Txillardegi politikari, hizkuntzalari eta idazlea joan jaku

Bizkaie! 2012-01-16 09:48   kulturbiz

Politikari, hizkuntzalari eta idazle donostiarra zapatu goizean hil zan. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi 1929an jaio zan, Antigua auzoan, eta azkenaldian osasunez makal ebilen. Ezker abertzaleak adierazo dauenez, urtarrilaren 29an omenaldia egingo deutse Kursaalen.

Politikari, hizkuntzalari eta idazle donostiarra zapatu goizean hil zan. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi 1929an jaio zan, Antigua auzoan, eta azkenaldian osasunez makal ebilen. Donostiako Errekalde auzoko beilategian izan zan hil kaperea zapatu eta domekean; ostean, errausketea egin eben. Ezker abertzaleak adierazo dauenez, urtarrilaren 29an omenaldia egingo deutse Kursaalen.

Makina bat lagun hurreratu ziran beilategira, tartean Andres Urrutia euskaltzaina, Jose Austin Arrieta, Joan Mari Irigoien eta Xabier Mendiguren Elizegi idazleak, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, Blanca Urgell Kultura sailburua eta Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga.

Txillardegi ez zan izan Jose Luis Alvarez Enparantzak erabilitako ezizen bakarra, Igara, Usako eta Larresoro be izan zituan. Hamaika aldizkaritan idatzi eban, bestea beste, Euskera, Euzko Gogoa, Egan, Zutik, Jakin, Eusko Lurra eta Herria agerkarietan. Branka aldizkariaren sortzailea izan zan, eta Bat soziolinguistika agerkariaren zuzendaria hainbat urtetan. 1957an Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu eban; euskal literaturan barrikuntza garrantzitsua izan zan, adituek euskal nobelagintza modernoaren abipuntutzat hartzen dabe.

ETAren sortzaileetakoa izan zan, Herri Batasunaren eta Aralarren sorreran be parte hartu eban. 2007an Aralar itxi, eta azkenengo urteetan berriro Batasunaren ingurura bueltau zan.

Txillardegik bere kontura ikasi eban euskeraz 19 urtegaz. 1959an ETAko zuzendaritzako kide bihurtu zan, kultura adarrean. Handik urte bira erbesteratu egin zan; Frantzian eta Suitzan bizi izan zan. Euskera batuaren sorreran indar handia izan eban, izan be Krutwig eta Mitxelenagaz batera, bultzatzaile handienetako izan zan. 1957tik euskaltzain urgazlea zan, eta Ahoskera Batzordeko kidea.

Liburu eta artikulu ugari kaleratu zituan Txillardegik. Nobelei jagokienez, Leturiaren egunkari ezkutua (1957, Euskaltzaindia), Elsa Scheelen (1969, Lur), Peru Leartzako (1960, Itxaropena), Haizeaz bestaldetik (1979), Exkixu (1988, Elkar), Putzu (1999, Elkar) eta Labartzari agur (2005, Elkar) plazaratu zituan; saikeran, besteak beste, Huntaz eta hartaz (1965, Goiztiri), Euskal gramatika (1978, UEU), Euskal kulturaren zapalketa 1956-1981 (1984, Elkar), Euskal Herria helburu (1994, Txalaparta), Lingua Navarrorum (1996, Orain) eta Euskararen aldeko borrokan (2004, Elkar).

Hizkuntzalaritza arloan be oparoa izan zan, ondoko lanak argitaratu zituan: Euskara batua zertan den (1974, Jakin), Oinarri bila (1977), Euskal Gramatika (1978, Ediciones Vascas), Euskal fonologia (1980), Euskal dialektologia (1983), Euskal azentuaz (1984, Elkar) eta Elebidun gizartearen azterketa matematikoa (1984, UEU). Liburu autobiografiko bat be atara eban, 1985ean, Gertakarien lekuko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu