beste jantza ikuskizun bat Arkadi Zaidesen Quiet izango da. Ikuskizun hori israeldarren eta palestinarren arteko gatazkan oinarritzen da. Israelen bizi dan Arkadi Zaides koreografo sobietarraren jantza ikuskizunaren Espainiako estreinaldia La Fundición aretoak jasoko dau (zemendiaren 5ean eta 6an). Sorkuntza prozesua interpreteen gizarte errealidadeetan eta prestakuntza artistikoan dagozan desbardintasunetan inspirau da. Intensidade horren erdian, gatazkan dagozan maila guztiak batzeko gai izango dan leku bat bilatzen da etenbarik, leku lasai bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu